Birziklatu tentuz eta zentzuz kanpaina aurkeztu dute

Tolosaldeko Mankomunitateko lehendakari Josu Amilibiak eta lehendakariorde Patxi Amantegik ‘Birziklatu tentuz eta zentzuz’ kanpaina aurkeztu dute gaur goizean Tolosan. Helburua garbia da, hobeto eta gehiago birziklatzea.

Egun, Tolosaldea Mankomunitateak birziklatze tasa adierazgarria du: hiri-hondakinen %60a gaika biltzen baita. Tasa hori hobetu eta hobeto birziklatzea dira kanpainaren helburu nagusiak. Horretarako, Tolosaldea Mankomunitateak Ecovidrio eta Ecoembesen laguntzarekin kalean burutuko den kanpaina bat jarri du martxan. “Herritarrek ondo birziklatzeko zalantzak dituzte, batez ere edukiontzi horian jasotzen direnekin: plastikozko ontzi arinak, metalikoak eta brik motakoak. Hala ere zalantza hauek beste edukiontzietara ere zabaltzen dira”, adierazi du Josu Amilibia Mankomunitateko lehendakariak. Ondorioz, ‘Birziklatu testuz eta zentzuz’ kanpainak bailarako herri nagusienetako kaleetan herritarrekin zuzenean arituko den kanpainak birziklatzeko ohitura sustatu nahi du; ohitura hori modu kontziente eta konprometituan izatea du helburu, hobeto eta gehiago birziklatzearen alde.

‘Birziklatu tentuz eta zentzuz’ kanpaina kalean eta herritarrei zuzenduko zaie eta parte hartzaileei poltsa berrerabilgarri arrosa bana oparituko zaie, erabilera bakarreko plastikozko poltsen erabilera murriztu eta hondakin gutxiago sortzeko.

Hondakin mota bakoitza zein edukiontzitara bota gogorarazi die Josuk herritarrei:

  • Horia: Plastikozko ontziak, metalezkoak eta ontzi arinak.
  • Urdina: Papera eta kartoia.
  • Berdea: Beira.
  • Marroia: Materia organikoa.
  • Grisa: Birzikla ezin daitekeen materiala.

Horrez gain, oilio eta oihalentzako edukiontziak ere badaudela aipatu du.

{{IMG-34397}}

Kanpainaren baitan, bi informazio puntu egongo dira kalean: mugikorra bata, –trizikloena– eta egonkorragoa bestea, –puxikena–.

Puxiken informazio puntua Andoainen eta Tolosan egingo da, pasaguneetan oinezko gehiago ibiltzen delako. Andoainen, Eskola kalean eta Kale Nagusian eta Foruen plazan Tolosan. Bi gune horietan, bakoitzean bi informazio puntu egongo dira eta hondakinak ondo bereizteko hainbat joko egingo dira puxiken bidez eta bertan egongo diren hezitzaileen laguntzaz. Hondakinak gaika biltzearen garrantzia azpimarratuko dute hezitzaileek. “Bereziki, ondo birziklatzearen garrantzia, askotan ezjakintasunak, birziklagarriak ez diren hondakinak (inpropioak) tokatzen ez den edukiontzietan botatzera eramaten gaituelako”, azaldu du Patxi Amantegi Mankomunitateko lehendakariordeak. Aurreikusitako datak: Martxoak 5 eta 19 Tolosan eta martxoak 12 Andoainen. Eguraldi iragarpenak txarrak badira, datak atzeratu egingo dira.

Trizikloen informazio puntu mugikorra. Baliabide mugikor hauek Amezketa, Alegia, Zizurkil, Irura, Villabona, Anoeta, Ibarra eta Asteasun erabiliko dira. Helburua aurrekoaren berdina da, herritarren parte hartzea. Patxik jakinarazi duenez, “bizikletak herrietako kaleetan ibiliko dira eta herriko plaza, parke edota pasealekuak aprobetxatuko dira geldiuneak egiteko”. Horrez gain, herritarrek jolasetan parte hartzeko aukera izango dute. Jolas horien bitartez, lerro bakoitzean (berdea, urdina, horia, marroia) zer bota eta zer ez bota zalantzak argituko dituzte. Beti ere helburu nagusia hondakinak gaika gehiago eta hobeto biltzea izango delarik. Bost joko biltzen dituzte panelek: Urdinaren puzzlea, Alea lastotik bereizi, Memory, Beiraren ‘inpropioak’ eta Nolako txoria halako kabia.

Euririk ez bada, ondorengoa izango da egutegia.

  • Otsailak 27, larunbata. 10:00-14:00. Zizurkil.
  • Martxoak 8, asteartea. 09:30-13:30. Villabona.
  • Martxoak 18, ostirala. 15:00-19:00. Asteasu.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!