Herriko ekimenetan parte hartzen duzu; besteak beste, Axeri Dantzan. Noiz atera zinen lehenengoz plazara?
Gutxi gora-behera, 28 urte izango dira Axeri Dantzan ateratzen hasi nintzela. Herriko plazan bizi nintzenez, etxetik ikusten nituen entseguak, eta dantzak erakarrita-edo parte hartzen hastea erabaki nuen. 28 urte horietan, izan dira atera ez naizen zenbait urte; izan ere, Axeri Dantza herriko festetan soilik egiten da, eta gaztea zarenean, abuztuaren 15a ez da datarik egokiena izaten.
Axeri Dantzaren tradizioa antzinakoa da herrian. Ba al dakizu noiz egin zen lehenengo ekimena?
Diotenez, Axeri Dantza Adunan lehenbiziko aldiz 1975. urtean egin zen, Adunako Amabirjinetan. Duela 42 hasi zen dantzatzen; izan ere, duela 2 urte ospatu genuen 40. urteurrena Kultur Astean. Beraz, nik ibilbide horren guztiaren erdia baino gehiago bizitu dudala esan dezaket.
1974an Lizar Makil dantza taldeak berreskuratu zuen Axeri Dantza. Adunako bi aitonek, dantzariak ez izan arren, dantza hori bazekiten. Horien bidez berreskuratu zituzten dantzen pausoak, eta doinuak Andoaingo txistulari bati esker lortu ziren. Hori dena uztartuta, herriko tradizioa itzultzea lortu zen.
Urte batzuetan, beraz, bertan behera geratu zen ohitura...
Bai, garai batean, dantza hori ez zen dantza bat; jolasa baizik. Orain dantzatu egiten dugu, baina izatez, Inauteri giroko jolasak dira. Mendira joan eta hilabetean behin herrira itzultzen ziren morroien jolasak ziren. Amorrua zutenean, jostorratzarekin ziztadaka eta joka ibiltzen ziren. Hala, jolas horiek debekatuta egon ziren denbora batez, 1936ko Gerraren aurretik.
Zeintzuk dira Adunako Axeri Dantzaren bereizgarriak?
Dantza osoak zazpi dantza edo jolas ditu: aitarena, zortzikoa edo leku aldatzekoa, orratzakoa, txingoa edo ilentia, korrika, perra jartzea eta, azkenik, dantza amaitzeko, borroka edo torrea. Ondoren, kalejirarekin ematen zaio amaiera ikuskizunari.
Antzinako jolas horien parodiak egiten ditugu. Orratzakoa, adibidez, hankak ireki eta itxi bitartean, azpitik pasatzeko jolas hori da. Garai batean ziztadak eta guzti izaten ziren, baina guk ez dugu horrelakorik egiten. Txingoka ere suzko makil batekin egiten zen eta, esaten dutenez, borrokak ere izaten omen ziren.
Zenbat kidek hartzen duzue parte?
Azkenengo urteetan 13 lagun inguru atera izan gara. Duela 3-4 urte, ordea, taldetxo bat bildu ginen Kultur Asteari begira, eta 40. urteurrena zela eta, guztira, 19 lagun irten ginen.
Urte hartan, jendeak dantzarako interesa erakutsi zuenez, gutxieneko adin bat jartzea erabaki genuen. 16 urteko muga jarri genuen, baina muga sinboliko bat da; gazteagoak ateratzen direlako eta, ziurrenik, ni ere gazteago nintzela atera izan nintzelako. Dantzan txingoka eta bultzaka ibiltzen gara, eta gazteenek nolabaiteko estabilitate edo indarra behar dute, gure aurka aritzeko. Beraz, mina hartu dezaketelako jarri genuen muga hori.
Nola moldatzen zarete entseguak egiteko edo taldekide berriei dantza erakusteko?
