Maddi Etxeberria (biolina), Malen Otxoa (kitarra) eta Rebeca Gestoso eta Garazi Jauregi (ahotsak) osatzen dute Lorratzak musika taldea. Beren hitzetan "euskarari bultzadatxoa emateko eta barruak husteko" jaioa zen laukotea orain hiruzpalau urte, eta gertoztik egin duten ibilbidearen emaitza da diskoa. Musikorta grabaketa etxean, Amoroton grabatu dute. Zortzi abestiz osatu dute diskoa, eta denak aurkeztu zituzten Basteroko kontzertuan.
Kontzertuan zehar Aitor Ibarguren kitarra jolea izan zuten lagun.
Adin guztietako jendea bildu zen zuzeneko emanaldira, eta ondoren, ilarak osatu zituzten musikariek sinatutako diskoa erosteko.
Kontzertua, aste honetan burutzen ari den 11. Piano jaialdiaren barnean kokatu zen. Seiasle talde antolatzailearen izenean, Ainhoa Aiertzak datozen egunetan egitekoak diren musika kontzertuak gogorarazi zizkien Basterora hurbildu zirenei.
Gaur, asteazkenarekin, Musikene, Euskal Herriko Goi-mailako musika ikastegiko KUNST hirukotearen txanda helduko da. Bihar, ostegunarekin, Andoaingo musika eskolako Txitxu Castro eta Myriam Ulanga irakasleen piano ikasleek eskainiko dute musika emanaldia. Erakusketa gelan, arratsaldeko 19:00etatik aurrera izango dira biak.
Ostiralean, Basteroko auditorian, 15:00etatik aurrera, Teklak Dantzan izeneko kontzertu didaktikoa izango da. Enrike Granados, Alberto Ginastera eta Aita Donostiaren musika interpretatuko da. Arratsaldeko 15:00etatik aurrera izango da, eta sarrera 5 eurokoa da.
Azkenik, asteburuan zehar, Piano Jaialdiaren ordua helduko da. 5 eta 18 urte bitarteko 805 piano joleek beren trebezia erakusten saiatuko dira, 11. edizio honetan. Gipuzkoatik (741), Bizkaitik (49), Nafarroatik (11) eta Arabatik (4) helduko dira Andoainera.