Familiaren eta jaioterriaren iragana ispilatzen duen txokoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko ots. 19a, 01:00

Legorretan bizi bada ere, astean bitan behintzat etortzen da Jose Luis Etxeberria Asteasura. Mimo handiz zaintzen du Idogarate baserrian iraganeko tresnekin osatu duen gune berezia.

Asteasuarrek euren ondarea maite dute eta ondo zaintzen ahalegintzen direla esan daiteke, gainera. Aiurriren 465 zenbakian, Sagastume baserriko Hilario Usandizagaren baserriko lanabes eta tresnen museo txikia ezagutu genuen. Oraingo honetan, berriz, Elizmendiko Etxeberritxu baserrian jaio zen Jose Luis Etxeberriak, auzo bereko Idogarate baserrian duen museo bitxiaren berri azaldu du, bere etxe eta biltegiko ateak parez pare zabaldu eta bertan biltzen dituen milaka tresnak erakusteaz gain, azalpen zehatzak emanaz.

Bere gaztetako nahiz arbasoen tresna eta oroigarriak gordetzen ditu batik bat Jose Luisek, baita Asteasurekin lotura dutenak ere; haren familiaren eta jaioterriaren iragana islatzen duen bilduma dela esan daiteke, beraz. Txukun-txukun, gaika antolatuta eta ondo baino hobeto zainduta, orain hamar bat urte hasi zen objektu guztiak antolatzen. Lehen aldiz biltegiko gela nagusira sartutakoan, ia ezinezkoa da harridura aurpegia saihestea. 
 

Poliglota, fonografoari esker

Familia jantzia da etxeberriatarrena. Aurrezki-kutxa probintzialeko langilea zuten Gillermo aita eta ekonomia gaiekin lotutako liburuak idatzi zituen. Hantxe ditu gordeta semeak. Ingalaterran ez ezik, Afrikan ere egin zuen lan aitak. Gaztelelaniaz, euskaraz, ingelesez edota frantsesez hitz egiten zuen eta suediera, errusiera edota alemanieraz ere moldatzen zen zertxobait. Jose Luisek urrearen pare gordetzen duen fonografoaren laguntzaz ikasi zituen hizkuntza horiek guztiak aitak. “Diskoak jarri eta giltzari jiraka, haren bidez ikasi zituen zekizkien hizkuntza guztiak. Guri ere erakutsi zigun zertxobait. Oraindik ere gogoan dut ingeleseko lehen lezioa, oso-osorik”, azaldu du Jose Luisek, hitzik ere ahaztu gabe goitik behera ahoskatuz. Disko guztiak eta hiztegiak ere ondo gordeta ditu fonografoarekin batera, noski. 

Bolada batean Donostian bizitu ziren, aitak hango aurrezki-kutxan lan egiten zuenean, lantokiaren gaineko etxean. “Baina aitak jaioterrira itzuli nahi zuen bizitzera eta Asteasura etorrita, bertan hazi ginen zazpi anai-arrebak”. Afrikara lanera joandakoan aitak egin zuen laguna etorri izan zitzaien bisitan Asteasura eta “very very chico malo” esaten omen zion Jose Luisi. Aitak ez ezik, amak nahiz izebek ere ikasketak egin zituzten. Besteak beste, izeba maestra lanetan aritu zen Gasteizen.

 

Aitonak, mediku eta alkate

Baina urteak atzera eginez gero, arbasoak ere ikasiak zituzten. Jose Pablo Etxeberria aitona, musikari izateaz gain, Berako farmazeutikoa izan zuten eta haren arreba Klotilde ere bai, “Espainiako lehen emakume farmazeutikoa izan zen eta Elizmendin bertan eduki zuen botika”, azaldu du. Esan beharrik ez haien liburuak ere gordeta dauzkala, Klotildek botikan erabiltzen zituen ontzi dotoreekin batera. Aitonaren egur eta burdinez eginiko antzinako maleta bildumako piezarik berezienetakoa da. Joxe Matilde Ugalde aitona, bestalde, Asteasuko alkate izan zen. Esekitokitik zintzilik dauzka aitonaren alkate sonbreirua, –Donostiako Agapito Ponsón sonbrereriako kaxa dotorea alboan duela–, nahiz makila ere. “Alkate ez ezik, arotz, sagardogile, txokolategile eta marrazkilari ere izan zen. Denetik egiten zekien hark”. Aitona alkatearen sonbreiruaren alboan, osaba medikuarena dauka zintzilikatuta. Jakin-mina du Asteasun zenbat ume jaio ote zen haren eskutik. Amonek, berriz, garaiko emakume askok bezala, oso esku ona zuten eta haiek gurutze puntuz osatutako lanak, puntillak nahiz 100 urtetik gorako maindire dotoreak ere gordetzen ditu. Josteko makina, plantxa, botoiak, brodatzeko bastidoreak… 

