Atxulondoren erabilera erabakitzen ari dira herritarrak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko ots. 18a, 01:00

Atxulondo kultur etxeari buruzko parte hartze prozesua zabalik da. Erabiltzaile eta herritar orok otsailaren bukaera arte du bere ekarpenak egiteko aukera. 

Zizurkilgo Udaleko komunikazio eta parte hartze batzordea Atxulondo kultur etxearen erabileraren inguruko plana garatzen ari da. Noiz eta epe laburrean liburutegia kultur etxetik plazako egoitza berrira lekualdatu aurretik. Joxe Mari Luengo alkateak, maiatzeko hauteskundeetan herritarrei aurkeztu zieten programan, kultura indartuko zutela eta Atxulondo kultur etxeari ere bere tokia eman nahi ziotela nabarmendu zutela adierazi du. Eta esan ez ezik, lehen urratsak eman dituztela dagoeneko, “igogailua estreinatu genuen ikasturte hasieran, eta orain, agindu bezala, Atxulondo kultur etxea herriko kultur proiektua egitera goaz”. Agindutakoa bete nahi dutela, alegia.

Emaitzarik onenak herritarrekin elkarlanean burututako ekimen eta proiektuek ematen dituztela ikusita, herritarrentzat eta herritarrekin lanean jarraitu nahi dute hurrengo lau urteetan ere. “Gauzak honela, etorkizuneko Atxulondo herritarrekin marraztu nahi dugu: herriko kultur, kirol eta herriari bizia ematen dioten eragile zein norbanakoekin”, Luengoren hitzetan. Haien ekarpenak entzun eta jasotzen ari dira, beraz, Udal ordezkari eta herritarrek osatzen duten komunikazio eta parte hartze batzordea gidatzen ari den prozesuan.

Hiru eragile mota

Ion Ander Esnaolak zinegotziak, bere aldetik, Atxulondo kultur etxea herriko kultur espaziorik zabalena dela nabarmendu du eta liburutegi berriarekin, egun espazio horrek Atxulondon betetzen duen tartea libre geratuko litzatekeela. “Espazio hori nola eta zertarako erabili pentsatzen hasita, eraikina bere osotasunean aztertu eta herriko kultur beharrei ahalik eta ondoen erantzun behar zitzaiola konturatu ginen”. Udal teknikari eta ordezkariek behar horien argazki orokor bat izanagatik, behar errealak kultur etxearen erabiltzaileek ezagutzen dituztela uste dute eta ondorioz, “parte hartze prozesuaren helburua, eragile horiei galdetuz, herriko kultur beharren argazki zehatza atera eta Udal ordezkari eta teknikarien eskuetan uztea da, Atxulondo eraikinaren proiektua gauzatzerakoan kontuan har ditzaten”. Emandako lehen pausoa herriko kultur, kirol eta maila sozialeko eragileengana jotzea izan da, euren asmoak azalduz. Guztira herriko 33 talde eragilerekin jarri dira harremanetan. 

Hiru taldetan banatu dituzte eragileak:

Eragile zuzenak: Kultur etxea maiztasun finkoarekin erabiltzen dutenak. 

Zeharkako eragileak: Herriko kultur, kirol nahiz maila sozialean lan egiten duten taldeak, kultur etxea gutxiago erabiltzen dutenak. Martxoaren 1ean egingo duten batzarrean jasoko dituzte haien ekarpenak. 

Norbanakoak: Herritarrak. Eragile zuzenekin aurrez aurre bilduta jaso dituzte haien ekarpenak. Norbanakoekin, berriz, bi bide dituzte martxan. Kultur etxean ikastaroren bat egiten duenari galdetegia eginez edota kultur etxeari bestelako erabilera ematen dieten herritarrei, postontziaren bitartez proposamenak egiteko aukera eskainiz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!