Entseguek ez dute fundamentu handirik. Amabirjinaren eguna baino astebete lehenago egiten dugu normalean. Horrez gain, egunean bertan, ikuskizunaren aurretik.
Taldera sartzen diren kide berriei ez zaie batere kostatzen dantza ikastea. Oso erraza da, azken finean, joko modukoak direlako. Gainera, ez da perfekzioan egin beharreko zerbait; teknikoki zailtasunik gabea da eta taldean osotasunean ikusten den zerbait. Dena den, gu prest gaude edornork ikasi nahiko balu, entsegu batzuen bidez erakusteko.
Taldekide guztiak gizonezkoak zarete, kasualitatea al da?
Neskentzat ere irekita daude ateak. Oraindik ez dugu eztabaidarik izan horren inguruan eta, neskarik ez badago, nahi ez dutelako da. Gonbidatu izan ditugu, eta batzuk animatu izan diren arren, azkenean atzera egin izan dute. Ateak guztientzat ditugu irekita eta, noski, parte hartzera gonbidatuta daude.
Urte askotan kapitaina izan zara. Zein berezitasun ematen du horrek?
Ez dit inolako ohorerik ematen kapitaina izateak. Duela zortzi urte inguru hartu nion erreleboa nire aurrekoari eta ordutik, kapitain moduan dantzatzen dut; erritmoa markatuz eta gidari lanak eginez.
Belaunaldi berriek herriko tradizioa bizirik mantentzeko garrantziaz jabe daitezen, berriki Adunako eskolan aritu zara Axeri Dantzaz hitz egiten. Ohiturak jakin-minik pizten al du gazteengan?
Duela bi urte joan ginen lehen aldiz herriko ohituren inguruan hitz egitera. Arlo teorikoa azaltzeaz gain, alderdi praktikoa ere erakutsi genien. Hala, txistulariarekin frontoira joan eta Axeri Dantza erakutsi genien. Aurten ere oso ondo joan da; gutxienez, Adunako ohitura zaharrak ikasi dituzte.
Gazteak animatzen al dira dantzara?
Azken urteetan batzuk batu dira taldera, baina egia da ez dugula fitxaje askorik egiten; guk gure aldetik ez baitugu ahalegin handirik egiten. Data iristen ari denean, orduan hasten gara antolakuntzan. Beti ziurtzat jotzen da dantza egingo dugula, eta eguna iritsitakoan hasten gara taldea bildu nahian. Ordura arte, zain egoten gara.
Axeri Dantza urtean behin eginda konformatzen al zarete?
Bai, festetan soilik ateratzen gara plazara. Abuztuaren 15ean, goizeko 10:00ak aldera elkartzen gara; arropak hartzen ditugu, entsegua eta hamaiketakoa egiten dugu. Ondoren, 12:00ak aldera dantzatzen dugu, haurren dantza saioaren ostean. Horrez gain, ez dugu beste inoiz dantzatzen. Hala eta guztiz ere, Axeri Dantza, berez, Inauteri girokoa da; eta guk Inauterietan dantzatu ordez, festetan dantzatzen dugu. Andoainen ere gauza bera gertatzen da, baina beraiek, behintzat, Inauterietan auzoan etxez etxe eskean ateratzen dira.
Data aldatzea pentsatu al duzue inoiz?
Pentsatu izan dugu ea zergatik egin beharra dagoen abuztuaren 15ean. Data ez da oso ona, batez ere gazteak tartean badaude, eta horren inguruan eztabaidatu izan dugu. Baina oraingoz, ez dugu Inauterietan egitea pentsatu. Data horretan egiten jarraituko dugu.
Zein mezu helaraziko zenieke herritarrei?
Parte hartzeko deia luzatu nahiko nieke, merezi duela tradizio honen parte izatea. Adunako altxorra da; Andoainen eta hemen soilik dantzatzen baita. Gure herriko historiaren parte da, gure sustraien esentzia eta mantendu beharreko altxor polita.