“Udal korporazioari esker ona azaldu nahi diot”

Denis Itxaso Foru diputatuak 2016aren baitan Tabakaleran antzeko egitasmoa egingo dutela iragarri eta gero, kezka sortu da Andoaingo heziketa ikastetxean. Udalaren aldetik jasotako babesa eskertu nahi izan zuen plenoan bertan Iñaki Aizpuru Zubitur eskolako zuzendariak: 

"2015eko uztailean iritzi artikulu batean niretzat ikus-entzunezko ikastetxe batek nolakoa behar lukeen izan  adierazi nuen, jada martxan dagoenarekin koherente izanda.

Jende askok ez dakien arren, gure ikastetxean unibertsitate mailako ikasketak eskaintzen dira. Goi mailako graduko aitorpen ofiziala dauka; hain zuzen, unibertsitateko 120 kredituren parekoa, espezialitate bakoitzean. Hortaz, egin nahi diren planteamendu berriek, koherenteki jokatuko beharko lukete errealitate horrekin, mundu mailako ikastetxe guztiekin egiten den bezalaxe. Estatu mailan, Bartzelona eta Madrilgo ikastetxeen kasua litzateke, gurekin batera. Tabakaleraren inguruan atera den informazioa, nahasgarria dela iruditzen zait. Izan ere, unibertsitate mailakoa izango dela aipatzen bada, ez da ulertzen bi edo hiru hilabeteko kurtsoak aipatzea. Horiek gehiago ematen dute iraupen laburreko ikastaroak, eta ez masterrak edo antzekoak.

Halaber, ulergaitza da 400 metro karratuko egoitza bideratzea proiektu berri horrentzat. Ez baitu askorako ematen. Andoaingo ikastetxeak, esaterako, 3.000 metro karratu ditu, eta bertan kabitzen dira ikasteketa gelak, platoak, estudioak eta gainerakoak. Badirudi gauza hibrido bat egin nahi dutela Tabakaleran inguruan.
Eta azkenik, guri kontsultatu ez izanak, ezinegona eragin digula adierazi nahi dut, kontuan hartuta gaiak zuzen-zuzenean eragiten digula”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!