“Esker oneko lana da DYA erakundeko bolondresarena”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko ots. 22a, 01:00

Sara Puga herritarrak urteak daramatza DYA erakundean bolondres gisa lanean. Bokazioa behar dela dio eta gustura egin beharreko lana dela.

Villabonara bizitzera etorri eta oso gaztetxo zelarik ekin zion Sarak ondokoa laguntzeko bolondres lanari. 18 urte zituela Gurutze Gorrian hasi zen laguntzaile gisa eta hainbat urte bertan aritu ondoren, saltzaile gisa lanean hasi zenean, denbora faltagatik, utzi egin zion lan hari. Denetarik egiten zuten Gurutze Gorrian eta ikasteko lagungarri izan zuen bide hura. Urteak pasata, ordea, Tolosako DYAn sorosle ikastaroa eskaini behar zutela jakin eta hara zuzendu zen. “Oso jende atseginarekin egin nuen topo ikastaroan eta aurrera jarraitu nuen.  Izan ere, DYAko sorosle ikastaroa egin ondorenean, norberak erabakitzen du aurrera jarraitu nahi duen edo nahikoa duen ikasitakoarekin”. 

Borondatezko lana betetzen dute, besteak beste, ekimen ezberdinetan euren laguntza eskainiz. “Lan gogorra da, sakrifizio handia eskatzen duena; baina baita betegarria ere, jendeari laguntzeaz gain, egindakoarekin asebeteta geratzen baitzara. Gainera, esker oneko lana da; oro har, ondo baloratua baita eginten den lana”, azaldu du. 

“Bokazioa behar da eta, batik bat, barruak bultzatu behar du norbera lan hori egitera. Gustura egiteko lana da”, azaldu du. Familia handi bateko kide sentitzen da Sara DYAren baitan, “babes handia dugu elkarren artean. Tolosako Josemi izan dugu beti erreferente. Oso pertsona atsegin eta adeitsua. Baita Zizurkilgo Begoña eta Belisario senar-emaztea ere. Hitz onak besterik ezin esan ditzaket haietaz guztietaz”.

 

50 urtez lanean

Urtean zehar ikastaro ezberdinak eskaintzen ditu dagoeneko 50 urte bete dituen DYA erakundeak. Soroslearena da horietako bat, baina baita itsas edota mendi erreskatekoa ere, besteak beste. Gainerakoan, zerbitzu ezberdin ugari eskaintzen du DYAk. “Maiz, larrialdi egoera baten aurrean, 112tik deitzen gaituzte ezbeharraren lekura gerturatzeko. Festak edo ekimen ezberdinak zaintzea ere askotan egokitzen zaigu. Esaterako, Villabonan antolatzen diren ekimen ia guztiak DYAk zaintzen ditu eta baita inguruko beste hainbat herritakoak ere”.

Euren lanaren eginbeharrik garrantzitsuena pertsona egoera kritikoan dagoenean lasaitasuna transmititzen jakitea dela uste du eta, era berean, nahitaezkoa dela haiekin errespetuz jokatzea, egoerak uzten duen heinean, informatuta mantenduz eta emango diren pauso guztien berri haiei azalduz.

Laguntzaile aritu den urte hauetan guztietan ez zaio egoera gogorregiei aurre egitea egokitu. Esperientziarik gogorrenak Kilometroak jaialdietako zaintzan bizitu izan dituela argitu du, gehiegi edandako gaztetxoei beren onera etortzen laguntzen. “Ikastaroetan haurrak nola suspertu edo erreanimatu ikasten genuenean okerrena horrexek izan behar zuela iruditzen zitzaidan. Zorionez, orain artean behintzat, niri ez zait halakorik egitea egokitu”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!