Lorratzak taldearen “Oinutsik” diskoa, barren barrenetik

“Horrela laburbil daiteke zortzi kantuz osatutako gure lehendabiziko diska. Musika baino gehiago biltzen duen kartoizko kaxa bat kaleratu baitugu; gure oroitzapenen kutxa”.

Kronika

Maddi Etxeberria (biolina), Malen Otxoa (kitarra) eta Rebeca Gestoso eta Garazi Jauregi (ahotsak) musikari gazteek osatzen dute Lorratzak musika taldea. Grabazioan hasi eta diskoaren aurkezpeneraino luzatzen den prozesuaz lehen pertsonan idatzi dute, Aiurri aldizkariarentzat:
 

Urriak 10

Gau mugitua. Askotan esnatu eta urduritasunak loak hartzen utzi gabeko gaua. Luzea, besteen aldean. Halako batean, iratzargailua. Goiz da oraindik, eta ilun dago. Kalean, farolek piztuta darraite. Gu, ordea, inoiz baino esnago gaude; iritsi da eguna. Zortzietarako Andoainen gaude, zita egina dugun tokian. Hotz egiten du kalean, baina gure urduritasunak, inoiz baino beroago gauzka. Bagoaz!

Urrun, ia abstraktu ikusten genuen hasiera emango diogun proiektu hau. Amoroto baino askozaz urrunago. Ametsa zen errealitatea baino gehiago. Baina behin batek esan zuen moduan, errealitatea eta ametsa, askotan, elkarrekin bizi dira, eskutik helduta.

Iritsi gara Amorotora hitz asko trukatu ostean, hitz interesgarri asko. Bertan ez dugu denborarik galdu, eta segituan ekin diogu lanari. Hasierako urduritasuna berehala joan da, ordea. Izan ere, etxean bezala sentiarazi gaitu Jotak; etxeko zapatilak ere jantzi ditugu gutako batzuk! Kar kar! Goiza bizkor joan da, intentsua, bizkorra, arraroa, musikala. Iritsi da eguerdia. Break txiki bat, bazkaldu, eta arratsalde osoa lanean. Berandu bukatu dugu, 22.00k pasatxo. Gaur bukatu nahi genuen, eta lortu dugu! Etxera deiak: Eh, bukatuta dago grabazioa! Harridura, poza, eta nekea. Kotxean paseo bat ere bai, zergatik ez? Eguna aprobetxatu beharra dago! Berandu da, eta gaur oso goiz esnatu gara. Lo egin beharra daukagu bihar pertsona izan nahi badugu. Serieak, elkarrizketak... eta lotara.

 

Urriak 11

Jaiki ahala, bakoitzak bere eginbeharrak egin ditu; bat dutxara, bestea apunteak aurreratzera, beste batek etxera deitu. Denok gosaldu, eta Jotari eguneko planaren berri galdegin diogu. Arratsaldean behar gaitu, beraz, Lekeitiora jaistea erabaki dugu, goiz bazkaldu eta gero. Lan musikala eginda, diskoan jar ditzakegun argazkiak atera beharra dago! Lan azkarra izan da, arratsaldeko masterizazioan garaiz egon nahi baitugu. 

Argazkiak bukatu bezain laster, pare bat arazo teknikoren ostean (denak zorionez, konponduak), Musikortara itzuli gara. Arratsaldea ere intentsua, ipurdiko mina jartzeko modukoa. Gustura geratu gara lanarekin, eta argazki xelebre batzuk atera ostean, lana bukatua gelditu da. Afaria prestatu, eta giro gozoan, adar jotzeak tarteko, afaloste eder bat partekatu dugu. Ondoren, bakoitza berera; batek irakurri, besteak serie bat ikusi, ilea moztu...

 

Urriak 12

Astelehena da. Jai. Pilarika eguna. Eta gu, Amorotoko gain zoragarri batean esnatu gara. Joateko ordua da, ordea. Kotxea kargatu bitartean, promozio bideo bat grabatzeko aprobetxatu dugu; gu ez baikara denbora alferrik galtzen duten horietakoak! Bideoan ere, izan dugu Jotaren laguntza!

Itzulerako bidea ere, hitz asko trukatu ostean amaitu da, eta denok, pozik joan gara etxera, asteburu benetan produktibo baten oroitzapenarekin. Benetan esperientzia aberasgarria Musikortan bizitutakoa!
 

2015eko abendua

Elkarrizketa asko, entseguak, eta erabakia azkenean. Abenduaren 27a egun ona da gure diska BandCampen salgai jartzeko. Gabonetako egun horretan, inork ere ez du egitekorik izaten. Bazen ordua! 

