Hondakinen inguruko herri batzarrerako deia egin du EH Bilduk

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko ots. 15a, 01:00

Gaur arratsaldean, 19:00etan hasita egingo duten herri batzarrerako deia zabaldu du Amasa-Villabonako EH Bilduk. Hondakinen bilketa sistema izango dute hizpide, baita EAJ alderdiarekin gaiaren inguruan izandako azken  hartu-emanak ere.

Jarraian, gaiaren inguruan EH Bildu alderdiak igorritako dokumentua:

Hondakinen bilketa sistema berria adosteko EAJ-PNV, EH Bildu eta PSE-EE alderdien arteko negoziazio mahaian aurre-akordioa lortzera iritsi zen eta pasa den astean EH Bilduk deitutako batzar irekian aurre-akordio hori sinatzea erabaki zen parte hartu zutenen %92aren babesarekin. 

 

Beraz, Amasa Villabonako EH Bilduk akordio hori sinatzeko prestutasuna agertu zien EAJ-PNV eta PSE-EE alderdiei. PSEko ordezkaria ere aurre-akordio hori behin betiko sinatzeko prest agertu zen.

 

Baina sinatzeko momentua heldu zen egunean EAJ-PNVk atzera egin, eta aurre-akordioari aldaketak aurkeztu zizkion (gainera alderdiei baino lehen komunikabideei bidali zieten mezua eta guk Atariaren bidez jakin genuen horren berri). Aldaketa horietan aurre-akordioak jasotzen zuen azken puntua ezabatzen zen, hau da puntu horrek zioena: Aurre akordio hau izenpentzen dugun alderdiok bilketa sistema honek lortutako emaitzetan birziklatze tasa %70era iritsi ezean, neurri zuzentzaileak ezartzeko konpromisoa hartzen dugu. Neurri zuzentzaile hauek udaleko ingurumen batzordean eztabaidatu eta onartuko dira. Bestalde, errefusaren edukiontzia astean 2 aldiz irekitzetik, astean 7tan irekitzera pasatzea proposatzen zuten jeltzaleek.

 

EH Bilduko kideok harriduraz eta amorrazioz hartu genuen EAJren azken orduko iritzi aldaketa eta izandako jokabide maltzurra aurpegiratu genion EAJri. 

 

Orain ere, erantzunkizunez jokatu dugu eta zalaparta mediatikoa sahiestu  eta Iban Agirre EAJko alkatearekin elkarrizketak  izan ditugu eta gaia berbideratzen saiatu gara, gauzak honela, negoziazioetan jarraitu ahal izateko aukera berriak sortzeko gure ahaleginak egin ditugu eta EAJk aurre-akordiotik ezabatutako azken puntua berriz onartzeko eskaera egin genuen. 

 

EAJk eskaera hori onartuko zuela adierazi, eta ostiral arratsalderako bilera deialdia egin zuen alkateak (hori gaur izan delarik). Bilera horretan akordiorako dokumentu berri bat lortu ahal izan da. Akordioaren matizak eta aztertzeko egokia ikusi dugu beste batzar bat deitzea, EH BILDUk erabaki denak bere oinarriarekin hartu nahi baititu.

 

Horregatik deitzen dugu batzar berri hau,  azken dokumentu hau sinatu edo ez erabakiko dugu bozka bidez.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!