“Espainiar gobernuaren aitortza lortu nahiko nuke”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko mar. 3a, 11:07

Maribi Arregi zizurkildarrak, torturen ondorioz hil zen Joxe anaiaren heriotzaren 35. urteurrena igaro berritan, espainiar estatuaren errekonozimedua falta zaiola aitortu du.

35 urte igaroagatik, ahazten al da sekula orduan bizitutakoa?

Ahaztu inoiz ez. Nahita ere, hori ez da sekula ahazten. Nola bada? Anaiarekin egin zutena barruan eramango dugu beti. Nik behintzat barruan daramat eta badakit gainerako senideek ere hala daramatela.

Oso egun gogorrak izan ziren. Sufrimendu handia izan zen guretzat. Gerora, bere argazkiak ikusita, oraindik eta handiagoa. Izugarriak pasa zituen. Kanpokoentzat ere bai, baina etxekoentzat min handia da hori.

 

Torturaren kasu larri eta ezagunenetakoa bihurtu zen zuen anaiarena…

Kasu gehiago ere badaude. Gurea hil egin zen bezala, torturak jasan eta bizirik atera direnen kasu asko dago. Gurea oso garbi geratu zen, baina ez zen tortura kasu bakarra izan eta zoritxarrez, oraindik bukatuko ez dela pentsatzen dut. 

 

Torturen arrasto garbiak erakusten zituzten hilotzaren argazki gogor haiengatik egin zen bereziki ezaguna anaiaren kasua. Historia luzea dute argazki haiek…

Guk Madrilen ateratako argazkiak zirela pentsatu genuen beti, baina gertuago atera zituzten: Zizurkilgo hilerrian bertan. Eta egia esan, atera izan ez balituzte, sekula ez genukeen benetan zer gertatu zen jakingo, zer egin zituzten bere gorputzarekin. Argazki haiei esker ikusi zen gertatu zena. 

Gorpua lurrazpitik atera eta argazkiak egitea pentsatu zutenek izugarri jokatu zuten, baina barrutik atera zitzaien, egin beharra sentitu zuten. Urteak geroago jakin genuen familiako kideok ere gertaera horren berri eta, esan zidatenean, ezin nuen sinetsi. Haiei esker azaldu zen egia. 

Hilkutxa prezintatuta ekarri zuten Zizurkilera, ez irekitzeko ordenarekin. Baina plazan ireki egin zen eta aurpegian zituen markak agerikoak baziren ere, ez ziren gorputzekoak ikusten. Gerora ezagutu genituen, argazki haiei esker.

 

Carabanchelgo ospitalera ekarri zutenean bertan zeuden hiru kidek idatzitako deklarazioa ere ezaguna da…

Deklarazio gogorra da, Joxeren azken momentuak biltzen dituena. Zein egoeratan ekarri zuten ikusi eta kontatu egin zuten.

 

Nola oroitzen duzu anaia?

Mutil gozoa zen, lagun asko zuena. Laguntzeko prest egoten zen beti. Serioa, baina aldi berean lagunartekoa zen oso. Txistosoa, bertsozalea, mendizalea… Denak zituen. Amari maitasun handia zion txiki-txikitatik. Zazpi anai-arreba ginen. Anaia eta ahizpa zaharragoen ondotik, ni hirugarrena naiz eta Joxe nire hurrengoa zen. Geroztik bi mutil eta neska etorri ziren. Oso gogorra izan zen Joxeren galera familia guztiarentzat, zer esanik ez amarentzat. Beste sei edukiagatik, gainditu ezina da ama batentzat seme baten galera eta are gehiago, egoera horretan gertatua. 

