Herri kirolarien urteko bilkura

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko ots. 9a, 01:00

Joan zen urtarrilaren 30ean, Juan Iguaran Tolosan bizi den Urnietako Eula baserriko semeak antolatuta, Urnietako Eula sagardotegian egindako bazkari baten bueltan elkartu ziren urteroko legez, Euskal Herri osoko 60ren bat herri kirolari.

Direnak eta izan zirenak. Bazkari hau estimu handian dute kirolariek, urtean zehar elkarretaratzeko duten aukera bakarrenetakoa baita.

Iker Vicente Saralegi (1997, Otsagi). Aizkolaria:

Noiz hasi zinen aizkoran?
Iker Vicente: Ez naiz gogoratzen zein adin izango nuen. Txikitatik ikusten nuen aita aizkoran, bere entrenamendu guztietan egoten nintzen, eta bere babesean hasi nintzen aizkora erabiltzen oraindik oso ume nintzela.

Eta modu serioagoan?
I.V.: 12 urte bete nituenean, orduan hasi nintzen jarraipen batekin entrenatzen, eta orain arte, gero eta serioago.

Aipatuko al dizkiguzu lortutako emaitzak?
I.V.: 13 urterekin hasi nintzen txapelketetan parte hartzen, eta nahiko ongi aritzen nintzen, baina gorputza oraindik garatu gabe neukan, eta  beti izaten zen irabazten zidan norbait. Pixkanaka, urte hauetan nire gorputza egiten joan da, eta gaur egun Nafarroako txapelduna naiz. Egia esateko, dena oso azkar etorri da.

Nola ikusten duzu etorkizuna?
I.V.: Gustatuko litzaidake Euskal Herri mailan puntan ibiltzea, Aitzol Atutxak izugarrizko maila dauka, bi aldiz geratu da txapeldun, eta argi dago gehiagotan jantziko duela txapela. Espero dut pixkanaka bere mailara hurbiltzen joatea.
Nolakoa da Ikerren egun arrunt bat?
I.V.: Amak aseguru etxe batean egiten du lan, eta goizetan berari laguntzen ibiltzen naiz. Arratsaldeak niretzat hartzen ditut, entrenatzeko.

Bizi liteke aizkolari moduan?
I.V.: Zaila da, baina, punta-puntan dauden horietako norbaitek agian horretarako aukera izango luke. Batxillergoa bukatuta ikasketak utzi egin ditut. Jarraitzekotan Iruñera joan beharra neukan, eta horrela entrenatzeko aukerarik ez nuen izango. Oraingoz, aizkoraren aldeko apustua egin dut, eta ongi doakit, aurrerago, emaitzen arabera ikusiko dut zer egin.

Exibizioak egiteko dei asko izaten al du Ikerrek?
I.V.: Egia esan oso dei gutxi jaso ditut azken urte hauetan. Txikitan kasik dei gehiago jasotzen nituen. Orain, Nafarroko txapeldun geratu ondoren badirudi dei gehixeago jasotzen hasi naizela berriro, ikusiko dugu ea nola datorren uda.

Joxe Manuel Agirre Eizagirre "Endañeta" (1943, Itziar, Deba). Harrijasotzailea:

Harrijasotzaile bikaina izan zinen. Nolakoa izan zen hasiera?
Endañeta: Urtainengatik hasi nintzen ni harria jasotzen. Bi auzotakoak ginen, Urtain, Arroa aldekoa zen, eta ni berriz, Elorriagakoa, Zumaia aldekoa. Garai hartan bi auzoetan izugarrizko giroa zegoen eta lehia moduko bat ere bai. Urtainen aita harrijasotzailea izandakoa zen eta hark maisua etxean zuen, ni berriz zerotik hasitakoa nintzen, baina hala ere, bion arteko apustua hitzartu genuen. Sekula jokatu ez zen apustua, hain zuzen ere. Urtainek atzera egin zuen, eta apustua egindakoan aurreratutako dirua galdu egin zuen. Esan zutenez, eskuko behatz batean ebaki bat egin zuen. Handik gutxira, bera boxeatzen hasi zen eta bi auzoen arteko apustu giro hura orduantxe galdu zen.

