Zaindu dezagun natura

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko ots. 9a, 01:00

Orain bi urte Mikel Yarza eta Joxe Anjel Apezetxea amasarrak Amasamendiko lursailak euren kabuz garbitzeari ekin zioten, ingurunea zaborrez beteta ikusteak mina eragiten baitzien.

M

endia maite dute eta mendian barrena oinez ibiltzea, baina mendia txukun eta garbi ikusi nahi dute, zainduta; ez zabor eta zakarrez beteta. Egungo gizartearen zati batek, ordea, natura garbi mantentzeari behar bezalako garrantziarik ematen ez diola uste dute. Denetariko zaborrak aurkitu dituzte mendi sailetan barrena, eta eurek jasotakoa, hori gutxiago izango dela pentsatuta, zaborrak pilatu eta garbitokira eramaten hasi ziren duela pare bat urte. 

Batetik kable azalak bildu dituzte, kilometro eta kilometro kable azal. “Kobre lapurreten garai bete-betean, itxuraz, inguru honetara etortzen ziren kabletik kobrea ateratzera. Behin kobrea ateratakoan, mendian barrena botata uzten zituzten kable azalak”, azaldu dute. Amasamendi ingurua horretarako gune aproposa dela diote, “ailegatzen erraza delako eta batez ere leku gordea delako”. Pisua zehazten zaila bada ere, obratako bi edukiontzi handi bete dituzte dagoeneko basoan goitik behera nahiz behetik gora bildutako kable azalekin, bide batez, sasiak ere garbituz. 

Hasiera batean eurek eramaten zuten bildutako zaborra garbigunera, baina kantitate handia zegoela jabetuta, Villabonako Udalari kasu egin zien, haiek bildutakoa garbigunera bidera zezaten. Halaxe ari dira geroztik lanean.

Denetariko zaborra

Kable azalez gain, ordea, bestelako zaborra ere aurkitu dute mendi sailetan barrena. Denetariko zaborra, dena nahasian utzita… “Paper, botila edota latez gain, elektrotresnak, etzaulki edo tunbonak nahiz arkume buruz betetako poltsak ere aurkitu izan ditugu”, zehaztu dute. Hainbat herritarrek zabor horiek kotxez kontzienteki ekartzen dituztela uste dute eta mezu bat luzatu nahi dute, herritarrek kontzientzia har dezaten, “mendia ez da zaborrak botatzeko tokia; horretarako, egun badaude egokitutako hainbat garbigune. Garbi jokatzeko eskatuko genieke herritarrei, bakoitzaren esku dago hori”. Argi dute, mendian ez dela karamelu paperik ere bota behar. Etxetik ekartzen dena bueltan etxera eramatea ez dela ezertxo ere kostatzen. “Jendeak mendira ekarritako zaborrak bereak direla konturatu behar du eta bakoitzak jakin behar du nora bota behar dituen”, azaldu du Joxe Anjelek. Zaborra etxe inguruan ikusi nahi ez eta garbigunera eraman beharrean mendira ekartzea guztiz errespetu falta handia dela uste dute. “Lapurretan dabilenak zaborra mendian botata uztea oso kontu larria da, baina oraindik eta larriagoa etxeko zaborra botatzera mendira propio etortzea”, adierazi du Mikelek.

 

Egiteko asko

Dudarik gabe, ingurunea txukun eta garbi mantentzea gustatzen zaie eta “beste batzuk zuhaitzak landatzen edota bideak garbitzen aritzen diren bezalaxe, gu zaborrak pilatu eta biltzen aritzen gara”. Lerro hauek irakurrita, agian jende gehiago euren ahaleginera batu daitekeela pentsatu dute eta guztiak ongietorriak izango direla diote, “bai baitago oraindik ere zereginik. Orain Amasamendiko bi gune garbitu ditugu. Aurrez Onddo eta Arlagats aldean aritu ginen. Etorkizunera begira Komizarko parke ingurua edota Otsabi aldea begiz jota ditugu”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!