Iritsi da hilaren 27a, eta gutako bakoitza bere bizitzaren bidean doan arren, gaur ere, badugu elkarren berri. Ilusio handiz elkar trukatzen ditugu hitzak disko bat saltzen dugun bakoitzean.

 

2016ko urtarrila

Dei bat, eta kaosa. Hilabete barru, diskoa aurkezteko aukera paregabea begien aurrean. Ezezkoa esan ezin zaion horietakoa; eta akuilua. Diskoaren diseinuari ekin diogu, buru-belarri. Prestaketak egin ditugu, aurrekontuak aztertu, eta diskoa zein enpresarekin kaleratuko dugun erabaki. Dena oso azkarra izan da, oso intentsua. Adjektibo gutxiegi daude hiztegietan gure zirrara deskribatu ahal izateko. 

 

2016ko ostegun gizena

Eh, Iruñeara noa! Mozorroek sortutako emozioaz gain, telefono dei batek asaldatu gaitu guztiz. Jadanik diskoak prest daude, gu bila noiz joango zain. Malenek, beste hiruron antzera, ezinegon handia sumatzen du, eta ez bat eta ez bi, autoa hartu eta Iruñeara joan da. Gauean bertan batzuk, eta biharamunean besteok, diska ikusteko aukera izan dugu. Diseinatu genuenean zoragarria bazirudien, eskuartean izatean, oraindik eta ederragoa da. Berri usaina, argazkien kalitatea, abestiak berriz entzutean burura ekarri dizkigun oroitzapenak... Ederregia da guztia; sinestezina! Hilabete batzuk atzera eginda ia ezinezko zirudien hori jada eskuartean dugu, eta imaginatzen genuen hura laztandu dezakegu.

 

2016ko otsailaren 16a

Gutako batzuk, egunak generamatzan urduri, ezinegonak gain hartuta. Zirrara berezia sentitzen genuen. Gure proeiktua, gure haurtxoa finean, jendeari aurkezteko eguna genuen. Arratsaldeko 16:30etan, elkartzea. Emozioak partekatu, hitz egin, kanta batzuk jo, elkarren arropa miretsi, azken aholkuak esan, hartu beharreko erabakiak hartu, azken makillaje apurrez aurpegia estali... Laurok urduri. Familia, lagunak... Jota grabazioaren arduraduna ere gerturatu da, izugarrizko sorpresa emanez!

Arratsaldeko zazpiak. Ordua da. Zortea emateko besarkada bat, elkarri animoak. Begiradak, irribarreak, eta bakoitza bere tokira. Hasi da!

Lokarri bat askatu... Publikoaren hotsa entzuten da urrunean. Beste lokarria desegin... Hotsak apaltzen doaz pixkanaka. Oin biluziak lurrean pausatu... Isiltasuna da nagusi. Hotza dago zorua, giroa berotzen duen jende piloa bere gainean duelarik. Denak geldirik daude, denak lau pertsona izan ezik. Laukote honek biluziak ditu oinak, baina ez du zoruaren hoztasuna nabaritzen urduritasunak eta zirrarak ez baitio uzten.

Eta momentu horretan, instant magiko hortan, oroitzapenetan atzera egin eta bidaia luze horren hasierara itzultzeko unea da, baina oraingo honetan helmugatik begiratuz. Aurrera egiten joan garen heinean aldatzen joan gara, gure ingurua aldatzen joan da eta horrela ikasi dugu, aldaketarik aldaketa. Bizi, hil eta berpiztu ere egin gara, bizhil. Proiektuak hasi ditugu, baita bukatu ere, hasiera berriei ateak irekiz, hamaika udaberri elkarrekin igaroz. Baina betiere haurren modura, gure lehendabiziko pausoak emanez, pauso txiki baina indartsuak, ziurrak. Ilusioz, urduritasunez, malkoz eta irribarrez betetako pausoak, oin biluziekin gauzatuak. Oinutsik.

Amaitu da kontzertua, izugarrizko arrakasta! Jende guztia gu zorionduz, firmak eskatuz, muxuak emanez... Inoiz baino gehiago disfrutatu dugu, eta inoiz baino maitatuago sentitu gara. Ederra izan da sentsazioa, nahiz eta kontzertuaren ostean, jendearekin nahi adina denbora ezin izan dugun igaro. Eskertuta gaude guztiz, esperientzia zoragarria izan da, eta jende zoragarria izan dugu bidelagun!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!