Udazkenean Miren Amurizak eta Almu Salasek idatzi eta ilustraturiko ipuina aurkeztu zuten. Eguberrietan han eta hemen argitaratu zuten edizioaren lau mila ale saldu eta gero, urte berriari ipuinean oinarrituriko ikuskizunarekin hasiera emango diote. Luxuzko laguntzaileekin, gainera. Miren Amurizak eta Alos Quartet eta Aukeran konpainiek bat egin dute Urnietako ekimenarekin.
Ipuina liburura eraman zuten lehenik: Urnietan, eskualdean, Durangoko Azokan eta Katalunian aurkeztera iritsi ziren. Arantzazu Miner Super Hko kideak hezkuntzan izan dezakeen eragina nabarmendu nahi du: “Liburuak ibilbide polita izan du, nahiko saldu dira eta datu hori baino garrantzitsuagoa da ikastetxeetan izan duen eragina aipatzea. Unitate didaktikoa sortu genuen eta dagoeneko ikastetxeen interesa piztu dugu. Hezkuntza munduan zabaltzen hasi da, beraz”.
Eta ipuinak liburutik taula gainera salto egingo du. Igande honetan Saroben eskainiko dute, luxuzko parte hartzearekin. Saio bat eta bakarra izango da, oraingoz. Almu Salas elkarteko lehendakariarentzat galdu ezin den aukera horietakoa da: “Ikuskizun polita eta hunkigarria ikusteko aukera izango da”. Arantzazuk xehetasun gehiago eskaini du: “Ipuinaren kontakizuna ikuskizunaren muinean dago, eta kontaketari musika eta dantza uztartuko zaizkio”.
Ikuskizunaren estreinaldia elkartea ezagutarazteko baliatuko dute. Eta horrez gain, igande honetan bertan Super H elkartekoek minbizia duten haurren ikerkuntzan sakontzeko 9.900 euroko txekea emango diete BioDonostiako ikertzaileei, ikuskizuna amaitu eta gero egingo duten ekitalditxoan. Sanmieletako pintxo potea eta txekor jatea, Urte Zaharreko San Silbestre lasterketa, Super H markadun produktuen salmenta..., diru kopuru polita bildu dute azken denboraldian, ikerkuntzarako bideratuko dutena.
Txeke horren ematearen lekuko izango dira Gipuzkoako eta eskualdeko erakundeetako ordezkariak ere, liburuaren ekoizpenean babesle izan zirenak.
Urnietako taldea haur minbiziaren ikerkuntzaren garapenean laguntzaile modura buru-belarri ari da lanean hilabete hauetan. Donostiako BioDonostiarekin ez ezik, Bilboko Cruces ospitalarekin ere lanean hasteko prest dira.
Erronka berria, apirilaren 30ean
Igandekoa eta gero, taldeko kideak Super H egunaren bigarren edizioa prestatzen hasiko dira. Apirilaren 30ean izango da, Urnietako mendi lasterketaren bezperan. Ez da ahaztu behar, mendi lasterketaren izaera solidarioa dela. Super H elkarteari laguntza emateko, hain zuzen.