 

Afrikan lanean

Jose Luis idazkari lanetan aritutakoa da eta bera ere Afrikan lanean ibilia, “orain 40 urte baino gehiago bi urtez aritu nintzen Guinea Conakry-n lanean. Frantsesez moldatzen nintzen, baina fula etniako 40 bat hitz ere ikasi nituen. Lewru esaten zioten ilargiari, ondo gogoan dut hori”. 

Zaletasun ugari du Jose Luisek eta argazkilaritza da horietako bat. Argazki kamera mordoa du bere museotxoan, umetatik erabili izan dituenak. Tartean, orain 40 urteko Polaroid-a, flash eta guzti. Mexikotik ekarritako Kodak 100 Vista kamera berezia ere bai. Argazkiak atera ez ezik, irudiak grabatu eta ikusteko Super 8 Tomavistas eta proiektorea ere baditu. Ondoan, ‘El gordo y el flaco’ bikote komikoaren bideo zintak, bere gogokoenak.

Argazkilari eta argazkizale gisa, familiarekin, Asteasu herriarekin nahiz herritarrekin lotutako hamaika argazki du paretan: gurasoenak, Pello Errota edota Mikela Zintzarri bertsolarienak, Juan Bautista de Agirre apaiz eta idazlearena, Aita Julian Lizardi martiriarena, gaztetan Asteasun ezagututako apaizenak: Victoriano Sorondo, Hipolito Usabiaga, on Jesus Larrañaga… Gaztetxo zelarik Asteasuko bataiarriari egin zion argazkia edota Santakrutz ermitan zegoen XV. mendeko Amabirjinarena, “balio handikoa zelako Donostiako museo batera eraman zuten, baina Santamarinako ermitan dago egun eskultura”, jakinarazi du.


Nabarmentzeko piezak

Milaka tresnen artean, aitona medikuaren maleta, aitona alkatearen sonbreirua edota aitaren fonografoa pieza berezi nahiz antologikoak dira. Lerrootan sailez sail gordeta dauzkan tresna guztiak izendatzeko tokirik ez dagoenez, haietako batzuei soilik egingo zaie aipamena: 1612 eta 1619ko idatziak / Antzinako misalak eta katoiak / Egungo kalkuladoraren funtzioa betetzen zuen makina eta idazmakinak / Kristautasunarekin lotutako elementuak: Luistarren zintak, gurutze, errosario, kandela, mantilla… / Aitonak aroztegian, sagardoa edota txokolatea egiteko erabiltzen zituen tresnak / Etxe barruko garbitoki harriduna: Idogarate baserriak bi garbitoki zituen, ateri zenerako kanpoan bat eta euri egunetarako barruan bestea / Etxearen bueltan topatutako antzinako barrenoiak / Jose Luis eta bost anaiak hazi ziren egurrezko sehaska nahiz arrebaren minbrezkoa / Sukaldeko antzinako tresnak: Tartean kirten luzeko zartaria, su baxuan aritutakoan eskurik ez erretzeko edota burruntzia / Baserriko lan tresnak: Sororako nahiz ukuilurako erremintak, segapotoa eta arraitza, artoa aletzekoa, ganbelak, ardi ilea orraztekoa, lurrean lan egiteko oinetakoen gainetik janzten ziren egurrezko zuekoak…

 

Sagardotegia

Aitonak sagardoa egiteko erabiltzen zuen materiala biltzen duen gunean, haren sagardo botilak nahiz duela 60 bat urte Kale Nagusian –egun kultur etxea dagoen horretan– zegoen Jesus Otegiren sagardotegiko aztarnak ere biltzen ditu. “Urte asko dira haiek desagertu zirela, baina gogoan dut behin behintzat jan nuela han”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!