Tokian tokiko, garaian garaiko

Feminismoaren aldarria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko mar. 3a, 01:00

2013an sortu zuten Aizan taldea. Feminismoaren inguruko saioak egiten dituzte hilero. 

Noiz eta zergatik jarri zenuten martxan Aizan talde feminista? 2013an taldeari izena jarri eta lehendabiziko ekintzak egiten hasi ginen. Feminismoaren inguruko ikastaro ezberdinak eta muralak  egin genituen, esaterako. Pasa zen urtean ekin genion ekitaldi gehiago antolatzeari. Horrekin batera, aldarrikapen ezberdinak jasotzen dituzten pankartak jartzen hasi ginen Zizurkilen. Zeresan handia sortu dute pankarta horietako batzuk. Elbarrenako jaietan, esaterako, pankartaz bete genuen herria eta erantzun ezberdinak jaso genituen; tartean baita mingarri gertatu zitzaizkigun batzuk ere. Feminismoaren inguruan hitz egin eta gure ikuspegia azaltzeko herri bilera ere deitu genuen sortzen ari zen erreakzio hura guztia ikusita. Gustura geratu ginen jasotako erantzunarekin. 

 

Gertu dago Martxoaren 8. Nolako ikuspegia duzue ospakizunaren inguruan?

Aldarrikapenerako eguna da, baina gure ustez, urteko egun guztietan egin beharreko lana da aldarrikapenarena. Zenbait erakundek egun hori euren aurpegia garbitzeko erabiltzen dutela iruditzen zaigu, eta ez dutela gaia lantzen urtean zehar. Aizan taldeak bi ekitaldi antolatu ditu egunaren inguruan: martxoaren 11n elkarretaratzea egingo dugu 19:00etan Joxe Arregi plazan eta martxoaren 12an, berriz, ahalduntze tailerra Atxulondo kultur etxean. Horrez gain, jardunaldi ezberdinak antolatzen jarraituko dugu hilero. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!