Bizikidetzan sakontzeko memoriaren lanketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko ots. 8a, 01:00

Aintzane Ezenarro eta Sabino Ormazabalek biktimen inguruko hitzaldi bana eskaini zuten Saroben, urtarrilaren 28an. “Memoria landu: zergatik eta zertarako” izenburupean, nork bere eskarmentua azaldu zuen.

Kronika:

Ezenarrok azpimarratu nahi izan zuen berak zuzentzen duen Gogora institutuaren zereginik funtsezkoena, biktimen arloan, pentsamendu ezberdineko alderdi eta pertsonen arteko adostasuna ahalbidetzea dela. Horretarako, printzipio batzuk jarraitu nahi dituztela zehaztu zuen: “Memoria jasotzerakoan ezin da ezer utzi, baina ezin da dena nahastu. Ardurak ere ezin dira diluituta geratu. Gertaera bakoitzak bere azterketa espezifikoa eskatzen du”.
Gogora institutuak etorkizunean zein erronka dituen adierazi zuen: “batetik, urruneko memoria jorratu nahi da: gerra zibilean eta frankismoan burutu ziren giza eskuideen urraketa guztien informea edo sumarioa hain zuzen. Horretarako, beharrezkoa den metodologia ezarriko da, talde multidiziplinarra osatuz aditu ezberdinekin. Oso berandu gabiltza, baina oinarrizko txosten bat osatu nahi genuke”. Datu bilketarekin zerikusia daukan arlo hori aberasteko, dokumentazio zentroa sortu nahi du institutuak, “bertan jasoko dira talde multidiziplinar horrek biltzen dituen datu guztiak, gehi herriz herri memoriaren arloan funtzionatzen duten taldeek aporta dezaketena”.
Memoria hurbila da institutuak jorratu nahi duen bigarren arloa. Horretarako bitarteko izango den “Memoriaren Plaza” izeneko ekimena deskribatu zuen. “Ekimen ibiltaria izango da, herriz herri ibiliko da, herritarren testigantzak jasotzeko asmoz”. Alde horretatik, biolentziaren inguruan bizipen pertsonalen bat kontatzeko daukan edonori luzatu zion gonbidapena, “denok daukagulako horretarako eskubidea”.
 
Errenteriako esperientzia
Argituz elkarteko kide den Sabino Ormazabalek Errenterian azken urteetan garatzen ari den egitasmoaren nondik norakoa azaldu zuen. “Galdera batek gidatzen du egitasmoa: nola kontatu herritarrei Errenterian azken hamarkadetan gertatu dena, giza eskubideen urraketei dagokionez. Jakina, gauza bat da txosten bat egitea gertakizun guztiak bilduz, baina bestea da hori dena nola kontatu”.
Ekimenak hasieratik nagusi izan duen printzipioa ezinbestekoa izan dela eta izaten ari dela aitortu zuen: “sukalde lanarekin ahalegindu behar dago, pazientzia, bilera mordoa alderdietako kide ezberdinen artean...”.
Horrez gain, herriko jende zehatzarengana jo zuten, Ormazabalek adierazi zuenez: “Herrian sentsibilitate ezberdina daukaten hamabi pertsona bildu genituen, memoria bat konpartitzeko helburuz.  “Printzipioz, bagenekien norberak bere memoria gorde ohi duela, gertakizun batzuk besteak baino gertuago edo biziago eduki ohi ditugula oroimenean. Horregatik, denon artean Errenteriako gizarte bizitza markatu duten hamahiru hito edo gertakizun jasotzea adostu genuen”.
Era horretan, “Memoria partekatu baterantz” izeneko txostena osatu eta aurkeztu zuten 2015eko azaroan. Kronologikoki, nahiko mugatua da txostena. “1956an hasten da frankismoak eszepzio egoera ezarri zuenetik, eta 28 erasoaldi jasan dituen PSEren egoitza 2012an ireki zenean amaitzen da. Tarte horretan, hogeita zortzi heriotz zenbatu dira; inkontrolatuek, poliziak, ETAk eta Komando Autonomoek burutatukoak”. Omarzabalek berak adierazi zuenez, arrazoi nagusi bat dago 1956ko urtea jartzeko abiapuntutzat: “orduantxe hasi zen langileen mugimenduaren borroka hazten eta, denok ados geunden zehazterakoan zuzenki lotuta zihozela langileen borroka hori eta demokraziaren aldeko borroka”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!