ABURUZA
Zer moduz hasi duzue sagardo denboraldia?
Ibon Aburuza: Urtero bezala, lasai-lasai hasi dugu txotx denboraldia. Hala ere, esperantza handiarekin gaude; izan ere, iaz udara eta udazken aldera jende asko ibili zela ikusi genuen eta aurten ere mugimendu handia izatea espero dugu.
Inauteriek markatu ohi dute sagardotegira etortzen hasteko unea…
I.A: Bai, ia beti jendea Inauterien ostean hasten da gerturatzen eta, beraz, Inauterien eta Aste Santuaren artean izaten dugu jende gehien. 40-45 egun horiek punta-puntakoak izaten dira. Horren ostean, bezero kopurua jaitsi egiten da. Aurten Inauteriak goiz izanik, ez dakigu zer pasako den; Eguberriak pasa berri ditugu, Inauteriak oraintxe dira… Ez dakigu noiz hasiko den jendea sagardotegira animatzen.
Zer moduzkoa atera da aurtengo sagardoa?
I.A: Ona atera dela esatea dagokigu guri, aurkakoa ez behintzat. Zintzotasunez hitz eginda, aurten oso sagar uzta ona izan dugu, bikaina, eta heldutasun eta gorputz handiko sagardoa atera da. Gutxitan izaten da heldutasuna eta freskotasuna, bi kontzeptu kontrajarri direlako; baina aurtengoan lortu dugula esango nuke. Sagardo heldua izateaz gain, freskoa ere bada. Urte gutxitan lortu den sagar uzta izan da aurtengoa.
Azken urteetan asteburuetan bazkaltzeko joera gailendu dela esango al zenuke?
I.A: Guztiz ados. Joera asteburuetan bazkariak egitekoa da. Guk igandetan itxi egiten dugunez, larunbateko berri dakigu eta, dudarik gabe, larunbateko bazkariek dute indarrik gehien. Orokorrean, gero eta bazkari gehiago egiten dela ikusten dugu. Arrazoi zehatzik ez dakidan arren, sagardotegiak beste parranda giro bat hartu duela esango nuke. Lehen, arratsaldeko poteoaren ostean, parranda giroan afaltzen zen. Orain, ordea, eguerdian lasaiago etorri eta parranda gero egiten da. Gaur egun, parrandatik etorri ordez, lasaiago bazkaltzera eta sagardoaz gozatzera etortzen dira. Tendentzia kontua da, beste era batera bizi dugu orain.
Zuentzat hobea al da bat edo beste?
I.A: Ez. Guk bezeroek sagardoaz gozatzea nahi dugu; parranda aurretik edo ondoren eginda ere, hemen daudenean disfruta dezatela gure sagardoaz. Ez dezatela sagardotegia parranda huts bezala hartu.
Zergatik den ezberdina afari bat astegunean edo asteburuan egitea? Ez du zertan hala izan behar; nire ustez, gauza bera izan beharko luke. Astegun batean etortzen denak, otordua egiten du, sagardoa edanez gozatzen du eta etxera joaten da. Asteburuan berdin izan beharko luke. Parranda egin nahi duenak, egin dezala gero.
Asteburuan ez al da sagardo gehiago edaten astean zehar baino?
I.A: Ez. Sagardozalea denak astean zehar ere berdin edaten du.
Gipuzkoako Sagardotegien Elkarteko Unai Agirrek dio txotxaren inguruko kultura badagoen arren, botilako sagardoa ez dugula behar adina baloratzen. Zer uste duzu zuk?
I.A: Sagardotegiak txotxetik ezagutzen dira, baino hemen botilatik edateko kultura ere badago. Izan ere, Gipuzkoan 13 milioi litro egin dira eta %10 da txotxetik edaten dena. Beste guztia botilatik edaten da. Hala eta guztiz ere, arrazoi du eta txotxari beste balio erantsi bat ematen diogu. Oihartzun handia du, giro hobea jartzen du eta gugan zerbait berezia sortzen du.
Kontsumoa, ordea, botilan dago eta hori ere ez da ahaztu behar. Txotxetik edaten dena murriztua denez, gure salmenta bidea botilan dago. Gainera, sagardotegia urte guztian zehar irekita egonagatik ere, kontsumo portzentaje horiek ez dira aldatzen.
