“Aprobetxa dezagun gure kabuz sendatzeko aukera”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko ots. 3a, 01:00

Olatz Arregi billabonatarra buru-belarri ari da kinesiologiaren arloa lantzen eta garatzen.
Pertsona zaindu eta haren ongizatea bilatzen du kinesiologiak.

Nola definituko zenuke kinesiologia?

Kinesiok mugimendua esan nahi du eta logiak zientzia; mugimenduaren zientzia izango litzateke, beraz. Egia esan, hitzez azaltzea ez da erraza eta jakin nahi duenak hobe luke probatzea, baina, oro har, gizakia osatzen duten alor guztiak orekatuta mantentzen saiatzen da kinesiologia.

Guregana datorren pertsona arazoren batekin etorri ohi da beti, estresa sortzen dion egoeraren batekin: buruan bueltaka darabilen konturen bat, laneko arazoren bat, kentzea lortzen ez duen minen bat… Azken batean, estresatuta gaudenean arazoari bueltaka aritzen gara eta gure lana, estres hori kentzea izaten da helburu konkreturen bat finkatuz eta ‘hori ez bazenu, zer egingo zenuke?’ galdetuz. Helburuak txikiak dira askotan: mendira joatea edota kirola egitea, esaterako... Helburuak zehaztutakoan, pertsona testatu egiten dugu, muskulu-testa erabiliz. Test horren bidez, informazio kontziente eta subkontzientea jaso eta zer landu dezakegun jakiten dugu, funtzionaltasunari begira bezeroak aurrerapausoa eman dezan. Arazoaren arabera, denbora gehiago edo gutxiago behar izaten da. 

Behin pertsona testatuta, nola egiten duzue lan?

Arazo bakoitza lantzeko, protokolo asko dugu. Lan egiteko modu zabala, beraz. Pertsona testatu ondoren jakiten dugu zein pausorekin jarraitu behar dugun aurrera. Esaterako, hainbat teknika energetiko edo mugimendu lan ditzakegu edota emozioren bat atera eta hura lantzen ere aritzen gara. Lore esentziekin nahiz harriekin ere egiten dugu lan. 

Inoiz ez dugu aurrekoaren kontsulta berdina eskaintzen. Izan ere, pertsona ez baitago beti berdin eta arazoak ere ez baitio berdin eragiten. Pertsonon gorputza ez da beti egoera berdinean egoten eta momentuko behar horietara egokitzen dugu beti saioa. Bezeroa errespetatuz jokatzen dugu beti.

Zein onura ekar ditzake kinesiologiak?

Estres egoerei aurre egiteko bide egokia da kinesiologia. Ondo etorriko zaie kontzentrazio arazoak dituzten pertsonei, baita min muskularra arindu nahi dutenei, buruan bueltaka darabilten konturen bat edo laneko arazoren bat dutenei ere. 

Guk ez dugu diagnosirik egiten, ez diogu izenik jarriko bezeroek duten arazoari, horretarako daude medikuak edota fisioterapeutak. Kinesiologiaren bidez, estresa eragiten dioten egoerei aurre egin eta funtzionala izateko falta zaizkion errekurtso eta gaitasunak izango ditu. Bere buruaren ongizatearekin ardura hartuz, hobeto sentitzeko erreminta ezberdinak. Sendatzea norberaren esku baitago.

Zein helburu duzu zuk kinesiologiaren baitan?

Momentuz Donostian hartzen ditut bezeroak, baina noizbait Villabonan bertan kontsulta eskaintzeko aukera izatea gustatuko litzaidake. Nire helburua kinesiologiaren inguruan gehiago ikasi eta jendeari zerbitzua eskaintzen jarraitzea da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!