Amasamendiren Antolaketa Plana, herriatarren ekarpenekin osatuko da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko mar. 2a, 01:00

2014 urtean Amasamendi mendiaren inguruan hasitako parte hartze prozesua aktibatzeko lehen bilera egin zen atzo Villabonako udaletxean. Amasamendiren Antolaketa Plana idatziko duen talde teknikoa aurkeztuz. Talde teknikoko kideez eta Udal ordezkariez gain, bertan izan ziren Amasamendi ezagutu eta erabiltzen duten taldeetako kide eta herritarrak ere:

Izan ere, mendiaren erabiltzaile eta interesa agertzen duten herritarrez osatutako lan talde paraleloa sortuko baita. Talde honen helburu nagusiak ondorengoak izango direlarik:

  • Amasamendiko Antolaketa Plana idazterakoan, mendiaren erabiltzaile guztien eta interesa agertzen duten gainontzeko herritarren ikuspegiak kontuan izango direla bermatzea.
  • Plana idatziko duen lan talde teknikoari Amasamendi mendiaren inguruko informazioa ematea, bakoitzaren ohiturak, egiteko moduak, ikuspegiak...
  • Plana idazten doazen bitarteko jarraipena egitea eta hobekuntzak proposatzea.
  • Behin Plana idatzita, Amasamendi mendiaren Antolaketa Plana gauzatzen dela ziurtatzea.

Hamar urteko epe-mugan osatuko da Amasamendiko Antolaketa Plana, lau ardatz izango dituena:

-Abeltzaintza eta larre kudeaketa berria.

-Basogintza.

-Turismoa, ondarea eta landa garapena.

-Ingurumena.

 

Herritarren ekarpenak ezinbesteko

Plana gauzatuko duen talde teknikoa, ‘ondarea, turismoa eta landa garapenaz’ arduratuko diren Jakoba Errekondo eta Asier Galdos agronomo eta paisajistek, ‘abeltzaintza’ landuko duten Neiker enpresako kideek eta ‘basogintza’ aztertzen ari den Andoaingo Eguzki-Ihintza ingurumen zerbitzuko kideek osatuko dute.

Talde teknikoa osatzen duten kideek, mendi hori bizi eta ezagutzen duen jendea aholkularitza taldean egotea oso garrantzitsua dela adierazi zuten, haien azalpen eta aholkuak Plana idazteko oso lagungarriak izango direlako. Izan ere, talde teknikoko kideek sekula Amasamendiri buruz herritarrek duten jakintzarik izango ez dutela aipatu zuen Jakoba Errekondok eta haien gogo nahiz ametsak zeintzuk diren jakitea ezinbestekoa dela plana idatzi ahal izateko.

Elkarbizitza errazteko momentua dela gogorarazi zuen Alaitz Bilbao teknikariak, taldekideen ekarpen guztiak jaso eta kontuan hartzekoa.

Hilean behin egingo dituzte bilerak eta atzokoan herritar batek proposatu bezala, teknikariekin batera, Amasamendin barrena txangoa egingo dute, kokalekuan bertan eta momentuan sor daitezkeen gai eta proposamenez hitz egiteko.

Atzokoan, planaren baitan lan daitezkeen ekimenen artean, besteak beste, ikastetxeak edota kiroldegia berotzeko Amasamendiko baliabideak erabiltzeko asmoa edota BTT proiektua aipatu ziren, mendi bizikleten ibilbideak lantzen ari diren lantaldeko kideak ere bertan zirelarik.

Teknikari eta Udal ordezkariez gain, Aizkardi mendi taldea, Amasamendi elkartea eta ehiztarien elkarteko ordezkariak bertaratu ziren bilerara. Aurrera begira, Amasamendi mendiaren erabileran interesa duten herritar guztientzat zabalik egongo dira deialdietan parte hartzeko ateak. Hortxe bakoitzaren proposamenak luzatzeko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!