{{IMG-34006}}
R. ZABALA
Ireki berri duzue sagardotegiaren aurtengo denboraldia. Zer moduzkoa izan da hasiera?
Martin Zabala: Ondo hasi dugu, lasai-lasai. Momentuz, lehengo urtean baino lasaiago hasi dugula esango nuke. Diotenez, Eguberrietan jendea indartsu ibili da, eta agian, jendea oraindik ez dago sagardotegira etortzeko prest. Urtarrila, oro har, zentzu askotan izaten da aldapatsua eta esparru honetan ere nabaritzen dugu hori.
Noiz hurbiltzen zaizue jenderik gehien?
M.Z: Jende gehiena martxoan etortzen da; martxoko asteburuetako larunbat eguerditan, bereziki. Izan ere, Inauterien eta Aste Santuaren arteko data horiek dira sagardozaleentzat egokienak. Behin Inauteriak pasata, orduan hasten da jendea gerturatzen, gutxi gora-behera, Aste Santuak arte.
Aurten gainera, negurik ez dugunez, badirudi udaberrian gaudela, eta eguraldi honek jarraitzen badu, jende gehiago erakarriko du. Dena den, larunbat eguerdi guztiek dute arrakasta. Eguraldi ona edo txarra egin, bazkariek sekulako indarra hartu dute azkenaldian. Lauzpabost aste horietan, martxoan, jende ugari ibiltzen da. Ez dakit zergatik, baina nola kanpotarrek hala bertakoek, larunbata nahiago izaten dute.
Ohiko bezeroek ere bai?
M.Z: Ohiko bezeroak, askotan, astean zehar izaten ditugu: jai duen norbait, ostalaritzako jendea, tailerretik atera eta sagardotegira joateko ohitura duen jendea… Hemen betiko jendearekin lan egiten dugu; astean zehar eta asteburuetan ez da egoera guztiz aldatzen. Igandetan, beharbada, antzematen dugu famili giroan etortzen direla, haurrak eta guzti. Gazteek, ordea, beste joera bat dute. Etortzen diren arren, lehen adinako mugimendurik ez dago.
Zergatik uste duzu hartu dutela larunbat eguerdiek horrelako indarra?
M.Z: Parrandarako denbora gehiago ematen duelako. Eguerdian etorrita, goizetik parranda giroan hasteko aukera izaten da, eta gauerako erretiratzen denak, igandea ere aprobetxatzea edukiko du. Eta bi aukera positibo eskaintzen ditu, parrandan jarraitu nahi duenak nahiko denbora duela, edo etxera joan nahi duena, erretiratzeko garaiz dabilela. Afaltzera etorrita, ordea, ia ezinbestean ordu txikitan joaten gara etxera eta hurrengo egunean ere ajea pasa behar izaten dugu.
Zuk zer nahiago duzu?
M.Z: Niri betidanik gustatu izan zait eguerdia. Bakoitzak bere interpretazioak egingo dizkio joera horri, baina nire ustez, parranda luzeak gustatzen zaizkigulako da. Eguerdian etortzearen alde ona horixe da; parranda luzatzeko aukera ematen duela.
Zein berezitasun azpimarratuko zenioke aurtengo sagardoari?
M.Z: Uzta, orokorrean, oso freskoa eta frutatsua atera da. Beraz, nire iritziz, sagardo ona atera da. Lehengo urtekoa baino sendoagoa da, gustu aldetik zabalagoa. Zaporez sagardo ederra da, eta koloreari dagokionez, lehengo urtean baino ilunagoa. Kolore polita du: lasto kolore sendokoa baita, gure etxekoa behintzat.
Urtero-urtero jo eta ke aritzen zarete lanean sagardotegia aurrera ateratzeko…
M.Z: Bai, ez dugu aspertzeko betarik. Sagardo denboraldian soilik irekitzen dugun arren, urte osoko lana eskatzen du. Sagardoa egiteak bere prozesua du, sagarrak biltzetik botilatan sartzeraino. Izan ere, azken pauso horiek ere garrantzitsuak dira; ia sagardo gehiena botilatan saltzen dugulako. Sagastiak zaintzen, banaketak egiten… Horiek ere bere lana badaukate.