Juanjo Elordi animaziozko filmetako zuzendaria

Goya sarietarako izendatu duten Yoko eta lagunak filmaren zuzendari eta ekoizlea da Juanjo Elordi andoaindarra. Basteron estreinatuko da filma asteburu honetan.

Azaroan estreinatu zen filma eta azkenean iritsi da Andoainera…

Luzatu egin da gauza, baina pozik nago. Azaroan promozio lanak egin eta beste zereginetara jarri ginen harrezkero, baina orain egokitu da herrira etortzea. Berriro ikusmina piztu zait pelikularen inguruan, ea inguruko jendeak nola erantzuten duen. Izan ere, azaroan jende mordoa Donostiara joan zen ikustera; batzuk ikusi ahal izan zuten, baina beste batzuk ilaran jarri eta sarrerarik gabe geratu ziren.

 

Goya sarietarako ere izendatuta dago zuen pelikula…

Galan egoteko botoa eman diote akademikoek, eta guretzat ezustekoa izan da, kontuan hartuta pertsona helduei normalki ahaztu egiten zaiela umeentzat sortutako ekoizpen lanak badaudenik, non eta etxean ez daukazun horietako bat. Lau pelikula gaude lehian, animaziozko pelikulen sailean. Kalitatezkoak lauak ere: Atrapa la bandera, Meñique, Noche ¿de Paz?-Holy Night! eta gurea. Aurrenekoa da faboritoa, Tele5 telebistak ekoiztua, amerikar marrazki bizidunen estilokoa da, klasikoa bezain berritzailea, eta ondo egina dago egia esan behar bada. Hamabi milioiko aurrekontua dauka; gureak, berriz, bi milioikoa. Zaila dago kontua, baina ez dugu ezustekoa emateko itxaropenik galtzen. 

Oholtzara igo behar bada, animatuko gara, egoera okerragoetatik pasa izan gara-eta! Ez nuke mintzaldi luzea egiteko premiarik sentituko; hori bai, emozioak dantzan edukiko nituzkeela iruditzen zait, izan ere, edonon eta edonoiz publikoki zure izena esaten dutenean –baita auzoko jaietan ere–, pertsonok zerbait apartekoa sentitzen dugu, ezin da hori ekidin.

 

Nola moldatuko zarete Goya ekitaldiak ustez daukan glamourrean?

Ixiar (emaztea) eta biok joango gara. Antolatzaileek ekitaldiari telebista saio izartsu baten tratamendua ematen diote, oso landua; parte hartzaile guztiei astero idazten digute detaile guztiak ondo lotuta edukitzeko. Gizonak trajez eta emakumeak gaueko gala batek merezi duen dotoreziaz jantzita joatea da eskatzen diguten konpromisoetako bat. Ileapaindegi eta makilaje zerbitzua ere jartzen dute parte hartzaileentzat. Esan beharrik ez dago itxura eta diztiraren aldetik aktoreentzat zeremonia handia dela; haiei begira jarriko baita mundu guztia, eta jokoan eduki dezakete etorkizun artistikoa.   

 

Zer kontatzen du Yoko eta lagunak pelikulak?

Yoko, pertsonaia, basajaun kume bat da eta lagunekin jolas egitea du gogoko batez ere. Kaleko jolastokietan gertatzen dira ekintzarik gehienak, haietan biziko dituzte abenturak Yoko eta bere lagunek. Azken batean, kalean jolastearen eta horretarako lekuak edukitzearen aldeko aldarrikapen txiki bat luzatu nahi du pelikulak. Izan ere, izugarri ari da aldatzen jolasaren bizipena, belaunaldi batetik bestera. Gurasook haurrak berehala sartzen ditugu eskola kanpoko ekintzetan, eta bestela ere, gero eta gehiago kontzentratzen gara hirietan eta beldurrek jaten gaituzte, segurtasunarekin obsesionatzen gara. Gero eta denbora gutxiago daukagu geure umeekin parkean edo aire librean denbora pasatzeko; badirudi bateraezinak bihurtu direla gure bizimodua eta kaleko jolasak. Gurasoei sakrifizioa eskatzen digu geure umearekin kalean egoteko denbora hartzeak, baina gero satisfazio handiarekin etxeratzen gara, umeek kaleko jolasa behar-beharrezkoa dutela pentsatuta. Kontziente gara horrela garatzen dutela beren nortasuna, premiazkoa dutela euren fantasia eta abenturatan murgiltzea, modu askean.

