2016ko aurrekontua nora bideratuko duen aurkeztu du Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko ots. 11a, 01:00

Urnietako Udalak 2016. urteko aurrekontua aurkeztu zuen atzo, Lekaio Kultur Etxean, eta 9089150 euro zertan gastatuko dituen azaldu zuen Maribel Vaquerok. 

9 mila euro ondorengo gastuetara bideratuko dituzte: 2872400 euro pertsonalaren gastuetan, tartean, udaletxeko langileen soldatak; 4756030 euro ondasun arrunt eta udaletxeak eskaintzen dituen zerbitzuetan; 950 euro finantza gastuetan; 412670 euro transferentzia arruntetan; 987100 herrian egindako inbertsio errealetan; eta azkenik, 60000 euro finantza pasiboetan.

Beraz, Udalaren hiru arlo nagusiak erreparatuta, %41a Herritargoa sailera bideratuko da, %37 Lurraldeara eta gainontzeko %22 Antolaketa sailera.

Jokabide gardena

2015eko abenduan onartutako aurrekontu honek aldaketak izan ditzakeela iragarri zuten Udaleko kideek. Dinamismo horren berri Udalaren webgunean emango dutela azaldu zuen Mikel Pagola alkateak, Udalaren asmoa guztiz gardena izatea delako: "Hilabetero egiten diren ohiko batzordeetan emango da aldaketen berri. Batzorde horretan jakinarazi eta gero, hurrengo pausoa webgunearen bidez herritar guztiei jakinaraztea izango da". 

Parte hartze prozesua

Inbertsio estrategikoen parte hartze prozesua ere gogoan hartu zuen alkateak, herrian egiten diren inbertsioek eragin handia izango dutelako datorren urteetako aurrekontuetan. "Aparteko gastuak egongo dira inbertsio horiei aurre egiteko. Beraz, parte hartze prozesu horretan, inbertsioek eragingo dituzten mantenu gastuez ere hitz egingo dugu". 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!