Geroztik zenbat apustu?
E.: 23 apustu egin nituen nire kirol ibilbidean. Horietatik 14 irabazi, eta bat berdindu egin nuen, Mendizabalen aurka. Gainontzeko zortziak galdu egin nituen. Pisu handiko harriekin aritzen nintzen, eta apustua egingo banuen, normalean, aurkariari pisuan abantaila eman beharra izaten nuen, bestela ez zegoen apustua egiteko modurik.  

Noiz utzi zenuen harri jasotzea?
E.: 40 urte nituenean, orain dela 33 urte juxtu.

Zu aritzen zinen garaitik ona zer nolako aldaketa izan du harrijasotzeak?
E.: Aldaketa handia izan da gu ibiltzen ginen garaitik hona. Entrenemenduak oso ezberdinak dira, orduan, apustu munduan erabat sartuta ibiltzen ginen. Orain, berriz, markak egitera joaten dira, beste erabateko giroa da oraingoa.

Eta nola ikusten dituzu gaur egungo harrijasotzaileak?
E.: Oso desberdinak dira. Gure entrenamendua mendian ibiltzea eta etxean teilatupetxo baten azpian harria jasotzea izaten zen. Orain, gimnasiora joaten dira eta prestakuntza askoz osatuagoa dute, medikuak ere badituzte, harriari plomoa sartzen diete bolumena gutxitzeko, guk harri-harria erabiltzen genuen. Beste mundu bat da.

Harrijasotzaileek gorputzari izugarrizko tratua ematen diozutela dirudi. Sasoiko ikusten zaitugu.
E.: Sasoiko nabil, ez daukat inongo atxakerik. Urte pila bat  hartu dut bizkarrean, baina oraingoz benetan ondo sentitzen naiz.

Plazara joaten al zara?
E.: Bai, ahal dudan guztietan joaten naiz, izugarrizko afizioa daukat, baina, ez dut bata edo bestearen aldeko apusturik egiten, gezurra badirudi ere ez naiz batere apustuzalea.

Aitzol Atutxa Gurtubai (1988, Dima). Aizkolaria:

Berezia da aizkolari txapelduna bilbotarra dela jakitea...
A.A.: 22 urtera arte Bilbon bizi nintzen; ikasketak bukatu nituenean Dimara gurasoen herrira joan nintzen. Bilbon ez zegoen aukera handirik ez entrenatzeko, ezta erakustaldiak egiteko ere. Futbolean, pilotan, aizkoran..., 15 urtetik aurrera erabaki nuen aizkoran serio hastea.
Ibilbide azkarra bezain oparoa...
A.A.: 19 urterekin Bizkaiko txapelduna izan nintzen lehenengo aldiz, bai bakarka, eta baita bikoteka, eta hortik aurrera erreskadan irabazi ditut guztiak. Azken bi urteetan Euskal Herriko txapelduna naiz. 26 urterekin jantzi nuen lehendabiziko Euskal Herriko txapela, azken urteetako gazteena izan naiz, eta oso pozik nago alde horretatik. "Urrezko aizkora" bikoteka, Donostiako "Urrezko kopa" ere irabazi ditut.

Zergatik aizkora?
Aitzol Atutxa: Aitarengatik. Bere ere aizkolaria izan zen eta txikitan bera ikusiz zaletu nintzen. Badakizu, "zer ikusi, hura ikasi". Ez dakit noiz emango nintuen lehenengo aizkorakadak, gogoan dudana da jendaurreko erakustaldi batean lehenengo egur osoa zazpi urterekin moztu nuela.

Palmares itzela, eta urtetik urtera hobetuz doana...
A.A.: Orain arte bai. Iaz bederatzi txapelketa ofizialetan parte hartu nuen, eta horietatik zortzi irabazi nituen eta batean bigarren geratu nintzen, iaz bezalako urtea berdintzea zaila izango da.

Aizkolariak ia ez zaretela  zahartu arte erretiratzen kontuan izanik, kirol bizitza luzea geratzen alzaizu?
A.A.: Erretiratu egiten dira, baina bai, kirol bizitza nahiko luzea izaten da gurea, batez ere, teknikak eta erresistentziak duen garrantziagatik. Erresistentziako kiroletan beti egoten da jende heldua. Eta teknika hain garrantzitsua izanda, bada oraindik gehiago.

