Larraulgo Ostatua itxura eta eskaintza berriztatuarekin

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko ots. 4a, 01:00

Alex Simon eta Elizabeth Jofrek hartu dute Larraulgo Ostatuaren ardura. Berrikuntza ugari egin dituzte herritarrei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko asmoz. 

Esperientzia polita izaten ari da oraingoz; familia giroan ekin diote negozioari eta pozarren daude. Jendearen arreta piztu nahi dute, zerbitzu ona eskainiz, herritarrak ondo sentitzeko. Ostatuari beste ikuspuntu bat emateko asmotan, berrikuntza ugari egin dituzte: musikarekin lotutako dekorazioa jarri; kafea, ardoa eta beste zenbait produktu aldatu, inportazioko zerbeza ekarri, eguneko ogia erosteko aukera eskaini, haurrentzat jolasteko txokoa jarri, ostegunetan pintxopotea jarri, gosaltzeko edo janaria etxera eramateko aukera eman, egunkaria enkarguz saldu…  

Abantaila handia izan da Elizabethen ustez aurretik bertan lan egin izana: “Herritarren gustuak eta tabernaren gabeziak ezagutzen nituen. Badakit zer gustatzen zaien eta zer ez”.  Horren harira, herritarren nahiei begirako aldaketak egin dituzte, eta negozioa erabat aldatu dutela adierazi dute. Aurrerantzean, aldaketa gehiago egiten joango dira; ideia asko dituzte buruan, baina pixkanaka joan nahi dute, oraindik hasi berriak direlako. 

 

Herritarren bilgunea

Tabernari balio erantsia eman nahi die eta herriko bilgune atsegina izatera igaro nahi dute. “Larraul herri txikia izanik, herritarrak ez dira zerbait kontsumitzera soilik etortzen; norbaitekin hitz egitera edo denbora pasatzera etortzen dira. Larrauldarren bilgunea da eta izaera hori mantendu eta indartu nahi dugu”. 

Horretarako, ekintza kulturalak antolatuko dituzte. Ipuin kontalariez gain, esate baterako, kirolaren inguruko hitzaldi bat eskainiko dute inguruko herrietako kirolariekin. “Musika kontzertuak ere lotuko ditugu. Astean zehar herria nahiko hilda egoten denez, horrelako ekintzek mugimendu apur bat sortuko dutelakoan gaude”. Horrez gain, noizean behin festa bereziak egingo dituztela aurreratu dute; babarrun jana eta zerbeza feria, besteak beste.

 

Hasiera paregabea

Ostatua ireki zutenetik, jende ugari bertaratu dela eta harrera ezin hobea jaso dutela adierazi dute. Urtarrila negozio berri bat irekitzeko hilabete zaila izanagatik ere, uste baino “askoz hobeto” hasi dira: “Zorionez, bezero ugari izan ditugu. Eguraldiak lagundu egin digu horretan, oraindik terrazan egoteko moduan gaudelako”. Mendira joaten den jendea, langileak, herritarrak eta bertako gazteak joan zaizkie gehienbat. 

Dena den, Elizabethek adierazi duenez, ahoz aho zabaltzen ari da Ostatuak berrikuntzak izan dituela, eta Larrauldik ez ezik, Asteasu eta Amasa-Villabonatik ere jende asko etorri dela ikusi du. Baita Andoain, Tolosa, Hernani eta Zarautz ingurutik ere.  

 

Familian kudeatuko dute

Familiako kide guztiak daude proiektu berri honetan inplikatuta; gurasoez gain, seme-alabak ere bertan aritzen baitira. Cristian 22 urteko gaztea eta Ignacio Juan 18 urteko nerabea izanik, aukera ederra iruditu zitzaien gurasoei  lan munduan sartzeko. “Etorkizunean beste zerbaitetan lan egingo duten arren, ikastaldi onuragarria izango zela pentsatu genuen”, aitortu du Alex Simonek. Hala, barraren atzean lanean eta jendearekin harremana izaten ikasten ari dira. 

Lan asko egiteko prest agertu dira denak eta, aurrera begira, jendea Ostatutik pozik ateratzea desio dute: “Gustura jan eta edan dezatela, une atsegina igaro dezatela eta, noski, lana izan dezagula. Denak ondo sentitzea gustatuko litzaiguke”, aitortu du Alexek. Herritarrei hurbiltzeko deia luzatu diete, guztiak gonbidatuta daudela esanez: “Etorri eta ikusi, ezagutu eta probatu eskaintza berri hau”. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!