Iker Hernandez, Barakaldoko futbol jokalaria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko ots. 5a, 01:00

Barakaldon, Lasesarre futbol zelaia hiri handi haren burrunbatik aparte dago. Inguruan A-8 autopista dago, eta trafiko handia bertan, baina apenas entzuten da soinurik. Iker Hernandez urnietarraren jarrera eta hitzetan bezala. Patxada transmititzen du mutilak. Pozik bizi da, espazioa bilatu du, burua arindu. 

Pozik bizi da, espazioa bilatu du, burua arindu. Aro berri baten hasiera izan liteke, baina nahiago du egunean egunekoa bizi: “nire bizitzako azken urteak planifikatuta egon dira, ia egunero gauza berak egiten. Orain ez, eta gozatu beharra dago”.

Barakaldon zaude, eta ez Urnietan. Esango nuke apur bat isilean, oihartzun mediatiko handirik sortu gabe joan zinela herritik…
Baliteke. Bizitza ia guztia egin dut Urnieta eta Zubieta artean, baina azken hilabeteetan apenas itzuli naiz Urnietara, gurasoen etxera. Zubietara ere ez, noski. Bizitzak aro ezberdinak ditu, eta orain Barakaldon nago. 

Zergatik Barakaldo?
Aldaketa bat nahi nuen. Behar nuen, esango nuke. Oraindik, ekainera arte, Realeko jokalaria naiz kontratuz. Utzita joan nahi nuen norabait, eta hainbat aukera egon ziren mahai gainean. Barakaldoko entrenatzailearekin hitz egin nuen, hemen zeuden hainbat jokalarirekin, Realari nire asmoa zein zen jakinarazi, eta pausoa eman nuen.

Aldaketa behar zenuela esan duzu. Zergatik?
Beno, egoera astun samarra bihurtzen hasi zen Realean nengoela. Batez ere mentalki. Egunero gauza bera egin izan dut urte askotan: Zubietara joan, etxera buelta, partidak… Urte batzuk atzera izan nuen lehen taldearekin debuta egiteko aukera, baina azken aldian sumatzen hasia nintzen Realeko zikloa agortzen hasia zela, hazten edo hobetzen segitzeko aukerarik ez zegoela, eta talderen batean utzita jokatzeko aukera emateko eskatu nion klubari. Ez zen erraza izan, Realak ez zuelako nik beste talderen batean utzita joaten uzteko prestutasun handirik.

Barakaldo. Jendeak hemen BEC erakustazoka edota IKEA daudelako ezagutzen du. Zuk?
Nik ere ez dut askoz gehiago ezagutzen, ez pentsa. Castro Urdialesen bizi naiz (Kantabria), beste 12 taldekide bezala, eta egunero Lasesarrera entrenatzera etorri eta hara bueltatzen gara. Batzuetan, libre daukagunean-eta bertako gune komertzialen batera etortzen gara, arratsalde pasa, baina bestelakoan Castron egiten dugu bizitza: batzuk ingelesa ikasi, besteak beste ikasketa batzuk, han bertan osteratxoa egin…

Barakaldo 2. B mailan dago, eta lider da. Gustura?
Bai, noski. Talde polita daukagu, eta ni ere taldean gero eta sartuago nago. Aintzat hartu behar da liga hasteko aste bakarra falta zela iritsi nintzela hona, eta taldean sartzea ez zen erraza izan. Entrenatzaileak dagoeneko hamaikako bat erabakita zeukan, normala den bezala, eta nik lana egin behar izan dut jokatzen ari zirenei postua kentzeko, ondo jokatzen ari zirelako. 
Pixkanaka lortu dut, eta zenbait partida hasieratik jokatu ditut. Gero eta hobeto aritzea espero dut, minutu gehiago jokatzeko.

Lau gol sartu dituzu. Goleatzaile petoa zarela jartzen du sarean zure izena klikatuta. Kopuru ona da hori? Konforme zaude egindakoarekin?
Ni gustura nago. Egia da aurrelaria naizela, eta goleatzaile sona dudala, baina futbolean dena ez da gola sartzea. Entrenatzaileak askotan kontrako taldeko defentsari presioa egiteko eskatzen dit, baloi luzeetan jabetza irabazi eta taldekideei aurrerantz egiteko denbora ematea… Jokalari batek funtzio asko bete behar ditu, ez golak sartu bakarrik. Ni eskatzen didatena egiten saiatzen naiz, eta aurrera. 

Egia da golak egiteaz gain beste dohain batzuk edukitzea ere ona dela, baina zu zerbaitegatik ezaguna bazara, golak erraz egin dituzulako da…
Bai, etiketa hori hartu dut denborarekin. Egia esan buruz-eta ondo errematatzen dut, 1.83 naiz luzean, eta sena badut, bai, jokaldiak bukatzeko. Baina esandakoa, golak egiteaz gain, beste gauza asko egin behar dira futbolari profesional izateko.

Zer moduz taldean, taldekideekin? Lider izatea gozoa da, baina kudeatzen erraza?
Bai, jokalarien izaerak egiten du erraz. Inor ez da ezinbestekoa sentitzen taldean, eta pentsamolde horrek bat egiten du bete-betean nirearekin. Esan nahi dut, nik taldearen hobe beharrez jokatzen dut, eta ni bezala, taldekide guztiek. 
Denok nahi dugu Barakaldo CF taldea Bigarren Mailan jokatzen ikustea. Nire gol kopurua ez da garrantzitsua izango, taldeak desio dugun igoera hori lortzen badu.

