Andoaingo kaleak emakumeek hartuko dituzte martxoaren 5ean

Itzalean lanean aritu diren 8 emakume andoaindarren izerdi eta esfortzua kaleratuko dute “Pausoz pauso” kalejira morean. Goizeko 12:00etan hasiko da, Bastero aurrean.

2012an herritarren bultzadaz hasitako ekimena gero eta indar handiagoa hartzen ari da eta horren erakusle da aurten 70 proposamenetik gora jaso izana. “Horrelako izendapenak egiten ditugunean espero dugu punta-puntako jendearen izena agertuko dela; baina ez da hori ekitaldi honen helburua, lan isila egin duten hainbat emakume anonimoren lana ezagutaraztea baizik”, azaldu zuen Jone Larrañagak Basteron egindako aurkezpen ekitaldian. 

Asko dira isilean lan egin duten eta goraipatzea merezi duten emakumeak, baina horietatik guztietatik batzuk soilik izango dute kalejiran lekukoa eramateko aukera. Betiko legez, zortzi izango dira aurtengo omenduak:

 

Milagros Sorarrain 

Baserrian eta azokan egindako lanagatik izan da hautatua Upalategi baserriko Milagros. 78 urterekin, 52 urte beteko ditu hutsik egin gabe azokara joaten. “Egun, asteartetik larunbatera joaten naiz; oso gustura.  Langileetan zaharrena naiz”. 

 

Carmina Dominguez 

Egunkari saltzaile ezagun bat bada herrian, hori Carmina da. 13 urterekin lanean hasi zen egunkaria herri osoan banatzen, telazko poltsa batekin. Ilusioa egin diola aitortu du.

 

Marga Oiartzun 

Margaren lana argitara atera nahi dute, etengabe aritu delako artistaren itzalean lanean; eta izenak “Arreseygorren tailerra” izan ordez, “Eduardoren eta Margaren tailerra” izan beharko lukeelako. 

 

Beatriz García

Herriko futbol jokalari esanguratsuenetakoa da; Añorgan, Gipuzkoako eta Euskadiko selekzioan, eta Espainiako selekzioan jokatua. “Emakumeen presentzia kirolean handiagoa da gaur egun, baina oraindik badago lana egiteko”.

 

Neide Garmendia eta Kristina Rodriguez

Frontoia betidanik gizonezkoen esparrua izan bada ere, Andoainen neska ugari batzen da palan jokatzeko gogoz. Adin guztietako 25-30 emakume inguru elkartzen dira, eta horien ordezkari dira Neide eta Kristina. 

 

Ixiar Arin

Itzalpean, legez kontra, gau eskolan… Euskararen irakaskuntzan egindako ahaleginagatik izendatu dute Ixiar. “Euskarak oso mundu txikia zeukan, baina tinko eta gogor egin genuen euskararen alde”.

 

Tere Otamendi eta Itziar Gorostegi 

Hurria Saharako kide dira ama-alabak. Urtean zehar, herrira haurrak ekartzeaz gain, janaria biltzeaz eta bidaltzeaz arduratzen dira. “Aipamen hau taldeko emakume guztioi dagokigu, taldeko lana egiten baitugu”. 

 

Juanita Ikutza

Betidanik emandako laguntza lanbide bihurtu eta erizain bezala aritu da Andoainen. “Caritasen, Andoaingo Guduan josten…, gustura eta gozatuz ematen dut laguntza. Ez da inolako esfortzua niretzat”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!