Ogibidetzat ikusten al duzu?
A.A.: Ez. Enpresaritza ikasketak egin nituen, eta familiaren enpresan hasi nintzen lanean eta hor jarraitzen dut buru-belarri, hortik jaten baitugu. Gainera, ni ez naiz erakustaldi gehien egiten dutenetakoa.

Nola uztartzen dituzu, familia, lana, kirola?
A.A.: Ez da erraza dena uztartzea. Saiatzen naiz ahalik eta ondoen egiten, entrenatzeko tarteak ateratzen, ume biak txikitxoak dira oraindik, eta horiek ere lana ematen dute, buruko mina behintzat bai, hainbat pozekin batera, noski. Badago jendea ia erabat aizkora munduari eskainia, baina, ez da nire kasua.

Aizkolariei dagokionez, zein da egungo Bizkaiko errealitatea?
A.A.: Lehenengo txapeldun bizkaitarra naiz. Lehenengo mailan dagoen aizkolari bakarra naiz, gainontzekoak hirugarren mailan daude. Zonaldearen arabera asko aldatzen da egoera, adibidez, Arratiako bailaran beti egon da afizioa, batez ere, Zeanurin. Ez dakit zer izaten den lehenengo, arrautza ala oiloa. Afizioa ala lider bat? Orain txapelduna bertakoa izanda afizioa etorriko al da? Ez nuke jakingo erantzuten. Espero dut baietz, Bizkaia osora afizioa zabaltzea gustatuko litzaidake.

Olasagastirekin duzu apustua...
A.A.: Orain arte ez dut apusturik jokatu, hau izango zen aurrenekoa eta momentuz atzeratu egin genuen Olasagastik mina hartu zuelako. Apustuek kirol honi bere xarma ematen diote, eta probatu egin nahi nuen. Momentuz itxaron egin beharko dut, ea posible den urtea bukatu aurretik gauzatzeko modua izatea.

Laurence O´’Toole (1980, Melbourne, Australia). Aizkolaria

Zenbat denborarako etorri zara Euskal Herrira?
Laurence O’Toole: Euskal Herrira etortzen naizen laugarren aldia da. Urtarrilaren 10ean iritsi nintzen bikotekako "Urrezko aizkora"n lehiatzeko, eta txapelketa hau bukatzean itzuliko naiz Australiara. Martxoaren hasiera aldera.
Nolaz zatoz Euskal Herrira?
L.O.: Australian orain da aizkolarientzat urteko garairik fuerteena, hainbat txapelketekin eta abar, baina oso gogoko dut hemengo giroa eta konpetizioa.

Kontuan izanik zure fisikoa (1,95ko altuera) agian beste kirolen bat egokiago izan ziteken zuretzat...
L.O.: Aitona, aita eta osaba bat ere aizkolariak izan ziren aurretik. Osaba batek aizkorak egiten ditu, giro horretan hazi nintzen. Aitak eta osabak parte hartu zuten duela aspaldiko Euskal Herria-Australia aizkora lehiaketa haietan. 5 urte nintuela Arria II. ikusi nuen Australian konpetitzen eta hura ikusteak sortu zidan inpresioa ahaztezina da niretzat.

Munduko txapelduna zara. Nolakoa da txapeketa hori?
L.O.: Txapelketa egur bakarrera izan zen, eta bai, txapelduna izan nintzen. Kanaerdi inguruko eukalipto egurreko egur bat ebaki behar izan genuen. Urtero egiten da Sidneyn munduko txapelketa hori eta nik irabazi nuen azkeneko urtekoa. Gu lan motzetara ohituta gaude, egurra ere oso ezberdina da, han eukaliptoa erabiltzen dugu, hemengo pagoaren egurraren aldean biguna eta garbia, adar-begirik gabea.

Nolakoak dira hango aizkorak?
L.O.: Aizkora ezberdina da, teknika ezberdina da. Neronek ekarri ditut handik aizkora batzuk, onak baina handiak. Hemengo lan luzeetan neke handia sortzen zait bukaerarako.

