Oinordekotza lege berria, hitzaldia ostiral honetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko mar. 3a, 01:00

Interes handiko hitzaldia antolatu du Denda Berri jubilatuen elkarteak, euren egoitzan bertan. Ostiral honetan izango da, arratsaldeko 17:00etan hasita. 

Hitzaldia herritar guztiei irekita dago.
Iazko urriaren 3an hasita, Euskadin oinordekotzak eta testamentuak arautzen dituen Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko lege berria indarrean jarri da. Aldaketa esanguratsuekin, gainera. Onartu berri den lege berriarekin hildakoen alargunek eskubide gehiago izango dituzte. Seme-alaben kasuan, oinordekotzarik gabe uzteko ateak zabaldu dira. Aurrerantzean, esaterako, aiton-amonek ondasun guztiak biloba bakar baten eskuetan utz ditzakete. 
Aldaketa handiak ekarriko dituen lege berria da, eta gaur gaurkoz ezezagutza handi samarra da. Zalantza horiek guztiak argitzen saiatuko da Arantxa Intxausti abokatua. Aiurriri adierazi dioenez, “aldaketa garrantzitsua da. Entzun izan dugu, testamentuen kasuan, nafarren araudia askoz irekiagoa dela. Bada, Euskadiko lege berria nafartarrenari nabarmen gerturatu zaio. Aldaketa handia dator hil osteko ondasunen banaketan. Alargunek, esaterako, eskubideei dagokionez pisu handiagoa izango dute”.
Intxaustik hitzaldi arina eskaintzeko ahalegina egingo duela aitortu du, legedia ahalik eta modu didaktikoenean azalduz. Bere hitzaldietan egin ohi duen bezala, hizketan ari den bitartean entzuleek galderak eta zalantzak egin ahal izango dituzte.

INTERES ETA GARRANTZIA
HANDIKO GAIA
Euskal Zuzenbide Zibileko Lege berria indarrean sartu berri den honetan, martxoaren 2an “XXI mendeko Euskal Zuzenbide Zibila: Oinordetza praktika eta 5/2015 Legea, Euskal Zuzenbide Zibilari buruzkoa, Gipuzkoan” izeneko jardunaldia izan zen Gipuzkoako Foru Aldundian, Eusko Legebiltzarrak eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak antolatua.
Imanol Lasa Aldundiko bozeramaileak jardunaldiaren garrantzia azpimarratu zuen:  “Oinordetza eremua nabarmen aldatu da, eta interesgarria da marko juridiko berri hori aztertzea, lurraldeko legelariek erantzun egokia eman ahal izan diezaieten  herritarren artean, oinordetza eta testamentuen arloan nagusiki, sortzen ari diren premia, zalantza eta kontsulta berriei”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!