PSE-EEko zinegotziaren iritzia, Udal aurrekontuen inguruan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko ots. 12a, 01:00

Villabonako PSE-EErentzat, herritarren ongizateak lehentasun nagusia zuen 2016ko Udal aurrekontuei babesa ematerakoan:

Urtarrilaren 25ean Villabonako Udalean PSE-EE alderdiaren aldeko botoarekin onartu ziren aurrekontuak, baina Maria Luisa Arija zinegotzi sozialistak beharrezko eta presazkotzat jotzen dituen hainbat inbertsio ezin bideratu ahal izan dela adierazi du, Udalak Villabona Lantzeneko sententziari aurre egin behar diolako. Maria Luisa Arijaren ustez, Villabona Lantzen herri elkarteak irabaziak ekarri beharko zizkiokeen Udalari, baina “ezusteko desatseginarekin egin dugu topo, sententzia ezberdinek sortutako gastuei aurre egin behar izan diolako”. Azaldu duenez, sozialistek Villabonako Udal aurrekontuetan landu beharreko lehentasunak ikusten zituzten, Udal gobernuak beren babesa jaso ahal izateko, “nahitaezkoa zen aurrekontuetan herritarren bizimodua eta Udalarekiko harremana hobetuko zuketen inbertsioak aintzat hartzea: Esaterako, BAC-a, Lizarragarako bidea, haurreskolako berrikuntzak…, lehentasunezkoak ez diren Udalbiltza-rena bezalako gaiak baztertuz”. Arijak legalitatea bete eta herritarren bizi kalitatearen alde egiteko hautua egin dutela nabarmendu du, segurtasuna hobetzeko diru partida zehatzak luzatuz.

Hala ere, Larreako jolas-parke estaliari aurre egitea nahi ziotela azpimarratu du, “baina 2016an ez da posible izango, inbertsioen saila asko baldintzatu duelako Villabona Lantzen-en kontrako sententzia ordaintzeko behar legalari aurre egiteak”.

Era berean, Udal gobernuaren proposamen guztiekin bat eginagatik, Villabonako sozialistek euren eskakizun eta lehentasunak zein diren argi utzi dutela azaldu du, “egunerokotasunean hobekuntza dakarten proposamenak bultzatzen ditugu, egoera demagogikoetan erori gabe edota alderdi politikoen jarrerak lehenetsi gabe”.

Zentzu horretan, alderdi sozialistak udaletxean abian jarritako diru partida azpimarratu nahi izan du. Hain zuzen ere, oso egoera bereziengatik (istripu edo etxe desjabetzeagatik, esaterako) larrialdi alokairua deritzona: 7000 euroko dirulaguntza, egoera horietan dagoenak, sei hilabetetan behintzat etxebizitza ziurtatuta eduki dezan eta modu horretan “trantze txar horretatik ateratzeko aukera”. Bestalde, Fleming eskolako guraso elkarteari emandako dirulaguntzen igoera nabarmendu du eta hurrengo ikasturtean haurrek eskolara joateko autobus zerbitzua izan dezaten Hezkuntza sailarekin harremanetan daudela jakinarazi.

Azkenik, hondakin bilketa sistemaren inguruan, zera zehaztu du: “atez ateko sistemari amaiera emango dion alderdien arteko akordioa sinatzear da. Nabarmentzekoa da alderdien arteko elkarrizketa prozesua zabaldu dela eta ez dela inposaketa bidez kudeatu, herritarren nahia eta gainerakoen iritziak kontuan hartu gabe, aurreko EH Bilduren legealdian egin zen bezala”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!