Korrikalariak goizeko 10:30etan aterako dira Larraulgo plazatik eta 15,5 kilometroko ibilbidea egin beharko dute guztira; hots, Larrauldik abiatu, Zelatundik Ernio mendi tontorrera igo eta berriz ere Larraulgo plazan kokatuko den helmugara itzuli. Dagoeneko webgune bidez izena emateko epea amaituta dagoenez, probaren aurretik, egunean bertan Larraulgo plazan izango dute izena emateko azken aukera hala nahi dutenek, 15 euro ordainduta. Lehen edizio izan zen jendetsuena korrikalari kopuruari begiratuta. Ondorengoetan, ez du 100 korrikalariren muga gainditu, baina urtez urte oihartzuna hartzen ari den mendi lasterketa da Ernio mendi entzutetsura egiten dena.
Errekorra, eskualdeko korrikalariena
Aurtengo emaitzen zain, hauexek aurreko bost edizioetan Larraul-Ernio-Larraul lasterketan lehen postua eskuratu zuten korrikalariak. Eskualdeko herritarrek erdietsi dituzte orain arteko errekorrak, 2012an lortuak biak ere: Hassan Ait Chaou billabonatarrak eta Nerea Amilibia zizurkildarrak.
Gizonak
- 2015 Hassan Ait Chaou 1h 15’45’’
- 2014 Josu Goñi Murua 1 16’ 55’’
- 2013 Iban Letamendia 1 23’ 23’’
- 2012 Hassan Ait Chaou 1 09’ 51’’
- 2011 Oier Ariznabarreta 1 12’ 27’’
Emakumeak
- 2015 Onintza Mitxelena 1h 40’ 48’’
- 2014 Nerea Amilibia 1 36’ 08’’
- 2013 Aitziber Ibarbia 1 37’ 37’’
- 2012 Nerea Amilibia 1 28’ 07’’
- 2011 Nerea Amilibia 1 32’ 05’’
Dutxak, masajea eta hamaiketakoa
Proba amaitu ostean, lasterketan parte hartzen duten korrikalari guztiei zuzenduta, dutxa eta masaje zerbitzua eskainiko da Larraulgo Hezkide eskolan. Era berean, Katillu Txulo elkartearen eskutik indarrak berreskuratzeko aukera ere izango da; urtero legez, hamaiketakoa eskainiko dute.
Izen-ematea www.kirolprobak.com gunean egin daiteke.
Koro Fuentesi omenaldia
Lasterketari hasiera eman aurretik, urtero, itzal luzeko korrikalariren bat omentzen dute Larraulgo plazan. Aurtengoan, Iruñean jaio eta Donostian bizi den Koro Fuentesen txanda izango da. Anoeta S.D. klubeko koloreak defendatu eta Gabriel Gonzalezek entrenatu zuen lasterkari honek, Espainiako Indoor-eko 800 metroko froga irabazi zuen hiru txandatan: 1968, 1969 eta 1970 urteetan. Eskuratu zuen markarik onena: 2:06,8. Estatu mailako lehen emakumea izan zen junior mailako Europako txapelketara joateko gutxieneko marka lortzen.
Omenaldia jaso ondoren, Korok berak emango dio irteera Larraulgo lasterketari eta probaren amaieran, bera arduratuko da irabazleei sariak banatzeaz ere.
Omenduak, urtez urte
Orain arteko omendu guztiak eskualdekoak izan dira; atzoko eta gaurko izen handiak guztiak ere.
- 2011: Koldo Irazu
- 2012: Joxe Migel Irazu
- 2013: Joxe Migel Maiz
- 2014: Pello Garin
- 2015: Juan Mari Garin
- 2016: Koro Fuentes