Erraustegiaren kontrako martxa, arrakastatsua

Atzo goizean Zubietara egin zen erraustegiaren kontrako martxak erabateko arrakasta izan zuela adierazi dute martxaren deitzaileek eta hainbat ekimen berri iragarri ere bai: Erraustegiaren aurkako manifestazioa martxoaren 12an Andoainen eta ekitaldi 'eder bat' maiatzaren 29an.

Argazkiak eta kronika:

“Hainbat herritatik abiatutako zutabeak Letabidera (erraustegia eraiki nahi duten lekura) iritsi ziren. Bertan, batez beste 1.500 lagun bildu ziren. Menditik bueltan, berriz, Zubietako frontoian, 3.000 lagun ingururen aurrean ekitalditxoa egin zen. Joseba Tapia musikaria aurkezle zegoela, Asier Azpirotzek eta Ane Labakak bina bertso kantatu zituzten, agur moduan. Ondoren, Estitxu Eizagirre kazetariak martxaren atzean dagoen gogoeta-manifestua irakurri zuen. Teresa Lopez de Munain aktoreak, berriz, beste testu bat irakurri zuen, zeinean udalei, mankomunitateei eta agente guztiei errustegiarekin finantzatzen ez kolaboratzeko dei egiten zaien.

Ekitaldia, pankarta erraldoi baten inguruan bukatu zen, baina bukatu aurretik, Joseba Tapiak martxoaren 12an Andoainen erraustegiaren kontrako manifestazioa egingo dela gogoratu zuen. Halaber, maiatzaren 29ko data egutegian ondo gordetzeko gomendatu zuen. Izan ere, egun horri begira ekitaldi eder bat prestatzeko asmoa du Erraustegiaren kontrako Mugimenduak”.

Ekitaldiaren bukaeran irakurritako testuak:

Teresa Lopez de Munainek:

Medikuek ohartarazi digute berriki errauste planta batek dakartzan arriskuez. Errausketak minbizia izateko arriskua handitzea dakar gertu bizi diren herritarren artean.

Horrek bakarrik kendu beharko luke sistema hori agintari arduratsuen plangintzetatik. Baina, gainera, eta aurrekoa gutxi balitz ere, errausketa oso garestia da. Zubietako egitasmoak 300 milioi inguruko gastua dakar eta gastu hori denon artean ordaintzea nahi dute, birziklatzen dutenek eta ez dutenek, arduratsuek eta arduragabeek.

Eta guk diogu ezetz. Errausketa ez dela behar eta alboratu egin behar dela. Eta dei berezi bat egin nahi diegu hemendik udal, mankomunitate, alderdi eta eragile guztiei:

-       Ez dezatela kolaboratu ez finantzatu herritarrei minbizia eta sekulako zama ekonomikoa dakakieen errauste plantarekin.

-       Egin dezatela ahalegina bide alternatiboak bilatu eta martxan jartzeko. Izan badira, merkeagoak eta bideragarriagoak. Tokian tokian abian jar daitezkeenak eta lan postu publiko ugari sor ditzaketenak.

-       Horrekin batera, bistaratu dezatela ez dela errauste planta behar. Deba Goienak ez du behar, Usurbilek, Hernanik, Oiartzunek, Lezok, Villabonak, Astigarragak eta beste hamaika herrik ez dute errauste planta behar.

-       Ez dezatela dirua jarri beste batzuen apeta toxikoak asetzeko.

Justiziagatik eta arduragatik: errausketarik ez, birziklatzea bai.

 

Estitxu Eizagirrek:

Burua duenak ez du erraustegirik nahi bere herrian, eta bihotza duenak ez du beste inoren herrian nahi

Duela lau urte baino bizitza gehiago sortzen dugu gaur egun gipuzkoarrok.

Eguneroko ekintza txiki batek asko aldatu digu eguneroko bizitzaren ikuspegia eta munduari egiten diogun ekarpena.

Gauza bakoitza nora bota pentsatzen dugu egun, eta ekintza horrekin, kontziente egiten gara gure bizimoduaren hainbat ezaugarriz. Batez ere, janari kondarrak bereizten ditugunetik. Esaterako:

- Gauzen balioaz jabetzen gara, jada "erabili eta bota" ez baitira ekintza automatikoak, eta nora bota pentsatzen ari garela, burura etortzen zaizkigu beste galderak: Benetan botatzeko da edo beste ezertarako erabili genezake?