Urte erdi inguru daramazu dagoeneko etxetik kanpo. Moldatzen al zara?
Pixkanaka (barrez). Ni gurasoen etxean bizi izan naiz beti, eta orain bakarrik pisu batean. Sukaldean-eta hasi naiz, mokadutxoak prestatzen, eta neska-laguna bisitan etortzen denean hor aritzen gara han eta hemen ikasitakoa praktikan jartzen. Bestelakoan bai. 
Ia egunero entrenatzen dugu, asteburuetan partida, eta egun pare bat libre ditudanean, atseden hartzen dut, edo gurasoei eta aitonari bisita egin. Ez naiz aspertzen. 

Ekainean Realarekin daukazun harremana bukatuko da. Gero zer?
Ez dakit, eta ez nau arduratzen. Ikusiko da. Igual hemen jarraituko dut, igual beste nonbaiten… Bizitza motza da, eta uneoro gustuko dituzun gauzak egin behar direla ikasi dut. Gustura zauden toki batean bada, nire kasuan bezala, ba zirkulua osatu egiten da.

Realera bueltatzeko ateak itxita al daude?
Ez dakit. Itxura batean hala dirudi. Urte asko egin ditut han, eta azken urtean irtetea eskatu nuen, ez nuelako aukera handirik ikusten. Pentsatzen dut beste lehentasun batzuk dituztela, beste gazteren batzuekin saiatu nahiko dutela, eta kito, ez dago besterik.

Haserre zaude Realarekin?
Ez, ez. Hau futbola da, eta futbol profesionalean eguneroko ogia da halako gauzak gertatzea. Ni Realean egon naiz, bigarren taldean ia beti, eta epe hori bukatzear dago, beste batzuk etorri direlako. Ez diot ezer leporatzen Realari, nire bizitzako parte inportantea izan da. 

Lehen esan duzu ekainean zer gertatuko den ez dakizula. Eta hurrengo urteetan? Arrastorik bai?
Ekainean ez badakit, denboran urrunago ere ez.

Esan nahi nuen, zure burua futbolari moduan ikusten duzun edo ez.…
21 urte ditut eta hobetzeko tarte handia. Baiezkoan nago, baina zure galderarentzako erantzunik ez daukat, ez dakit etorkizuna iragartzen. Niri gustatuko litzaidake futbolari izaten jarraitzea, baina halakorik lortzen ez badut, ba bizitzari buelta bat eman eta bizitzen segi beharko dut.

Ze mailatako jokalaria da Iker Hernandez? Esan nahi dut, 2. Mailakoa, 2. B. mailakoa, Lehen Mailakoa…
2. B Mailan jokatzen ari naiz orain, beraz nire maila hori da. Akaso etorkizunean koskaren bat edo bi igoko ditut, baina gaur egun 2. B mailakoa naiz. 

Pentsatzen dut lagungarri izan dela zuretzat aita bere garaian jokalari profesionala izan zela… 
Erabat. Egun futbol profesionalaren inguruan daukadan pentsamoldea aitak irakatsia da. Berak urte batzuk egin zituen Realean, eta mundu hau ni baino hobeto ezagutzen du. Egun bizitzen ari naizena etor zitekeela bazekien, eta une hori ahalik eta ondoen gainditzeko bideak erakutsi dizkit. Hori eta gauza gehiago.

Adibidez?
Ez etsitzen. Biak, aita eta ama, oso exigenteak izan dira nirekin ikasketen kontuan. Bizibidea banuen Realeko jokalari izanda, baina beti nire gainean egon dira ikasketak egin nitzan. Irakasletza egiten ari naiz. Ikasgai honetan alboratuta daukat, talde aldaketarekin-eta ez nekielako non jokatuko nuen. Etorkizunean ikasketei heltzeko asmoa daukat berriro. 
Praktikak-eta egin nituen Egape ikastolan, eta asko gozatu nuen. Futbolari bideak luze irauten ez badu irakasle izatea gustatuko litzaidake.

Gutxitan ikusi izan zaizu Urnietako kaleetan hara eta hona.
Bai, ez daukat kalean ibiltzeko ohitura handirik. Batetik nekea, bestetik etxekoia naizela, ahal dudan guztietan etxean geratzen naiz lasai-lasai. Asko jota kafetxoren bat, koadrilarekin, edota zineman pelikularen bat. Gauez oso gutxitan irten naiz, eta aurrerantzean ere ez dut uste gehiegitan irtengo naizenik.

Zu zeu eta Nahikari Garcia. Auzo berekoak, parke berean hasi zineten baloiari ostikoka, ezta?
Bai, irakurri nuen bere elkarrizketa, eta jarri duten estalkiaren inguruan ematen zuen iritzia. Belaunaldi batean gazteen izateko era, aisialdi lehentasunak erabat aldatu dira. Guk etxetik kalerako joera geneukan, ez genuen minutu bakar bat bera pasatzen etxean. Baloia hartu eta kalera. Egun, gazteek kaletik etxera, edo lokaletara egiten dute bidea. Eta etxean, ordenagailua, telefonoa… kritiko samarra naiz egoera horrekin, nahiago dut gure garaiko gaztaroa. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!