Akordioa, hondakinen bilketa sistemaren inguruan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko mar. 4a, 01:00

Hilabetetan luzatu den prozesuari amaiera emanaz, joan zen otsailaren 19an hondakinen gaikako bilketa sistema finkatzeko akordioa sinatu zen Villabonako udaletxean.

Iban Agirre (EAJ-PNV) alkateak, Nora Urbizu (EH Bildu) eta Maria Luisa Arija (PSE-EE) zinegotziek hartu zuten parte akordioaren sinaduran eta bertan jakinarazi zuten hondakinak jasotzeko sistema berria bost edukiontzitan oinarrituko dela: 

 

1.- Papera eta kartoia (edukiontzi urdina).

2.- Beira (edukiontzi berdea).

3.- Plastikoak eta ontzi arinak (edukiontzi horia).

4.- Organikoa (edukiontzi marroia).

5.- Errefusa (edukiontzi grisa).

 

Asteko egun guztietan

Papera, beira eta plastikoen kasuan, libreki atera ahal izango dira hondakinak; edukiontziak asteko egun guztietan herritar guztientzat zabalik egongo baitira, hondakinak noiznahi utzi ahal izateko. Organikoa eta errefusari dagokionez, berriz, neurri ertaineko ‘txip’ bidezko edukiontziak jarriko dira (2.200 litro) eta asteko egun guztietan herritar orok atera ahal izango ditu haietara hondakinak. Bost edukiontzien sistemaren bidez, %70eko gaikako bilketara iristeko konpromisoa hartu dute Udal ordezkariek. Sistema berriaren erabilera eta garapena Udalbatza osoak diseinatu eta onartuko du, organo horretan Udaleko alderdi politiko guztiak ordezkatuta egongo direlarik.

Merkatari eta kolektibo berezien kasuan, haiekin adostutako eskeman oinarrituta, kartoia astean bitan eta errefusa astean behin atera ahal izango dute, horretarako finkatutako tokietara. Bestalde, konpostaje kolektiboaren sistema mantendu egingo da aurrera begira ere.

 

Epe laburrean abian

Otsailaren 29ko osoko bilkuran, hiri hondakin solidoen gaikako bilketari dagokion behin betiko sistema finkatzeko akordioa berretsi ondoren, sistema berria hiru hilabete barru abian jartzea aurreikusten dute Udal ordezkariek. 

Hondakin organiko nahiz errefusaren kopurua neurtzeko neurri gisa, ‘txip’a jarriko da edukiontzi marroi nahiz grisetan eta herritarrei txartel bana emango zaie, haren bidez, organikoaren nahiz errefusaren edukiontzia nahi dutenean zabaltzeko aukera izan dezaten. Akordioa sinatu ondoren, gainerako xehetasunak epe laburrean adostuko dituztela jakinarazi dute; besteak beste, edukiontzien kokagunea.

 

“Harro egon gaitezke”

Iban Agirre alkateak, poztasun bikoitza adierazi zuen prentsaurrekoan, sinatutako akordioaren inguruan: “batetik, Amasa-Villabonan hiri hondakinen gaikako bilketa sistema ona edukiko dugulako; eta bestetik, hau bezalako gai sentikor batean, legealdi honekin batera hasi nuen elkarrizketa bideak bere fruitua eman duelako kontsentsu eta akordio moduan”. Hondakin bilketa sistema egoki, eraginkor eta ingurumena errespetatuko duena izatea ezinbestekotzat jo zuen eta baita azken urteetan gaiaren inguruko enfrentamendu politiko eta soziala gainditzea ere. “Abiapuntu oso ezberdinetatik gentozen, aspektu askotan antagonikoak, eta hala ere, akordio instituzional garrantzitsu bat lortu dugu. Gaur denok harro egon gaitezke”. Akordio honek denboran zehar irauteko bokazioa duela azpimarratu zuen. “Gauza ez da 2016-2019 arteko legealdirako sistema bat ezartzea; hainbat legealditarako eta paktu politiko ezberdinen gainetik geratuko den zerbitzua martxan jartzea baizik”.

