Erraustegiaren Aurkako Aiztondoko plataformaren aurkezpena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko ots. 18a, 01:00

Atzo iluntzean, Erraustegiaren Aurkako Aiztondoko plataformaren aurkezpena egin zen Zizurkilen. Amasa-Villabona, Zizurkil, Asteasu, Larraul, Aduna eta Alkizako herritar ugari bildu zen bertan, Aiztondotik oso hurbil, Zubieta inguruan kokatu nahi den errausteagiaren aurkako atxikimendua erakusteko.

Ostegunero biltzen da Erraustegiaren Aurkako Aiztondoko plataforma Zizurkilgo kultur etxean eta atzokoan, plataformaren aurkezpena egiteaz gain, Zubieta inguruan, Aiztondo bailaratik oso hurbil kokatu nahi den erraustegiaren aurkako atxikimendua erakutsi zuten eskualdeko herritar ugarik.

Plataformako kide Iñigo Ruiz larrauldarrak eta Marian Delgado zizurkildarrak adierazi zutenez, "mehatxu larritzat jotzen dugu eraikuntza hau, oro har, gipuzkoar guztientzat eta zehazkiago Aiztondoko herritarrontzat. Besteak beste, Instituto de la Salud III erakundeak gai horri buruz egindako txostenak baieztatzen du erraustegiak eta antzeko azpiegiturek oso eragin larriak dituztela bertatik 20 kilometro bitarteko eremuan kokaturik dauden hiriguneetako gizakien osasunean. Zaborren erretzeak guretzako eta gure ingurumenerako kaltegarriak diren produktuak sortzen ditu, kopuru handitan. Eta gai horiek nabarmen handitzen dituzte gizakiongan minbizi mota batzuk edo diabetesa izateko aukerak, are gehiago erraustegitik 5 kilometroko ingurunean dauden herrietan".

Egoera kezkagarri horren aurrean, Zubietako erraustegiaren aurkako plataforma bat eratzea erabaki du Aiztondo bailarako herritar talde batek. Plataforma ireki eta anitza. "Errausketa proiektuaren bultzatzaileei hausnarketarako deia luzatuko dien giza taldea gara. Alternatiba, eztabaida eta negoziaziorako bideak ireki ditzatela eskatuko diegu, kontuan izanik proiektu honen ingurumenean eta osasunean dituen ondorioek, guztioi eragingo digutela".

Plataforma aurkezteaz gain, haien ekintzen berri emateko eta herritarrak parte hartzera animatzeko ere baliatu zuten prentsaurrekoa:

  • Otsailaren 28an, Zubietako erraustegira martxa: 08:00etan irteera Zizurkilgo Joxe Arregi plazatik. Hain ibilbide luzea egin ezin duenarentzat, 11:00tan Zubieta herritik.
  • Martxoaren 17an, Erraustegiak osasunarengan sortzen dituen ondorio kaltegarriei buruzko hitzaldia, Xabier Mitxelena medikuaren eskutik, Villabonako Gurea zineman, 19:00etan.
  • Andoaingo 'Ipar Haizea' Erraustegiaren aurkako plataformak antolatutako 'Arduraren alde' Giza Katea burutuko da, otsailaren 20an (larunbata) eguerdiko 12:00etan Arrate plazan.
     
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!