Larraitz Oñederra, udaletxeko administraria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko mar. 3a, 11:23

Adunako udaletxeko leihatilara gerturatzean Larraitz Oñederra Ondarrak egiten du harrera. Zazpi urte darama administrari eta harrera lanetan.
 

Administrari lanetan zabiltza Adunako Udalean. Zeintzuk dira zure ardura nagusiak?

Oso udaletxe bizia da Adunakoa, eta denetarik egitea egokitzen zaigu. Udaletxera etortzen den jendeari harrera egiten diot, baita telefonoz deitzen dutenei ere. Horrez gain, administrari lanak egiten ditut; nominak, zerga bilketa, biztanleen errolda, fakturen erregistroa, sarrera eta irteeren erregistroa eta egunerokotasunean sortzen den beste hainbat lan egiten dut. Bi administrari eta idazkaria aritzen gara bulegoan, eta denentzako adina lan osatzen da hemen. Horrenbeste lan ezberdin egiten ditudanez, denetatik pixka bat ikasteko aukera izan dut. 

 

Noiztik ari zara lan honetan?

Zazpi urte inguru daramat dagoeneko. Aurreko administrariak, Pepik, laneko baja hartu zuen, eta haren lana betetzeko hartu ninduten, sei hilabeterako. Baja hura luzatu egin zen ordea, eta bertan jarraitu nuen. Pepi jubilatu zenean, Udaleko administrari postua betetzeko deialdia egin zuten. Lanpostua lortu zuen pertsonak beste udaletxe bateko oposaketan ere lanpostua atera zuen, lan berri hura hautatu zuen Adunakoa utzita. Horregatik nago ni hemen.

 

Zazpi urte hauetan, nabaritu al duzu aldaketarik herrian eta zure lanean?

Zalantzarik gabe. Iritsi nintzenean, etxe berriak amaitzen ari ziren. Biztanle kopuruak gora egin zuen eta haur asko jaio zen urte gutxian. Esaterako, 2000 urtean 328 biztanle zituen Adunak eta egun, 470 ditu. Gainera, Aduna herri txikia izanda ere, industrigune handia du, eta horrek lana ekartzen du udaletxera; eskaera gehiagori eman behar zaio erantzuna, mantenu lan gehiago ere egin behar da, zaborraren errezibo gehiago kobratu behar da... 

Adibide gisa, auto-salerosketan aritzen den lantegi bat herrian edukitzeak, lan mugimendu handia sortzen du udaletxean, saldu edo erosten duen auto bakoitzaren dokumentazioa iristen baitzaigu hona, zirkulazio tasa dela eta. 

 

Herritarrekin harreman zuzena izatea egokitzen zaizu. Zer nolakoa da harreman hori?

Oso ona. Jendea oso jator etortzen da. Tarteka egokitzen zaigu haserre datorren norbaiten kexak entzutea ere, baina modu onean etortzen da jende gehiena. Ni ez naiz adunarra izatez, eta pixkanaka joan naiz herritarrak ezagutzen. Gehientsuenen berri badudala esango nuke. Lan honek asko lagundu dit bide hori egiten.

Udaletxe handiekin alderatuta, hemen ez da jende mugimendu handiegirik izaten, baina adunarrek badute udaletxera etortzeko ohitura. Goizean goiz etortzen dira batzuk, lanera joan aurretik. Eguerdiko tartean, berriz, gurasoak gerturatzen zaizkigu batik bat, umeak eskolan utzi berritan. Herri txikia izanik, lan orduetatik kanpo  noizbait zerbait galdetu izan didate, baina ez da oso ohikoa. Normalean errespetatzen naute. 

 

Adunarra ez zarela aipatu duzu, baina Adunan bizi zara orain. Zer moduz moldatu zara bertako bizimodura?

Oso ondo. Lehen ia erabat trenez edota autobusez ibiltzen ohituta nengoen, eta hemen autoa erabili behar izaten dut gehiago. Horrez gain, dendarik ez dago herrian eta horrek zenbait ohitura aldatzera eraman nau. Desabantaila txiki horiek alde batera utzita, herri txiki batean bizitzeak abantaila handiak dituela iruditzen zait. Herri lasaia da eta oso gustura bizi naiz hemen. 

 

Bitxikeriarik gertatu al zaizu lanean daramatzazun urte hauetan?

Gerturatzen den jendeari ahal den guztian laguntzen saiatzen gara eta batzuetan, gure ardura ez diren lantxoak ere egiten ditugu. Esaterako, Nortasun Agiria berritzeko txanda hartu izan diot adineko adunarren bati eta baita banketxeko tramiteren bat egiten lagundu ere. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!