{{IMG-34495}}

Sona handiko kasua izan arren, orain gutxi arte ez duzue kasu haren inguruko dokumentazio edo txostenik ezagutu…

Paco Etxeberriari esker anaiaren kasuari buruzko dokumentazio ugari lortu dugu. Gogorra da, baina hori guztia irakurrita nondik pasa zen, zer egin zizkioten eta zein jende gogorrarekin topo egin zuen ikus daiteke. Ezin sinets daiteke hura guztia. Minaz gain, dokumentazioa eskuratzeak lasaitasuna ematen du. Guk eta gure belaunaldikook badakigu gutxi gora-behera zer gertatu zen, baina gure ondorengoei begira ere hor geratuko baita.

Dudarik gabe, pertsonak gogorra izan behar du gauza horiek egiteko. Joxe 73tik gora poliziek torturatu zuten. Haietako bat, –bat baino ez, ez da asko eskatzea–, ezin al daiteke damutu eta familiari barkamena eskatu? Ez zen pertsona batek edo hiruk egindako gauza izan. 73 pertsona asko dira. Haietako bost auziperatu bazituzten ere, aske geratu ziren. Zigorrik gabe libratu ziren. Gainera, kondekoratuak izan ziren haietako batzuk gerora.

 

Orain gutxi, Legebiltzarrean EAJ-PNV, EH Bildu eta PSE-EEk adierazpena adostu dute tortura kasuak egon zirela eta estatuak beti ondo jokatu ez zuela onartzen duena. Zer diozu?

Bada zerbait. Orain artean ez da inolako pausorik eman eta aurrerapauso moduan ikusten dut. Urte asko igaro dira inolako erantzunik gabe. Isiltasun handia egon da, inork ezertxo ere mugitu gabe. Argitasun pixka bat sortzen hasi da orain. 

 

Eusko Jaurlaritzako Bakea eta Bizikidetza sailak joan zen irailean egindako Memoriaren Erretratuan, biktima moduan onartu zuen zuen anaia. Zein sentipen sortu dizue aitortza horrek? 

Aurrerapausoa da, hainbeste urtean ez baita halakorik izan. Euskal Herrian bidean goaz eta lortuko da egunen batean, baina aurrera begira espainiar gobernuaren errekonozimendua lortu nahiko nuke. Horixe da nire borroka bakarra. Garbi dago Joxe torturen ondorioz hil zela eta Espainiako gobernuak hori aitortzea nahiko nuke. Zigorra eskatzea alferrikakoa da, orain arte izan ez bada ez baita dagoeneko izango. Niri errekonozimendua falta zait, ez dut besterik eskatzen. Oso zaila izango da, baina akaso egunen batean… Itxaropena ez omen da sekula galdu behar…

 

Gertuko pertsona bat modu horretan galtzearen mina arintzen laguntzen al du beste biktima batzuen egoera ezagutzeak?

Ez dut uste. Familiekiko elkartasunak laguntzen du, baina gureak pasa zuena beste batek pasatzea inolaz ere ezin liteke gure mina arintzeko laguntza izan. Alderantziz, beste batek hori pasatzea penagarriagoa da; horrek, tortura oraindik ere bukatu ez dela esan nahi baitu. Besteen minak ezin du lasaiturik eman, baina lagungarria da halako kasuak bizitu dituzten pertsonen artean sortzen den elkarlaguntza.

 

Zein iritzi duzu ideologia ezberdinetako biktimen sufrimenduak bateratzeko prozesuez? 

Nik uste biktima batzuk oso berekoiak direla, sufrimendua eurena bakarra izan dela sentitzen baitute. Beste aldeko biktimen sufrimendurik ez dute ikusi edota onartzen. Hor lan handia dago egiteko, bi aldeetan izan baita mina.

 

Urte batzuetara halako gertaerak iraganekoak ikusiko ote dira? Nola irudikatzen duzu etorkizuna?

Denborak esango du, baina ez zait iruditzen urteak hain azkar pasako direnik. Ez da biharko gauza izango. Etorkizunari begira, alde bateko eta besteko biktimak onartzea nahiko nuke. Bi aldeek pausoak emanez gero, gauzak ezberdin ikusiko liratekeela uste dut.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!