MEXIKOTIK VILLABONARA
Mexiko DFn bizi zelarik, Villabonako neska bat ezagutu zuen Ricardok eta itsas-biologiako ikasketak amaitutakoan, Madrilera lehenengo eta handik Villabonara etorri zen bizitzera, bikotearekin batera. Bizitzan egoera guztietara egokitu beharra dagoela uste du eta hiri handitik herri txikirako bizimodu aldaketara ere ohitu da urte hauetan guztietan zehar. “Izugarri kosta zitzaidan hasieran. Eguerdietan dena itxita ikusteak tristura ematen zidan eta zer esanik ez igandeetan; amaiezinakiruditzen zitzaizkidan. Mexikon etengabeko mugimendua izaten da egun guztian zehar eta aspertu egiten nintzen hasieran hemen. Neurria hartu nion gero, ordea, eta egun, aldaketa hoberako izan dela uste dut”. Hemengo biztanleen lasaitasuna eta jarrera lagunkoia gustuko ditu, hiri handietan behintzat, Mexikon bakoitza bere erara bizi baita eta, dioenez, oro har, bizilagunekin ere ez baita harreman zuzenik izaten. Ricardo Villabonara etorri zenean, oraindik apenas bizi zen kanpoko lurretatik etorritako herritarrik hemen eta hasieran, jendeak begiratu egiten ziola oroitzen du, “Mexikon jendea begira geratzea jarrera oldarkorra da eta, ondorioz, hasieran, gaizki sentitzen nintzen jendea begira sumatzen nuenean. Gerora asmo txarrez egiten ez zutela konturatu nintzen”. Billabonatar sentitzen da egun.
Mexikorekiko begirunea
Argi dauka egun ez litzatekeela berriz ere Mexikora bizitzera itzuliko. Familia eta lagunei bisita egitera nahiz Mexikon barrena ibiltzera joaten dira aukera dutenean, “baina han denbora tarte bat igaro bezain laster, berriz ere herriko lasaitasunera itzultzeko gogoa pizten zaigu”, adierazi du. Mexikoko egunerokoan, leku guztietara iristeko korrika egin beharra dagoela nabarmendu du, “hiri handietan behintzat, izugarrizko estres egoeran bizi dira, beti korrika; baita autobusa hartzeko ere. Zer esanik ez haurrak. Konpetentzia handia da ume-umetatik hasita, ikastea baino, laguntzak eskuratzeko notarik onenak ateratzea da helburua”. Gainerakoan, Mexikon segurtasun gutxi dagoela eta beti adi ibili beharra dagoela azaldu du elkarrizketatuak. “Etxekoak harrituta geratzen dira hemen haurrak jolasean ari diren bitartean, gu lasai ederrean kafe bat hartzera joan gaitezkeela esaten diegunean. Pentsaezina da hori han”, azaldu du. Gainerakoan tradizio handiko lurraldea dela dio, kolore askokoa. Hemen, Mexikori begi onez begiratzen zaiola konturatuta dago, mexikarra dela esan eta jendeari irribarrea marrazten zaiola ezpainetan, ‘Mexiko lindo’ aipatuz. Begia jo zion euskaraz zenbat rantxera abesten den entzutea. Zizurkilgo festetan, esaterako, mariatxiak gerturatu zitzaizkion kantura eta izugarrizko poza hartu zuela aitortu du, “han ez zitzaidan sekula halakorik gertatu”.
Mexikarren babesa inguruan
Euskara ikasteko saiakera egin zuen etorri eta lasterrera, baina hizkuntza zaila dela dio. “Semeen laguntzaz ari naiz zertxobait hobetzen, kalean baino errazagoa baita haiekin askatzea”. Inguruko herrietan hamar bat mexikar behintzat bizi da, guztiak hemengo pertsonekin ezkonduta. Tarteka haiekin elkartu eta Mexikoko janari eta ohiturak elkarbanatzen dituzte, “urrunean bada ere, gure herriaren zati bat gertu sentitzeko modua da eta mexikar azentuari eustekoa”, aipatu du irribarretsu. Berriki, bere emaztearen familiako kide batekin ezkondutako beste mexikar bat ezagutu du Errioxan. “Bi mexikar gara familian” dio pozarren. Itsas-biologia ikasketak egin eta Euskal Herrira etorri aurretik, unibertsitateko irakasle eta ikerlari izan zen Mexikon. Geroztik ez du alor horretan lan egiteko aukerarik izan eta pena ematen dio bizi erdia ikasten igaro eta gero, berean aritzeko aukerarik ez izateak. Hala ere, elektrizista gisa ari da egun eta oso gustura dabil, Turkiara lanera joateko aukera ere izan duelarik azken boladan.