Errebotea indarberritzeko saiakera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko ots. 3a, 01:00

Errebotearen etorkizuna indarberritzeko helburu irmoarekin, hamar bat laguneko mahaia eratu berri da Behar Zana pilota elkartean. 

Villabonako herriak, eta Behar Zana elkarteak bereziki, lotura estua izan du pilota-jokuarekin eta batez ere Errebotea eta Joko Garbiarekin. Elkarteak, 1946an sortu zenetik, pilota-modalitate horiek bultzatu izan ditu eta ia etengabe eutsi dio jardun horri txapelketak eta partidak antolatuz, modalitate horietan jokatzen duten Gipuzkoako taldeekin eta bereziki Iparraldeko taldeekin. 

Azken urteetan, ordea, hainbat arrazoi tarteko, kirol-modu horiek pixkanaka eta etengabe gainbehera egin dute, eta esan liteke gaur egun ia desagertzear daudela. 

Egungo datuei begira:

  • Errebote eta Joko Garbian jokatzen duten 20 eta 25 urte arteko bost pilotari daude.
  • Pilota eskolalan aldian-aldian xextoarekin entrenatzen duten 6 eta 8 urte bitarteko zortzi haur daude.

Bada, desagertze hori saihestu eta errebotearen etorkizuna indarberritzeko asmoarekin, bilera egin zuten Behar Zana elkarteko kideek, kirol-modalitate horiekin nolabaiteko lotura izan duten pertsonekin nahiz kirol horiek gure herrian galdu gabe iraun dezaten nahi dutenekin.

Haize berria

Deitzaileak gustura agertu dira bilerak izandako erantzunarekin. Orain errebotean jokatzen duten gazteez gain, berriki aritutakoak nahiz lehenago aritutakoak ere gerturatu baitziren bertara eta neurri nagusi modura, errebotea biziberritzeko hamar bat laguneko mahaia eratu baitzuten. Hilabete honetan bertan abiatuko dituzte entrenamenduak eta xextoarekin aritzeko entrenatzailea ere lortu dute. Iban Agirre alkatea eta Ibon Ariznabarreta zinegotzia gerturatu ziren Udalaren izenean larunbateko bilerara eta haiek ere errebotea iraunarazteko saiakeran euren laguntza emateko prest zeudela jakinarazi zuten. Bestalde, datorren ikasturteari begira, errebotea gaztetxoen artean txertatzeko pausoak ematen hasiak dira eta lehen bilera egin dute dagoeneko ikastolako arduradunekin. “Badirudi haize freskoa datorrela eta pozik gaude abiatzera goazen bidearekin”, azaldu du Agustin Aizpurua Behar Zana elkarteko lehendakariak. Animo bada, ea Villabonako antzinako ezaugarria iraunaraztea ez ezik, indartzea ere lortzen den.

{{IMG-33979}}

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!