Emakumea korrikalari ekimena

Emakumeak kirolera gerturatu eta martxan jartzeko ekimena abian da Andoainen.
Zenbait aste daramate dagoeneko korrika saioak egiten, Izaskun Jauregiren gidaritzapean. 

Andoaingo Udalaren ekimenez jarri dute martxan ‘Emakumea korrikalari’ egitasmoa. “Berdintasunerako bidean, emakumea kirolera gerturatzeko helburua duen ekimena da. Hogeita hemeretzi emakumek eman du izena, beraz, argi dago premia edo interesa bazegoela. Oso gustura gaude jasotako erantzunarekin; hasiera polita eman diogu ekimenari”, azaldu du ekimeneko arduraduna den Izaskun Jauregik.

Talde ezberdinetan banatuta egiten dituzte saioak, “izan ere, gerturatu zitzaizkigun emakumeen artean, batzuek urte asko zeramaten batere kirolik egin gabe, eta beste batzuek berriz bazuten jardueraren bat egiteko ohitura; zumba, aerobik... Batere kirolik egiten ez zuten horiekin poliki-poliki hasi gara; beroketak egin, oinez ibili, korrika saio txikiekin hasi... Pixkanaka erritmoa hartu eta gorputza mugitzen hastea da helburua. Aurrez kirol pixka bat egiten zuten horiekin, ordea, polikiago joanaraztea izaten da erronkarik handiena”. 

Lehia alde batera utzita, gorputza martxan jartzea da egitasmoaren helbururik nagusiena. “Lehendabiziko saioak amaituta, jendea bere kasara korrika egitera animatzen hasi da. Zenbait aholku ematen diet lesioak saihestu eta kirolean eroso aritu daitezen, eta gogotsu ekin dio askok”, azaldu du Izaskunek irribarretsu. 

 

Taldearen babesean

Maiatzera arte luzatuko da ‘Emakumea korrikalari’ ekimena. “Etorkizunari begira, aztertu egin beharko dugu egitasmoari jarraipena emateko zer nolako interesa dagoen. Emakume korrikalariz osatutako taldetxoa sortzeko aukera ere ez dugu baztertzen”.

Emakumeak kirolean duen paperaren inguruan, garbi hitz egin du Izaskunek: “Argi dago pauso handiak eman ditugula, eta geroz eta emakume gehiago dabilela kirol ezberdinetan. Hala ere, oraindik ere badago zer hobeturik. Korrika egiteko garaian, esaterako, emakume askok aipatzen du korrika egiteko gogoa baduela, baina atzera egiten duela bakarrik atera beharko lukeelako. Gizonezkoen kasuan ez da horrelakorik gertatzen”. Taldearen babesean egiten dute korrika ekimen honi esker.

Bi aukera ezberdin eskaintzen ditu egitasmoak: Astean behin egiten dute saioa batzuk, astean bitan beste batzuk, beharren eta gogoaren arabera. “Taldeen barnean ere azpitalde txikiak sortzen joan dira, bakoitzari ondoen egokitzen zaion erritmoa bilatuz”, adierazi du. 


{{IMG-34503}}

Andoainen barrena

Negu bizian jarri dute martxan kirol-ekimena, eta eguraldiaren arabera antolatzen dituzten saioak. “Allurralde kiroldegiaren inguruan egin ditugu lehen korrika saioak. Udaberri aldera, eguraldia lagun denean, herrian barrena ibiltzeko asmoa dugu. Andoainek aukera asko eta oso politak eskaintzen ditu korrika egiteko eta horiek baliatuko ditugu. Leitzaran aldera joateko asmoa badugu, esaterako”. 

35 urtetik gorako emakumeei zuzendutako ekimena da honakoa. “Berrogeita hamazazpi urte ditu gerturatu zaigun emakumerik helduenak, eta hogeita hamabi gazteenak. Taldea homogeneo xamarra izatea nahi genuen, eta horregatik jarri genuen adin muga hori. Ez baitira berdinak hogei urteko neska gazte baten premiak eta gaitasunak edota emakume helduagoenak”. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!