Herritarren txokoa

Merkantzia-ontzi txikitik arraste-arrantzako itsasontzira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko ots. 18a, 01:00

Jabier Maiz Urkidizar 1952 urtean jaio zen Asteasuko Urkidizar baserrian. Barrualdeko herrietan ezohikoa den lanbidea aukeratu zuen, itsasgizona izan da.

Baserrian laguntzeaz gain, Villabonako Sacem lantegian lanean hasi zen Jabier gaztetxo zelarik. Diru pixka bat irabazteko harrak bultzatuta, urte erdira, itsasora joatea erabaki zuen. Soldadutza Ferrolgo marinan egin eta 1974ko urtarrilean hartu zuen itsasorako bidea. “Merkantzia-ontzi txiki batean hasi nintzen 22 urte bete aurretik, Bilbotik aterata. Errepide zaharretik barrena eraman ninduen arrebak Bilbora, 08:00etan abiatzeko, etxetik goizeko 05:30etan aterata. Rivadesellara egin nuen lehen irteera. Han, beira egiteko hondarrez bete genuen ontzia, baina ezin izan genuen zortzi egunean atera, azpia jotzen zuelako”, adierazi du. Rivadesellatik Sevillara eraman zuten hondarra eta deskargatu ondoren, Marokora abiatu ziren, Casablancara hain zuzen. Lehen urte eta erdi merkantzia-ontzi hartan marinel gisa aritu eta gero, bereziki txatarra garraiatzen zuen itsasontziko koipeztatzaile lanetan hasi zen. 35 egun igarotzen zituen etxera etorri gabe, trioan egiten zuten lan: hiru itsasontzitatik bi lanean aritzen zirelarik, erreleboan. Hiru urtez aritu zen langintza horretan eta arraste-arrantzako itsasontzira egin zuen jauzi gero, alturara. “Pasaiako Casa Estela itsasontzian Ingalaterrara joaten ginen bereziki, han sare handien bidez arraina arrantzatu eta Pasaiako portura ekartzen genuen. Legatza batik bat, baina bisigua ere bai garai haietan”, zehaztu du. 

 

Malvinataraino

Ingalaterrako denboraldia apaldutata, Frantziako kostara jo zuten gehiago, “8-10 egun igarotzen genituen Frantziako itsasoan, hilabetean hiru bidaia eginez. Pasaiatik atera eta Pasaiara etortzen ginen, bidaia bakoitzeko egun bateko atsedena izaten genuelarik”. Virgen de la Roca izeneko itsasontzia izan zuen etxebizitza ia 21 urtean zehar. “13 bat lagun izaten ginen itsasontzian eta koipeztatzaile aritzen nintzen ni, makina koipeztatu eta zainduz. Barruko lana egiten nuen batik bat, makinaren ardura nirea zen”. Pasaiako portutik A Coruñara joan eta beste hiru urtez egin zuen lan bertan. Gero, Malvina irletara abiatu zen Vigotik Castello itsasontzian. Bost hilabete igaro zituen itsasontzitik atera gabe, harik eta Montevideon itsasontzia utzi eta hegazkinez etxera itzuli zen arte. “Malvinatan pota asko harrapatzen zen, legatz australa, txipiroiak, enperadore arraina… Etxera bueltan izoztuta ekarri nituen haietako batzuk eta etxekoek diotenez, gure etxean jan den arrainik onena da enperadorea”. Hilabeteko atsedenaren ondoren, berriz ere Malvinatara itzuli zen, guztira urtebete egin zuelarik Argentinako itsasoan.

Ondarrun, bidearen amaiera

Kanpoko lur eta bereziki itsasoak ezagutuagatik, Ondarrun amaitu zuen bere itsasgizon ibilbidea, etxetik gertuago. Susto handi samarra izan zuten Ondarrutik Irlandara joan eta deskargatzen hasi ziren txanda batean, arroka jo eta  zeharo ez bazen ere, urperatu egin baitzitzaien itsasontzia. “Ondo atera ginen guztiak eta, sustoa pasatakoan, gaitz erdi. Itsasontzia gerora erreparatu egin bazuten ere, beste enpresa batentzat hasi nintzen lanean Ondarrun bertan. Oso gustura, inon baino gusturago ibili nintzen han; astero etxera itzultzen nintzen arraina hartuta”, azaldu du.

 

Itsasoa haserretzen denean

Baleren bat inoiz ikusi badu ere, izurde artean ibili izan zen sarritan Jabier itsasontzian, “itsasontziaren kontra jarri eta negar egiten dute izurdeek, bidean zehar lagunduz”. 

Itsasokoa bizimodu gogorra dela dio, eguraldi txar asko izaten dela. “Makina bat bider barkuaren gainera atera eta uraren gainetik ikusi izan ditut helizeak. Kostan ikusten diren olatu handiak ez dira ezer itsaso zabala benetan haserretzen denean. Urak indar handia egiten du eta halakoetan, lan handia egin behar izaten da itsasontzia defendatzen”. Itsasoan hainbeste denbora igaro eta gero, gustura etortzen zen lehorrera eta halakoetan parranda egitea gustatzen zitzaion, “numero uno nintzen parrandarako”, azaldu du irribarretsu. Mugikorrik eta egungo teknologia berririk ez zegoen garaian, satelite bidez hots egiten omen zuen etxera, esaterako, Malvinatatik.

 

Nahikoa Itsaso ikusia

Itsasgizona izanagatik eta milaka arrain ikusiagatik, sekula ez zaio arraina jatea bereziki gustatu Jabierri, “itsasoan ikasi nuen arraina jaten, baina nik haragia eramaten nuen bertan jateko. Kostata ikasi banuen ere, gustura jaten dut egun arraina”, argitu du. 

2004ko maiatzean utzi zion itsasgizon izateari; duela ia 12 urte, beraz. Geroztik ez du itsasoa gehiegi faltan botatzen, “nahikoa ikusi nuen lehen ere”, dio. Hala ere, tarteka Donostiara joan ohi da paseatzera eta orduantxe ikusten du hain gertukoa zaion itsaso zabala.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!