Erraustegiaren aurkako martxa, igande honetan

"Burua duenak ez du erraustegirik nahi bere herrian, eta bihotza duenak ez du beste inoren herrian nahi", lelopean igande honetarako martxa antolatu dute.

Irteerak, herriz herri:

08:00 Andoain, merkatu plaza.
08:00 Zizurkil, plazan.
09:30 Urnieta, San Juan plaza.
10:30 Lasarte-Oria, Okendo.
11:00 Zubieta, plaza.
13:00 Zubietako frontoian amaierako ekitaldia.

Aurreko asteburuan Andoainen “Arduraren aldeko giza-katea” egin eta gero, erraustegiari ezezkoa adierazteko aukera berria izango da igande honetan. Aiztondo-Beterri-Buruntza aldeko herri askotatik martxa ezberdinak irtengo dira Zubietan eraikitzear den erraustegiaren gunera.Hara joateko Andoaindik eta Urnietatik martxa bana irtengo da, eta dagoeneko ordutegiak zehaztu dituzte.

Igandekoa errausketaren kontrako mugimenduak deitu du, eta erakunde askoren atxikimendua jaso dute. Batasun ideia zabaldu nahi dute: “Igandeko martxa tokian tokiko ekimen guztiak bat datozela adierazteko modu bat da. Horren isla da martxaren egitura bera. Izan ere, martxa hainbat herritatik abiatuko da eta parte-hartzaileak bidean topatzen joango dira. Azkenean, edonondik abiatu direla ere, denek bat egingo dute 12:00ak aldera Letabiden, Aldundiak Gipuzkoako erraustegia eraiki nahi duen parajean, alegia. Gero elkarrekin jaitsiko dira Zubietara”.

Martxak bigarren asmo nagusia du: Agintariek erraustegia eraikitzea beste erremediorik ez dagoela diotenean, baieztapen horri aurre egitea. “Oso zaila dute, guk ederki asko baitakigu partida ez dela inolaz ere erabaki. Partida elkarrekin jokatzea erabaki dugu. Hori da martxaren bidez zabaldu nahi dugun beste ideia nagusia”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!