Noiztik hartzen duzue parte konpartsen kalejiran? 2009an hasi ginen eta geroztik urtero hartu dugu parte. Hori bai, heldu eta haurren artean, hasieran ia 60 lagun biltzen ginen. Azken urteetan gutxiago.
Nola antolatzen duzue eguna? Goizean mozorrotu eta kalera ateratzen gara lagunartean. Gero Zumeatarra elkartean biltzen gara bazkaltzeko. Elkartearen atarian edukitzen dugu karroza, arratsaldean desfilean ateratzeko. Bazkari azkarra izan ohi da, 16:30ak alderako ilaran jartzen baikara desfilean ateratzeko. Zumea plazatik abiatu eta Goikoplazaraino joaten gara kalejiran. Haurrak karrozan eta helduak oinez, musikarekin lagunduta. Egun polita izaten da. Nahikoa barre egiten dugu eta horixe da helburu nagusia; ondo pasatzea. Ibilbidearen bukaeran Goikoplazan ere festa dezentea egiten dugu.
Zein mozorro aukeratu duzue orain artean? Aurtengoa aurreratzerik bai? Lehen urtean 70eko hamarkadako Patxa diskotekako giroa irudikatu genuen. Geroztik izen hori hartu zuen gure taldeak. Punkyz edo heavyz mozorrotu gara; ezkontza edota Benidormeko turistak ere kaleratu ditugu... Iaz drag queen-ez mozorrotu ginen, Andoaingo 400. urteurrenari ospakizun kutxua emanaz. Aurten sevillarrez jantziko gara. Guk prestatzen ditugu mozorroak, denak ezberdinak. Bakoitzak nahi duen pertsonaia edo jantzia aukeratzen du gaiaren inguruan.