Hemengo lan luzeak diozu?
L.O.: Ez zait erraza egiten hemengo lehiara egokitzea, baina gogor entrenatzen ari naiz.

Australian zein da aizkora munduaren errealitatea?
L.O.: Hemengo modukoa da. Konpetizio ugari dago urte osoan zehar, eta tarteka gurekin izaten ditugu Estatu Batuak, Kanada eta Zeelanda Berriko aizkolariak ere. Mila aizkolari inguru gaude federatuta, asko dirudi, baina, kontuan eduki behar da herrialdearen tamaina izugarria. Telebistan presentziarik ez dauka.

Zer gustatzen zaizu Euskal Herritik?
L.O.: Oso ezberdina delako gogoko dut. Eta etortzen naizen bakoitzean egiten didaten harrera beroa. Hemengo aizkolariek beren etxeko ateak irekitzen dizkidate. Sagardotegiak ere asko gustatzen zaizkit.

Beraz, berriro itzuliko zara?
L.O.: Ez dakit itzuliko naizen, momentuan hemen nago eta hau bizitzera mugatzen naiz.

Noiz arte ikusten duzu zure burua aizkolari moduan?
L.O.: Ez naiz inoiz erretiratuko.

 

Idoia Etxeberria Ikutza (1992, Orio). Harrijasotzailea

Noiz hasi zinen harria jasotzen?
Idoia Etxeberria: 2007.urtean hasi nintzen, 14 urte nituela. Gure aita herri kiroletako talde batean ibiltzen zen, mundu hori ezaguna nuen eta Orioko beste neska bat harri jasotzen ikusita animatu egin nintzen. Nire auzoko festetan atera nintzen jendaurrera estrainekoz.

Nor izan duzu irakaslea?
I.E.: Jose Ignazio Lusarbe izan nuen lehen irakaslea. Gaur egun ere laguntza handia ematen dit. Duela urtebetetik Ostolazarekin hasi nintzen, aukera eman zidaten eta orain berariekin entrenatzen naiz.

Konta izaguzu zure ibilbidea...
I.E.: Labur esateko, 55 kilokoarekin hasi nintzen, eta 120 kilokoa bizkarreratu nuen 16 urterekin. Geroztik, txapelketak eta markak uztartzen joan gara. Nire marka onena iazko uztailekoa da, 157 kiloko harria jaso nuen orduan.

Zenbat eta karga astunagoa jasotzea da zure helburua?
I.E.: Badu bere garrantzia, jendeak ere hori eskatzen digu. Txapelketei garrantzia ematen zaio, baina markei handiagoa.

Zenbat neska ari zarete orain?
I.E.: Miren Urkiola eta Marijose Sardonek utzi egin zuten 2010. urtean. Orain, harria jasotzen Estitxu Almandoz eta biok bakarrik gabiltza.
Bi harrijasotzailerekin txapelketarik egin al daiteke?
I.E.: 2014an utzi ziguten birekin egiten, besterik ez zegoelako. Iaz Estitxu Almandozek ez zuen izena eman eta ez zen izan egiteko aukerarik.

Orduan, beste neska batzuen premia badu kirol honek?
I.E.: Dudarik gabe, lehiakortasunak beste bizipoz bat emango liguke. Jarraitzeko aukera badaukat, gogoa ere bai.

Erakustaldietarako eskaera handiagoa izaten al duzu neska izateagatik?
I.E.: Ez dakit mutilei zenbat plaza egiteko aukera ematen dieten, baina bai, uste dut gehien mugitzen denetakoa naizela momentu honetan. Ez daukat kexurik erakustaldi kopuruari dagokionez.

Kirolaz gain zer egiten du Idoiak?
I.E.: Ikasketekin jarraitzen dut. Batxilergoa egin ondoren, Donostian Haur Hezkuntzako goi mailako zikloa egin nuen. Hura bukatuta, hartan lanik egiteko aukerarik ez zen sortu, eta orain, "Natura eta baso kudeaketa" goi mailako bi urteko zikloa egiten ari naiz.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!