Mundua hobetzen laguntzeko lankidetza hitzarmenak

Andoaingo Udalak eta hamabost gobernuz kanpoko erakundeek elkarkidetzarako hitzarmenak sinatu zituzten joan den ostiralean.

Nazioarteko hainbat herrialdeetako herritarren garapen ekonomikoa eta kulturala helburu duten proiektuek diru laguntza jasoko dute.

Ana Carrere alkatea eta Marijose Izagirre EAJko eta Maider Lainez PSE-EEko bozeramaileek eta hamabost GKEetako ordezkariek hartu zuten parte sinatze ekitaldian.

Carrere alkateak eskerrak eman zien guztiei, mundu hobe baten alde lan egiteagatik, eta gizakien onura eta duintasuna helburu duten egitasmoak garatzeagatik. Aldi berean, pena agertu zuen Udalak ezin izan duelako diru gehiago bideratu egitasmo horietara, nahiz eta garbi eduki guztien ardura dela munduko gizakiek bizi baldintza duinak eta giza eskubideak bermatua eduki ditzaten.

GKEko ordezkariek bere proiektuei buruzko xehetasunak eman zituzten, banan bana, ekitaldian zehar.

DIRULAGUNTZAK EGITASMO ZEHATZETARAKO
87.247 euro izango dira guztira. Jarraian, babesa jasoko duten egitasmoak eta eskaini zaien dirulaguntzaren kopurua:

•MSH-AMS. Diriambako (Nikaragua) desgaitasuna duten gazteei gizarte inklusioa. 5.000 euro.

•Bakerako Lankidetza Batzarra. Ziguinchoreko (Senegal) gizon emakumeei prozesu publikoetan parte hartzea erraztea. 5.000 euro.

•Baltistan Fundazioa. Ashouni Thoslukheko (Husheko bailara, Pakistan) emakumeen autonomia eta burujabetzaren sustapena. 5.000 euro.

• Behar Bidasoa ONG. Kabugan (Rwanda, Afrika) nekazaritzarekin eta abeltzaintzarekin lotutako jardueren indartzea. 5.000 euro.

• DOA (Denok Osasunaren Alde). Beniko departamenduko (Bolivia) osasun sistemaren indartzea, sorospenaren eta formakuntzaren arloan. 5.000 euro.

• Derandein Fundazioa. Kiberan (Kenia) gizarte marjinazioa jasaten duten neska eta mutikoei hezkuntzara heltzeko aukera. 4.180 euro.

• Etiopia Utopia Fundazioa. Etiopian helduek elikagaien segurtasuna eta ostatua, eta, gazteen gizarte inklusioa sustatuko dituen egoitzaren eraikuntza. 5.000 euro.

• Gipuzkoako Oscar Romero Solidaritza Batzordea. Chagüite Centron (El Salvador) osasunarekin lotutako baldintza eta jarduerak hobetzea. 5.000 euro.

• Herriak Elkarlanean. Mantako (Benin) barnetegian proiektu berriak. 8.000 euro.

• Medicus Mundi Gipuzkoa. Tigray eskualdeko (Etiopia) lau barrutietako emakumeen eskubideak hobetzeko lanak. 5.067 euro.

• ONG Honek. Nikaraguan hiriguneetan euri-urak bideratzeko lanak. 5.000 euro.

• ONG Taupadak. Indigena chimaniarren (Bolivia) burujabetza, elikadura eta osasunari begira. 5.000 euro.

• Proyde-Proega Fundazioa. Pozo Coloradoko (Paraguay) eskola barnetegian nekazari familietako neska-mutilen hezkuntzaren sustapena. 5.000 euro.

• Euskalerriko Serso San Viator. Banforako (Burkina Faso) gazte eskolagabetuei lan merkatura iristea erraztea. 5.000 euro.

• Txingudi Vida ONG. Bobo Dioulason (Burkina Faso, Afrika) eskolaren eraikuntza, azken fasea. 5.000 euro.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!