‘Martxoak 8 emakume’ kalejiran Hurria-Saharako bi kideri omenaldia

Teresa Otamendi eta Itziar Gorostegi ama-alabak martxoaren 8ko kalejiran omenduko dituzte, hainbat emakumerekin batera. Hurria-Sahara elkarteko kide gisa elkartasunaren eremuan egin ohi duten lana eskertu nahi diete. Izendapenak, jarraitzeko indarra eman diela aitortu dute.

Elkarrizketa:

Nola hartu duzue izendapena?

Itziar Gorostegi: Sorpresa handia guretzat! Lantaldean jardun izan dugunez beti, ez gara oso eroso sentitu gu nabarmentzearekin. Baina elkarteko kideek egunotan merezia daukagula adierazi digute, ama izan delako hasiera-hasieratik Andoaingo taldearen motorra. Tira, sinesten hasi beharko dugu.  
Tere Otamendi: Pozik sentitzen gara, zergatik ez aitortu. Sahararen alde jarraitzeko indarra ematen digu izendapenak.  

Kalejirari eta egun bereziari nola egingo diozue aurre?
I.G.: Ez gara protagonismoaren zaleak, eta pixka bat arraro sentituko gara jendearen begiradapean. Urduritasuna momentukoa izango dela eta berehala pasako dela pentsatu nahi genuke.
T.O.: Nahiago genuke jendearen atzetik joan eta ez aurretik, baina saiatuko gara modurik duinenean betetzen guri dagokiguna.
  
Noiztik zabiltzate Saharari eta saharaurrei elkartasuna eskaintzen?
T.O.: Orain 15 bat urte ekin genion. Urtebete gutxiago daramagu umeak udan hartuaz. Hain zuzen, iaz izan zen haurrik hartu ez genuen urte bakarra. Atseden pixka bat eskatzen zigun gorputzak. 
Zein izaten dira Hurria-Sahararen eginkizunak urtean zehar?
I.G.: Ekimen zehatz batzuk: elikagaien bilketa, bertso saioa, haurren harrera udan... Aurtengoa, akaso, salbuespenekoa gertatu zaigu; uholdeak izan direla-eta diru bilketako kanpaina ere martxan jarri behar izan dugulako. 
Dena den, ia urte osoan gabiltza ikusten diren gauzetan eta ikusten ez direnetan. Dela ekitaldien antolaketa, direla Andoain eta Gipuzkoa mailako bilerak, urtez urte pilatzen doazen burokraziarekin loturiko kontuak... 

Zuek zenbat haur hartu dituzue etxean urte horietan?
I.G.: Lau haur, hiru familietakoak. Udak gurekin igaro izan dituen mutiko baten arreba Saharatik ateratzekoa da aurten, eta ilusioa daukagu guregana etor dadin. Garrantzia ematen diogu horri, batez ere familia berberarekin jarraitzeagatik.
Saharako herritarrekin aparteko harremana daukazue honezkero...
I.G.: Haur batek bi hilabete pasatzen ditu gurekin, baina urte osoko harremana izan ohi dugu bere familiarekin. Normala da telefonoz deitzea gauza txikiak eskatzeko: esate baterako, plater garbitzailea, txanpua, olioa... Oinarrizkoa behar dute, bizitza duina egiteko justu-justu baitaukate.  
T.O.: Baina arlo materialaren gainetik, giza harremana sortzen da hemengoen eta hangoen artean. Gu haiekin kezkatzen garen neurri berean edo gehiago kezkatzen dira haiek gurekin. 

Familikotzat dauzkazuela, alegia.
T.O.: Konplizitate berezia sortzen da gure artean! Azkenean haiek bizi duten justizia eza eta gizaki bezala egunerokotasunean sufritzen ari diren guztia zeure egitera irsten zara. Uholdeak jasan dituztenean ere, kezka bizian jarraitu ditugu hango albisteak.
Inoiz joan al zarete Saharara?
I.G.: Ni sei txandatan, ama lautan. Beti prest gaude bidaia egiteko eta lagunak bisitatzeko. Egunotan, ez dakizu zenbateko inbidia sentitzen ari garen Ana Carrere alkatea, Maider Lainez zinegotzia eta Ana Sanz teknikaria hara joan direlako.

Nola ikusten duzue Sahara herriaren etorkizuna?
T.O.: Iluna, oso iluna! Elkartasunaren aldetik murrizten ari zaie ACNURretik heldu ohi zaien laguntza; izan ere, munduan gero eta errefuxiatu gehiago baitago laguntzak banatzeko. Eta politikoki ere, nazioartean oso bazterrean daude. Gerraren alternatiba geratzen zaie, baina ez daude  horrekin oso konbentzituta. Maroko oso estatu armatua da, eta Saharako emakumeak, batez ere, ez daude prest beren seme-alabak frontean nola hiltzen diren ikusteko. Gu bezalako jendearen elkartasuna eta babesa jasotzen jarraituko dute, baina hori ez da nahikoa burujabe izateko. 

Etorkizun beltz horrek ez al dizue  aurrera segitzeko indarrik kentzen?
T.O.: Geureari eutsiko diogu. Hurria-Saharak jarraituko du urteroko ekitaldiak antolatzen, egiten dugunaren azalpenak ematen... Herritarrek ezagutzen dute gure taldearen dinamika eta badakite eskuzabaltasunez ematen duten hori sahararren eskutara iritsiko dela. 
Hori bai, aurtengo udari begira, Saharako haurrak hartuko dituzten familia hartzaileak falta zaizkigu. Herritarrak animatuko nituzke urrats hori ematera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!