“Kontzeptuala da nire irudia, hitzik behar ez duena”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko ots. 18a, 01:00

Naiara Lasarte andoaindarrak bigarren saria eskuratu du estatu mailan egin den Universo Cervantes izenburuko seiluen lehiaketan.

Nola definituko zenuke zure irudia?

Kontzeptuala da zeharo, ez du hitzik eskatzen ondoan. Gertatzen da, ulertzeko, Cervantesen eta On Kixote eta Santxo Panzaren testuinguruan jarri behar garela. Makrobiotikaren atzean dagoen filosofiaz baliatu naiz, hots, Yin eta yang, kontrako bi kontzeptuen ideiaz. La eterna dualidad (betiereko dualtasuna) jarri diot izenburua irudiari, bi kontzeptu edo indar horien premia baitaukagu bizitza orekatuari eusteko. Nire ustez, On Kixotek eta Santxo Panzak bi indarrak irudikatzen dituzte, batak bestearen beharra dutelarik: buru ameslaria da lehena, eta oinak lurrera itsatsita bizi dena bigarrena. Koloreak ere, morea eta gorria, nahita hautatu ditut: medikuntza txinatarrean, yogan eta antzeko filosofietan erabiltzen dituzten koloreen espektroetan, lehen esan ditudan bi indarrekin identifikatzen dira bi koloreak: morea burua da, goian dagoena, eta gorria, berriz, lurra da, behean, hanka parean dagoena.

 

Zein egoeratan bururatu zitzaizun ideia hori?

Donostiako Usandizaga institutuan diseinu grafikoko ziklo bat egiten ari nintzela, pasiluetan kartela irakurri nuen, seiluen lehiaketa iragartzen zuena. Zast!, ideia etorri zitzaidan burura berehala. Inspirazioa edo delakoa izan zen; ez nion buruari gehiegi eragin behar izan. 

 

Aurkeztutako 400 irudietatik zurea bigarrena hautatu izanak, poza eragingo zizun...

Poza eta ilusioa. Batetik sariagatik noski, baina baita ere epaimahaikide batek, arte ederretako irakaslea bera, aurkeztutako lan gehienak pertsonen aurpegiak eta horien silueten irudiak ziren bezala, nirea artelan batera gehiago hurbiltzen zela adierazi zuelako. Ez dakit hainbesterako den, baina egia da ia finalista guztiak Cervantes edo On Kixote eta Santxo Panzaran irudian oinarritu direla, eta nirea bakanetakoa izan dela baliabide hori baztertzen. 

 

Zure zigilua gutunetan itsasteko aukera izango al dugu?

Ez, irabazlea soilik. Marka ederra izango zen norberak egindako irudia seilu batera eraman, izen-abizenak jarri azpian, eta zirkulazioan jartzea estatuko estanko guztietan. Dena ezin eskatu, ordea!   

 

Irudiari lotutako sormenarekin jarraitzeko asmorik bai?

Egia aitortzera, injenieritza teknikoa ikasitakoa naiz. Orain asko ez dela hasi naiz murgiltzen pittin bat diseinuaren munduan, baina ez zait burutik pasa hortik bizi ahal izatea. Ez naiz diseinatzailea sentitzen; herriko abesbatzan kantatu arren, abeslaria sentitzen ez naizen bezala. Ideiak badauzkat ugari, baina gero ideia horiek nola bideratu, nola gauzatu, horixe da falta zaidana. Burua askatzea falta zait, beldurra galtzea eta eskuari bere kasa jardun dezan uztea. Kixotea naiz eta Santxo Panzatik gehiago eduki beharko nuke.

Ikasketa prozesuan murgilduta nabil, ez besterik. Saltsera samarra naiz eta jarrera irekia daukat arte diziplinak deskubritzeko eta horietan barrena esploratzeko. Eduardo Arreseygor irakasle eta artistak ematen dituen udal ikastaroetara joaten naiz, eta esan dezaket artearekiko ikuspegia zabaltzen ari zaidala hari esker. Une honetan, esaterako, argazkigintzari heldu diot. Teknika ikasita argaki onak atera ditzakezu, baina zerbait apartekoa adieraziko dizun irudia lortzea, hori beste gauza da. Horretara iristea da nire gogoa oraintxe. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!