Neskak ere futbolean, Danena kirol elkartean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko ots. 5a, 01:00

2015-2016 denboraldiaren hasieran aspaldiko asmo edota nahi bat bete zuten Danena kirol elkarteko kideek; nesken futbol taldea osatzea, hain zuzen ere.

Manuel Gonzalez Danenako lehendakari izan da hiru hamarkadatan gutxienez. Orain hilabete inguru Josu Sarasolarengana etorri da ardura hori eta pozarren eutsi dio futbol taldea bideratzeko lanari. Danena futbol taldearen indarberritzeaz mintzatu da Josu eta berak azaldu du nola duela bost urte, Joseba Iturriak, taldea indartzeko ekimena jarri zuen abian, parte hartzeko gonbitea Aiztondo eta Tolosalde mailara zabalduz. Garai hartan sortu zen ia dozena kidek osatzen duten guraso batzordea ere eta bertako partaide da hasieratik Josu. “Lanerako gogotsu geunden gurasoak elkartu ginen eta oso gustura ari gara”, azaldu du. “Kluba indartzen ari da poliki-poliki, egun 280 ume nahiz gazte pasatxo ari da Danena elkartean futbolean jolasten. Futbol eskolan, 2007 urtean jaiotakoak dira taldeko txikienak. Hortik aurrera, erregionalak arte, kategoria guztietan ditugu taldeak”. Azken urteetako helbururik nagusiena ere lortu zuten 2015-2016 denboraldiaren hasieran. Urteak eta urteak aritu dira nesken taldea osatzeko ahaleginean, helbururik bete gabe. “Kategoria guztietako taldeak osatzeko, neskena falta zitzaigun eta deialdi ezberdinak eginez, neskak gurera erakartzen saiatu baginen ere, ez genuen erantzunik jasotzen. Agian zaletasun gutxi zegoelako, agian neskak inguruko beste herri batzuetara jotzen zutelako”, adierazi du Josuk. Iaz, ordea, Zizurkilgo Udalaren laguntza ere izan zuten eta pixkanaka taldea osatzea lortu zuten. “Udalak apostu handia egin du neskak kirolera, –kasu honetan futbolera–, erakartzeko eta haien bultzada ezinbestekoa izan da taldea osatzeko. Arlo guztietan lagundu izan gaituzte Udaletik eta baita nesken taldea sortzen ere”, jakinarazi du esker-onez.

 

{{IMG-34031}}

Meritu handia

Futbol partida jokatzeko zelaian 11 jokalari behar badira, 13rekin osatu zen Danenako nesken futbol taldea joan zen udan. Gerora, ahoz ahokoaren bidez, kopuruz handitzen joan da taldea eta dagoeneko 18 neska badira. “Meritu handia dute neskek, futbolean urte luzeko tradizioa duten talde handien aurka jokatzen ari baitira; Añorga kasu. Danenako neskak, ordea, gogotsu daude eta partidetan, oro har, oraindik ere gol zaparrada sartzen badiete ere, astean bitan etortzen dira entrenamenduetara eta saiatu egiten dira, pixkanaka alde hori txikiagoa izan dadin”. Oraindik irabaztea lortu ez badute ere, partidak berdintzera iritsi dira eta berriki sartu dute Danenako neskek lehen gola, “izugarrizko lorpena izan zen haientzat. Champions-a irabazi balute bezala ospatu zuten”, beti baita bereziki ospatzekoa lehen gola. Are gehiago emaitzak hobetu nahian buru-belarri lanean ari den taldearena. Aurrez, taldeko kideetako oso gutxik jolastu izan zuten futbolean eta ondorioz, oinarri-oinarritik hasi behar izan zuten jokalariek nahiz haien entrenatzaile eta laguntzaileek. “Bi entrenatzaile dituzte egun, baina momentu jakinetan lau ere izan dituzte jokoaren oinarrizko arauak ondo azaltzeko”. Jokalariak, gurasoak nahiz Danena elkarteko kideak pozarren daude lorpenagatik. Lan handia eskatzen badu ere, “gustura egiten den lana” dela aitortu du Josuk.

 

Taldea zabaltzea helburu

Etorkizunera begira taldea zabaltzeko asmotan dira eta neska gehiago nola erakarri aztertzen ari dira. Kategoria guztietan taldeak edukitzea lorpen handia izan da Danena elkarteko kideentzat. Euren helburuak bete dituztela dio Josuk, lorpen handiena nesken taldea osatzea izan dela azpimarratuz, “Zizurkilgo eta inguruko herrietako neskei kirola egiteko eta futbolean aritzeko aukera ematea lortu dugu, nesken taldea osatzeak dituen zailtasun guztiekin; non eta 2000 biztanleko herri txiki batean, Zizurkilen”.


{{IMG-34030}}
“Indartzen ari gara, pixkanaka”

Enara Oiartzabal zizurkildarra eta Naia Garcia billabonatarra Danenako nesken taldeko bi jokalari dira. Gustura abiatu dute biek ere ibilbide berria.

 

Zerk erakarrita hasi zarete futbolean jolasten?
Naia: Nik lehenagotik eskolan futbolean jokatzen nuen eta nesken futbol taldea egingo zutela jakin nuenean, hasieran etortzerik izan ez banuen ere, gerora izena ematea erabaki nuen. 
Enara: Taldea osatuko zela esan zidan lagun batek eta parte hartzera animatu nintzen. Gainera, Naia eta biok gelakideak garenez eta bera dagoeneko jolasten ari zenez, berak ere izena ematera bultzatu ninduen.

Futbolzaleak, beraz?
N. eta E.: Bai. Gustuko dugu futbola eta jarraitzen ditugu partidak.

Beste kirolik ere egiten al duzue?
N.: Halterofilia egiten dut nik.
E.: Dantza eta atletismoa nik.

Nolakoa izan da zuentzat Danenako hasiera?
N.: Hasiera gogorra izan da. Gol asko sartu dizkigute eta behera etortzen ginen askotan. Orain, ordea, gustura ari gara.
E.: Taldea pixkanaka handitu egin da. Hasieran partida guztia jokatu behar izaten genuen, aulkian aldaketarako inor ez zegoelako. Nekatuta bukatzen genuen orduan, baina orain baditugu 5 ordezko ere.

Sartu berria duzue lehen gola!
E.: Orain gutxi sartu genuen eta oso pozgarria izan zen. Indartzen ari gara, pixkanaka.

Zein helburu duzue aurrera begira?
N.: Denboraldiz denboraldi hobetzen joatea.
E.: Denborarekin, emaitza onak lortzea.

Deiren bat egingo al zeniekete futbola gustatu bai, baina izena ematera ausartzen ez diren neskei?
E.: Hasieran gu ere ez ginen on-onak, baina entrenamenduetara etorri eta errenditu gabe, saiatuz gero, hobetu egiten da. Futbola gogok dutenei etortzeko esango nieke.
N.: Niri hasieran lotsa ematen zidan etortzeak, ni baino hobeak egongo zirela uste bainuen. Baina denak antzeko jokatzen genuela ikusita, animatu egin nintzen eta geroztik ez diot entrenatzeari utzi. Lotsak alde batera utzi eta anima daitezela.
E.: Elkar animatu egiten gara eta gustura etortzen gara entrenamenduetara.
N.: Ondo konpontzen gara gure artean eta giro polita sortu da.

Entrenamenduak astero. Eta partidak?
E.: Partidak astebururo izaten ditugu, atsedena egokitzen ez bada behintzat.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!