- Orain gehiago hautatzen ditugu materialak eta kopuruak. Ez dugu feng shui asko irakurri beharrik jabetzeko gustura eta eroso bizitzeko oztopo dela plastikozko hamaika zirtzilkeriaz inguratuta egotea.

- Eguneroko bizitzaren parte egin zaigu zimurtzea, desegitea, heriotza, lur usteltzea... leku egin diegu gure hizketa-gaietan, sukaldean, etxe aurreko lurrean.

- Kontziente egiten gaitu etxeko elikaduraz, organikoaren pertza gure ispilu ere bada-eta. Zenbat barazki eta fruta jaten ditugu? Zer txartzen zaigu gehienetan?

- Erosketak egiterakoan nahiago ditugu zorrorik gabekoak, gero etxean alferrikako lekua hartzen digute eta.

- Lortu da norberaren sukaldeko kontuak ziren gai hauek guztiak, egun herriko Ekonomia eta Politikaren gai zerrendetan garrantzitsuak izatea.

- Auzolanean jarri gaitu: janari kondarrak hartzen dizkiguten abeltzainekin, edo auzo-konpostako kideekin, edo orbela edo txirbila ekarri ohi digunarekin, luarra ongarri modura baliatuko duen baratzezainarekin...

- Eta zikloak bueltan ekartzen digu, esker oneko baita, munduan balio handiena duen gaia: luarra, lur ustela, lur gorotza, denik eta lurrik emankorrena, bizitzaren ernegarri.

Gipuzkoarron laurdena ari gara aurrera egiten DENOK (bai lurra eta bai pertsonok) hobeto biziko garela bermatuko digun bizi ereduan: Egunero ari gara frogatzen posible dela sortzen dugun hondakinen %80 gaika biltzea, eta organikoa ere bereizita bildu eta kudeatzea.

Eguneroko ekintza txiki hori kontsumitzeko eta bizitzeko modua eraldatzen ari zaigu eta Erraustegiaren mamuak jada ez digu beldurrik ematen. Begietara begiratzen diogu eta irribarrez esaten: ez duzu tokirik gure bizitzetan. Zertarako zara zu, Erraustegi? gure seme-alabei 350 milioiko zor publikoa lepoaren bueltan kateatzeko? Herritarron osasuna arriskuan jartzeko? Gehiago kontsumitzearen eta erabili orduko botatzearen kultura bultzatzeko? Mespretxatzen eta gorrotatzen dugun zaborra neurrigabe hazteko? Urruneko herrietako zaborra erosi eta kamioiez errepideak trabatzeko, labeek erregaia izan dezaten? Lurra bizitza lantzeko izan beharrean, espekulaziorako eta zementuaren negoziorako izan dadin? Zertarako zara zu, Erraustegi?

Bizitza aberasgarri bat eskuetan duenak ez dio mamuari beldurrik. Erraustegiaren bidea baino askoz bide emankorragoa da eguneroko ekintza txiki batekin lantzen ari garena, eta oraindik hasi besterik ez gara egin. Bidean aurrera egin nahi dugu:

- Urtero herritar bakoitzak sortzen dugun hondakin kopurua murrizten jarraitu nahi dugu. Elikagai osasuntsuak soilik eta munduak digeritu ditzakeen objektuak soilik etxeratu nahi ditugu.

- Bizitzaren zikloak kudeatzen burujabeak izan nahi dugu.

- Lurrarekin errespetuzkoa den guztion onerako ekonomia zirkularra sustatu nahi dugu.

- Auzolanari irekia dagoen kudeaketa publiko arduratsua eta gardena nahi dugu.

- Azken batean, bizitzeko behar ditugun elikagai eta objektuetatik lur bizia sortzen jarraitu nahi dugu, eta ez ditugu gure osasuna eta lurrarena arriskuan jartzen dituzten hodei eta hondakin toxikoak sortu nahi.

Gipuzkoarron laurdena dagoeneko praktikan hala ari garelako:

Burua duenak ez du erraustegirik nahi bere herrian, eta bihotza duenak ez du beste inoren herrian nahi.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!