Kutxabank-ek Zizurkilgo kutxazain bakarra erretiratu du

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko ots. 3a, 01:00

Zizurkilgo Udalak, urtarrilaren 28an Kutxabank-ek Zizurkilen (Pasus tabernaren ondoan) duen kutxazain bakarra erretiratu zuela jakinarazi du eta gertaera horren inguruan ondorengo oharra igorri. “Erabaki hau, udalari aurrez ezer jakinarazi gabe hartu dute. 

Erabaki larria iruditzen zaigu, zizurkildarrei zerbitzu bat kentzeaz gain eta bertako komertzioa kaltetzeaz gain gure herritarrekiko eta udal honekiko errespetu falta handia suposatzen duelako”. Jarraian, Udal Gobernuak gertakari honi erantzunez emango dituen pausoak azaltzen dituen idatzia:

Zizurkilgo Udal gobernuak gogor salatu du Kutxabank-ek kutxazaina kendu izana

Zizurkilgo Udal gobernuak salaketa publikoa egin nahi du Kutxabank-en azken erabakiaren inguruan: Zizurkilen zegoen kutxazain bakarra kentzea. EH Bilduk mozioa aurkeztuko du hurrengo udalbatzak erabakian atzera egiteko eska diezaion Kutxabank-i, eta era berean, elkarrizketak abiatuko ditu zuzenean Kutxabank-eko arduradunekin. Udala prest dago alternatibak mahai gainean jartzeko.

Erabakia larria da zizurkildarrekiko errespetu falta handia erakusten duelako, 3.000 biztanleko herri batean zegoen kutxazain bakarra kenduz. Era berean, Udalarekiko errespetu falta handia da aurrez inolako jakinarazpenik ez egitea. Zizurkilen dauden zerbitzuei eutsi eta hobetzea izan izan da Udal gobernu honen nahia agintera iritsi zenetik eta erabaki hau guztiz aurkako norabidean doa, Zizurkilgo komertzioa ere kaltetuz.

Emango ditugun lehen urratsek erantzun baikorrik izan ezean, Zizurkilgo Udal gobernuak ez du baztertzen bestelako erabakiak hartzea, beti ere udalbatzaren adostasunez.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!