EAJren idatzia, hondakin bilketa sistemaren inguruan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko ots. 9a, 01:00

EAJk hurrengo astean lotu nahi du hondakinen bilketa sistemaren inguruko akordioa:

“Udal hauteskundeen ondoren Amasa-Villabonan gaikako hondakin bilketa sistema berri bat ezartzeko Iban Aguirre alkateak irekitako elkarrizketa prozesua azken txanpan sartu da, alderdi politiko guztiek hilabeteetan zehar hartu dute parte negoziazioetan.

EAJrentzat –akordioak aho bateko babesa lortuko du, guztiek eginiko esfortzu eta zesioei esker- hondakin bilketa sistema berriak bermatu beharreko oinarriak eta lortu beharreko helburu zehatzak eduki behar ditu. Lehenik, behin-betiko izaera izan behar du, hau da, etorkizuneko legealdietarako ere balio behar du. Bigarrenik, erabilgarria eta erosoa izan behar du herritar guztientzat, ez du inolaz murriztailea izan behar. Bestetik, behar beharrezkoa izango da herriko hondakin solidoen gaikako bilketa bultzatzea, azken urte hauetan erakunde ezberdinetatik garatutako sentsibilizazio politikei jarraituz. Ondorioz, hondakin bilketa sistema berria sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpainekin osatuko da, herritarrak konbentzitzeko asmoz, inposaketak alde batera utziz. Azkenik, erakunde eta herritarren arteko konfiantza indartu behar da, udalak herritarrek zerbitzua zuzen erabiliko duten konfiantza eduki behar du, eta herritarrek udalak bilketa sistema berria era egokian garatuko duen konfiantza eduki behar dute.

Hau honela izanik, EAJk aurreko astean lorturiko aurre-akordioari hobekuntza batzuk gehitu dizkio, sistema berria eraginkorragoa izan dadin. Alderdi nazionalistarentzat ez da egokia, EH Bilduk proposatzen zuen moduan, errefusaren edukiontziek erabilera mugatua izatea (astean 2 aldiz bakarrik erabili ahal izatea). Hau onartzea herritarrengan konfiantzarik ez izatea da, eta orain ‘Hondakinen Turismoa’ ezagutzen duguna ez ezabatzea. EAJk txipa izango duten organiko eta errefusaren edukiontziak asteko egun guztietan eta nahi den alditan erabili ahal izatea eskatzen du.

Aurrekoarekin jarraituz, ez da bidezkoa ezker abertzalearen proposamena, hau da, errefusaren edukiontzia astean bitan baino gehiagotan behar izanez gero herritarrak horretarako eratutako udal-zerrenda batean izena eman behar izatea. Udalaren zeregina ez da herritarra kontrolatzea, baizik eta bere beharrei erantzutea, eta hau ukaezina da. Zer esanik ez hori pertsona bakoitzaren pribatutasun eta intimitatearen aurka joatea dela, “pixoihalen errolda” moduko bat sortuz. Bestalde, hondakinen gaikako bilketa sistemaren tasen inguruan, EAJ akordioa lortzeko formulak aztertzen ari da, horretarako, Tolosaldeako Mankomunitatean urtarrilaren 18an hartutako erabakitik abiatuz (non %60a ezartzen zen helburu gisa), Amasa-Villabonak etorkizunean ehuneko horiek igo ahal izateko sistema berriaren garapena hobetzeko tresnak ezarriz.

Datorren aste honetan, EAJk bilerak egitea aurreikusten du PSE-EE eta EH Bildurekin, denentzat beharrezkoa den akordio batetara iristeko”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!