[Balorazioa osorik eta prentsaurrekoaren bideoa]

Herritarrak mintzo


{{IMG-34489}}

DORLETA ARAMBURU

“Emaitza onak jasotzeko esperantza dut”

 

Zer iruditu zaizu Villabonako Udala zabor sistema bilketaren inguruan akordio batera iritsi dela jakitea?

Edozein gaitan oso ondo iruditzen zait akordioak lortzea eta baita zaborren gaian ere. Irtenbide onena adostasunera iristea izan da nire ustez, berriz gaiarekin bueltaka hasi beharrean.

 

Zein irakurketa egingo zenuke atez ateko sistemaz? Zer nolako esperientzia izan da zuretzat?

Erraz ohitu ginen atez ateko sistemara eta erosoa iruditu zait. Oso irakurketa ona egingo nuke, nahiz eta kanpora joan behar den kasuetan, zaborra ezin den behar bezala atera. Lastima, azken aldera bereziki, jende askok zaborra gaizki atera duela kaskargogorkeriagatik.

 

Zer diozu epe laburrean txertatuko den bosgarren edukiontziaren inguruan?

Aldaketa ere ona izango dela espero dut. Ea herritarrek ondo erantzuten duten. Helburua ondo birziklatzea  da eta guztion esku dago hori. 

Pena da dagoeneko sistema bat ezartzeko egin zen gastua berriz ere egin beharra, baina emaitza onak jasotzen jarraitzeko esperantza dut.


{{IMG-34490}}

MAPI UGALDE

“Zaborra ondo bereiztea norberaren ardura da”

 

Zer iruditu zaizu Villabonako Udala zabor sistema bilketaren inguruan akordio batera iritsi dela jakitea?

Pozgarria da adostasunera iritsi izana, baina pena eman dit sistema aldatzeak; oso emaitza onak lortzen baitziren ateaz atekoaren bidez. Oso ondo iruditzen zait Udalak %70era iristeko konpromisoa hartu izana. Emaitzak mantendu edo hobetu egin behar baitira eta ez hortik behera egin.
 

Zein irakurketa egingo zenuke atez ateko sistemaz? Zer nolako esperientzia izan da zuretzat?

Esperientzia ona izan da, erraz eta gustura egin dugu. Interes pixka bat jartzea besterik ez du eskatzen, zer nora bota eta zaborra noiz atera ikasi arte. Nik uste atez atekoak ohitura onak hartzen erakutsi digula, –baita umeei ere–, eta oso baliagarria izan dela kontzientzia sortzeko. Argi dago zaborra ondo bereizi eta ateratzea norberaren ardura dela, bakoitzaren esku dagoela.

 

Zer diozu epe laburrean txertatuko den bosgarren edukiontziaren inguruan?

Gauzak ondo egin nahi dituenak ondo egiten jarraituko du. Ez dakit sistemaren menpe dagoen hori. Nik uste sistema baino borondatea dela garrantzitsuagoa. Zaborra gure ardura da, beste gauza asko bezala, eta ahalik eta gutxien sortzen saiatu beharko genuke.

 

{{IMG-34491}}

MAITE PEGUERO

“Jendeak ondo birziklatzen jarrai dezan nahiko nuke”

 

Zer iruditu zaizu Villabonako Udala zabor sistema bilketaren inguruan akordio batera iritsi dela jakitea?

Ez nekien akordioaren berri. Atez atekoa sistema ona iruditu zait, etxean bereziki. Tabernan, hasieran, faltan bota nuen zaborra egunero ateratzeko ohitura, baina ohituta geunden dagoeneko.

 

Zein irakurketa egingo zenuke atez ateko sistemaz? Zer nolako esperientzia izan da zuretzat? 

Erraz egokitu nintzen. Beti birziklatu izan dudanez, atez atekoa ez da aldaketa handia izan niretzat, egun zehatzetan zabor zehatza ateratzera ohitzea bakarrik. Merezi izan du, ohitura onak hartu direlako.
 

Zer diozu epe laburrean txertatuko den bosgarren edukiontziaren inguruan?

Jendeak ondo birziklatzen jarrai dezan nahiko nuke, baina zalantza egiten dut edukiontziak jarritakoan, batzuk ez ote diren okertuko eta zaborra edozen unetan edo edozein ontzitan botatzen hasiko, eskurago daudelako.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!