Podemos Ahal Dugu alderdiaren aurkezpena

Tere Santanak hitz egin zuen Andoaingo Podemos Ahal Dugu taldearen izenean. Politika mailan zegoen korrupzioari aurre egiteko eta beharra dutenen artean elkar laguntzeko asmoari helduz, alderdia martxan jartze erabaki zuela aitortu zuen.

Gazteek hori egiteko zain egon zela adierazi zuen, baina hori gertatu ezean aurrera egiteko asmoa agertu zuen. David Guirado andoaindarra Hernanin bizi da eta bertako Podemos alderdiko kide eta zinegotzia da. Andoainen alderdia abiatzeko deialdia egin zuen, eta baita laguntza eskaini ere.

Podemos alderdiak Euskadiko hedabideetako informatiboetako kazetariak Andoainera deitu zituen aurreko larunbatean, herriko taldearen aurkezpen ekitaldiari ekin aurretik. Hori dela eta, Urigain jauregiaren atarian bildu ziren Eitb, RTVE eta beste medio gehiagok Nagua Albari egun horretan bertan Madrilen burutzen ari zen sozialisten kongresuari edota Ciudadanos alderdiari buruzko galderak egin zizkioten. Aktualitate politikoari errepasoa eman aurretik honakoa adierazi zuen, euskaraz: “Andoaingo zirkuluaren sorrerara etorri gara, eta pozgarria da beti zirkulu berriak sortzea. Herritarrak eztabaidatzeko eta elkartzeko espazio bat izango da, gainera hemen bereziki garrantzitsua da guretzat lehen indarra izan ginelako abenduaren 20ko Hauteskunde Orokorretan. Eguberrien atarian, kanpaina egunetan, herritar batzuk lanean aritu ziren baina gaurkoa irekiera ekitaldi ofiziala da”.

Areto nagusira igo aurretik zehaztu zutenez, egoitza eta biltzeko egun zehatzik ez dute oraingoz. Taldearen martxaren arabera joango dira herriko taldea antolatzen. Areto nagusian Tolosako, Hernaniko edota Lasarteko zirkuluetako kideak hurbildu ziren eta baita Batzar Nagusietako ordezkariak ere. Aretoa jendez bete zen, eta tartean noski andoaindarrak zeuden.
 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!