Pelikularen egileak ez gara psikologoak, baina argi daukagu ideia hori; gainera, gertu eduki ditugu aholkulariak ere. Guraso askok aitortu digute identifikatuta sentitu direla pelikularekin, euren bizimoduarekin zerikusia duten detaile asko azaltzen dituelako. Edorta Barruetabeña gidoilariak sentiberatasunez egiten du lan; geure benetako bizimodua islatzen saiatzen da, alegia. Izan ere, sarriegi, Ameriketan egindako filmetan klitxe asko erabiltzen dira, eta geure errealitatea pantailan kontatzen den horixe dela ematen zaigu aditzera. Baina, egiazki, pentsatzen jarri eta ateratzen dugun ondorioa, filma askok, geuri axola zaizkigun egoera, bizipen eta sentimenduekin zerikusirik ez dutela da. 

 

Nolako ibilbidea egin du pelikulak iazko azaroan estreinatu zenetik?

Ez dugu oraindik balantzerik egin, baina hasieratik ikusi genuen bizitza luzea edukitzeko jaio zela. Xumeki hasi ginen, karteldegietatik ez zedin bi asteren buruan ezkutatu, gaur egun ohikoa den bezala, eta bere bidea egiten ari da zorionez. Pelikula ez zela publiko zabalarentzat, lau eta zortzi urte bitarteko haurrentzat bideratzen zela azpimarratu genuen, eta horrexegatik, bageneukan erreparo pittin bat. Hots, gurasoak ez ote ziren atzenduko pentsatuz beren haurrek ez zutela 80 minutuko pelikula jasango eserlekuan eserita. Ustekabe ederra hartu dugu baina, oso ondo pasa dutela aitortu baitigute bai gurasoek, baita haurrek ere! Pailazoen emanaldietan bezala, txintxo eta erne pantailari begira! 

Zer da Somuga lantegia, Andoainen kokatzen den estudioa?

Marrazki bizidunak ekoizteko estudioa da. 2005ean eratu genuen, bertan proiektuak hazi eta garatzeko eta horretarako lantalde egonkor bati bidea emateko. Deslokalizazioaren fenomenoak marrazki bizidunen zerbitzuak Euskal Herritik Asiara eraman zituen une berberean jarri genuen abian gurea. Egundoko ahaleginak eta estuasunak eskatu dizkigu abenturak, baina bidean, jada hiru ekoizpen plazaratu ahal izan ditugu: Munduaren bira, doan! (2007), Gartxot (2011) eta Yoko eta lagunak (2015); laugarren bat atontzea espero dugu 2016ko abendurako. 

Hamaika langilek egiten dugu lan estudioan, etengabe. Gero ekoizpenetan buru-belarri sartzen garenean, baliteke lantaldea 30 lagunetara iristea. Egin kontu bost bat urtez luzatzen dela ekoizpen bakoitza. Gidoiaren idazketarekin hasten da sormen prozesua, ondoren kritikak jasotzen dira, berridazketa egiten da, irudia definitzen da, marrazkilariak hasten dira lanean… Finantzaketa ezinbesteko atala da, eta hor zailtasun handiak izan ditugu. Yoko eta lagunak filmaren kasuan, adibidez, Errusiako estudio batekin erdibanatzea beste erremediorik ez zaigu geratu. Erabakiak elkarrekin negoziatu behar izan ditugu, baina iruditzen zaigu gure hasierako proiektuaren arimak ez duela aldaketa sakonik jasan. 

 

2016ko abenduan plazaratuko duzue, beraz, hurrengo filma…

Pixi Post izenburua izango du. Gabonetan munduan zehar opari emaile gisa lan egiten duten pertsonajeen gainean da. Polita, berezia, garaikidea izango da. Munduko olentzeroak zertan ibiltzen diren jasoko du, abentura eta umorea nagusi duela, noski. Olentzeroz gain, Galiziako Apalpadorra, Kataluniako Caganeta, Errege Magoak, Santa Clausa…, guztiekin elkartasun istorioa osatuko da. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!