Aurrekontu berriak plenoan onartu zituzten

Andoain ezusteko politikoen herria izan da azken hilabeteotan, baina Udal aurrekontua onartzeko plenoan aurreikusitakoa bete zen. 

Ez zen ezusterik izan, beraz, eta 2016ko Udal aurrekontu proposamena gehiengo zabal batekin onartu zen. Iragarrita zegoen bezala, EH Bildu, EAJ-PNV, Ganemos eta Irabazi alde agertu ziren. PSE-EE izan zen aurkako botoa eman zuen alderdi bakarra. Gauzak horrela, aurtengo aurrekontuak 12 aldeko botorekin eta aurkako 5 botorekin  onartu dira.

PSE-EE aurka agertu zen alderdi bakarra izanik, zer esango zuen entzuteko jakinmina zegoen. Plenoan izan zuen lehen parte hartzean urtarrilaren 22ko prentsaurrekoan agertu zituen argudio berberak errepikatu zituen. Sozialistak ez daude aurreko agintaldiaren frakasoa babesteko prest. Bilduk agintzen jarraitzen duela, eta iraganeko jokabidearengatik zigortu behar zaiela iradoki zuen Maider Lainezek. Aurrekontu berrietan bosgarren edukiontzia zehatz-mehatz agertzea eskatu zuten, eta laguntza sozialen atalean presoen senideei laguntza ematearen erabateko desadostasuna agertu zuten.

Gainerako alderdiek ere euren argudioen defentsa egin zuten. Ana Carrere alkatea izan zen gobernu taldearen izenean hitz egiten lehena. 26.953.393 euroko aurrekontuaren aurkezpenera pozik agertu zirela aitortu zuen, “hasierako proposamenetik aldaketak izan ditu baina horixe du negoziaketak: ezberdinen artean elkartu eta kasu honetan bezala, herriaren alde onena bilatzea. Prozesu honek erakutsi du elkarrizketarako gogoa eta jarrera baikorra dagoenean, Andoaingo arazo eta behar nagusienei irtenbidea emateko gaitasuna badagoela”. Akordioaren jarraipenerako markoa sortuko dutela iragarri zuen, egon daitezkee ezustekoen aurrean soluzio bateratuak emateko.
 EAJ-PNVko Marijose Izagirrek lehentasuna argia dela adierazi zuen: “Andoaindarren arazoei konponbidea ematea eta herriko erronka nagusiak soluzionatzea da lehentasuna. Ezinbestekoa da Andoainen alde lan egiteko herria maitatzea, herritarrak errespetatu, entzun eta beraien errealitatea ezagutzea”.

Ganemoseko Olga Hernandez gaixotasun bajan dagoela eta, bere aldeko botoa Irabaziko Jorge Mourinhoren esku delegatu zuen. Idatziz bidalitako adierazkena irakurri zuen azken honek, Hernandezen izenean: “Gure alderdia denen ongizatearen alde lan egitea da, eta aurrekontu proposamenaren erabat ados ez bagaude ere, aldeko botoa emango dugu guk egindako ekarpena kontutan hartu dutelako. Hain zuzen, etxegabetze arriskuan diren pertsonei babes juridikoa bermatzeko proposamena izan da guk mahai-gainean jarri duguna”.
Irabazi alderdiko Jorge Mourinhok gobernagarritasuna errazteko jokabidea erakutsi zuen, “aurrekontuak blokeatuta zeudela ikusita, zoriontzekoa da adostasuna bilatzea. Horregatik eta proposamenean kontraesanik aurkitzen ez dugulako, baiezkoaren alde egingo dugu”.
 
Lainez-Zulueta ika mika
Argudioen lehen txanda amaituta eta bozketari ekin aurretik Eh Bilduko bozeramaile Jon Zuluetaren eta PSE-EEko Maider Lainezen artean eztabaida politikoa piztu zen. Lainezek gobernu taldeari Udal aurrekontuak orain aurkeztu izana onartu zien, baina hurrengoetarako ahal dela abendurako aurkezteko gonbitea luzatu zien. Zuluetak erantzun zien PSE-EE gobernuan izan zen urteetan ez zuela sekula otsaila baino lehen aurkeztu.
Ondoren, Zuluetak sozialisten jokabidea auzitan jarri zuen. Negoziatzeko aitzakiak besterik ez zituztelako topatu. Sozialistek duten egun osoko liberazioarekin eta alderdiak duen ibilbidearekin, aurrekontua negoziatzeko beste jokabide bat espero zuela aurpegiratu zion Zuluetak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!