Hondakinen bilketa sistemaren inguruan akordioa lortu da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko ots. 23a, 01:00

Hiri hondakinen gaikako bilketari dagokion behin betiko sistema finkatzeko akordioa sinatu dute gaur eguerdian Villabonako Udalean. Iban Agirre (EAJ-PNV) alkateak, Nora Urbizu (EH Bildu) zinegotziak eta Maria Luisa Arija (PSE-EE) zinegotziak hartu dute parte:

Hondakinak jasotzeko sistema berria bost edukiontzitan oinarrituko da: 1.- papera eta kartoia, 2.- beira, 3.- plastikoak eta ontzi arinak, 4.- organikoa 5.- errefusa. Papera, beira eta plastikoen kasuan, libreki atera ahal izango dira hondakinak; edukiontziak asteko egun guztietan herritar guztientzat zabalik egongo direlarik, hondakinak noiznahi utzi ahal izateko. Organikoa eta errefusari dagokionez, berriz, neurri ertaineko edukiontziak jarriko dira (2.200 litro) eta asteko egun guztietan herritar orok atera ahal izango ditu haietara hondakinak, ‘txip’ bidez. Bost edukiontzien sistemaren bidez, %70eko gaikako bilketara iristeko konpromisoa hartu dute Udal ordezkariek. Sistema berriaren erabilera eta garapena Udalbatza osoak diseinatu eta onartuko du, organo horretan Udaleko alderdi politiko guztiak ordezkatuta egongo direlarik.

Merkatari eta kolektibo berezien kasuan, haiekin adostutako eskeman oinarrituta, kartoia astean bitan eta errefusa astean behin atera ahal izango dute, horretarako finkatutako tokietara. Bestalde, konpostaje kolektiboaren sistema mantendu egingo da aurrera begira ere.

Epe laburrean abian

Otsailaren 29ko bilkuran Udaleko kideen artean erdietsitako akordioa onartu ondoren, sistema berria hiru hilabete barru abian izatea aurreikusten dute ordezkariek. Hondakin organiko eta errefusa kantitatea neurtzeko neurri gisa jarriko da ‘txip’a eta herritarrei txartel bana emango zaie, haren bidez, organikoaren nahiz errefusaren edukiontzia nahi dutenean zabaltzeko. Akordioa sinatu ondoren, gainerako xehetasunak epe laburrean adostuko dituzte; besteak beste, edukiontzien kokagunea.

Iban Agirre alkateak, bere aldetik, poztasun bikoitza adierazi du gaur eguerdian sinatu duten akordioaren inguruan: “behin Osoko Bilkuran berretsi ondoren, Amasa-Villabonan hiri hondakinen gaikako bilketa sistema on bat edukiko dugulako; eta beste alde batetik, poztasuna, hau bezalako gai sentikor batean, legealdi honekin batera hasi nuen elkarrizketa bideak bere fruitua eman duelako kontsentsu eta akordio moduan”. Hondakin bilketa sistema egoki, eraginkor eta ingurumena errespetatuko duena izatea ezinbestekotzat jotzen zuten eta baita azken urteetan gaiaren inguruko enfrentamendu politiko eta soziala gainditzea. “Abiapuntu oso ezberdinetatik gentozen, aspektu askotan antagonikoak, eta hala ere, akordio instituzional garrantzitsu bat lortu dugu. Gaur denok harro egon gaitezke”. Denentzat erosoa eta denen eskura egongo den sistema jarri nahi izan dute abian, bai banakoentzat, baita kolektibo berezientzat ere (zahar egoitza, merkatariak…) eta akordiorako borondatean dagoela gakoa jakinarazi du Ibanek, herritar guztien beharrei erantzuna emateko. “Azpimarratu nahiko nukeen beste alderdi bat, gaur sinatu dugun akordio honek denboran zehar irauteko duen bokazioa. Gauza ez da 2016-2019 arteko legealdirako sistema bat ezartzea, baizik eta hainbat legealditarako, eta paktu politiko ezberdinen gainetik geratuko den zerbitzu bat martxan jartzea”.

{{IMG-34364}}

%70era iristeko konpromisoa

Era berean, konfiantzan oinarrituta birziklatzea bultzatuko duen sistema izango dela aipatu du, “herritarrek Udalak proiektu hau era egokian garatuko duen konfiantza eduki behar dute, eta Udalak, herritarrek sistema modu egokian erabiliko dutenarena. Badakigu ez dagoela sistema perfekturik, eta horregatik, akordioa sinatu dugun alderdi guztiok jakitun gara sistemak ondo funtziona dezan, horretaz konbentzituta egotea dela bide bakarra”. Joan zen urtarrilaren 18an, Tolosaldeko Mankomunitateko Batzarrean bailara honetan hondakinen gaikako bilketan %60ko tasa lortzea onartu zen eta horren alde bozkatu zuen Ibanek Amasa-Villabonako alkate bezala. “Akordio hau sinatzen dugunok, ordea, dokumentuan azaltzen den moduan, gradualki portzentaje hori %70era iristeko konpromisoa hartzen dugu”, azaldu du, proiektuak guztion laguntza beharko duela esatearekin batera: alderdi politikoena, herritarrena, elkarteena, merkatariena, osasun zentroena nahiz gizarte zerbitzuena. Informazioa zabaldu eta egokitzeko denbora beharko bada ere, ohiturak aldatu eta banakako zein kolektibo gisa esfortzua egiteko deia egin du, sistema berriak etorkizuna daukalako.

Akordio honekin, hiri hondakinen kudeaketan elkarlan garai berri bati hasiera eman zaio. Ibanen hitzetan, “Mankomunitatera, Gipuzkoako Foru Aldundira nahiz Eusko Jaurlaritzara zabaldu nahi dugun elkarlan modeloa. Ziur nago arazo berdina duten beste udalerrientzat eredugarri izango dela”. Amaitu aurretik, alderdi politiko guztiei eskertu nahi izan die hilabete ugari iraun duen prozesuan erakutsitako elkarlana eta pazientzia.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!