Mikel Iturria: “Murias-Euskadi niretzat azken trena da”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko ots. 2a, 01:00

Sakrifizioak egiten ohitua dago 23 urteko Mikel Iturria urnietarra. Egun betea izan da astelehena: Murias Euskadi taldearen aurkezpen ekitaldia, taldekideekin bazkaria, masajea… entrenatu ez duenez, goseari zigorra. Aiurrirekin jarritako hitzorduan entsalada bat bakarrik afaldu du. Txirrindulari profesional gisa bidea egiteko azken trena hartu du Jon Odriozolarekin.

Mikel Iturriak ere gauzak garbi ditu: akatsik ez, eta lana, emaitza onei esker bizikleta gainean lanean jarraitu ahal izateko. Hainbat itzulitan hamar onenen artean sailkatu nahi luke. Jarraitzeko bermea non dagoen ere badaki: “Route du Sud-en Top 5 egingo banu, egina”.

Urrian eskaini zenion elkarrizketa Aiurri-ri, artean talderik gabe zeundela. Hiru hilabete geroago baduzu, Euskadi Murias. Zer gertatu da hiruhileko horretan?
Esperantzari eutsi nion uneoro. Ordezkari baten bidez beti egon da aukeraren bat txirrindulari izaten jarraitzeko. Jon Odriozola taldeko kirol zuzendariarekin bildu ginen egun pare batean, ados jarri eta hemen nago. Abantail txiki bat baneukan. 23 urte ditut, eta Kontinental mailan taldeko txirrindularien %70a 25 urtetik beherakoa izan behar da. Euskadi Murias taldearen kasuan 14tik 10 txirrindulari. Tropeleko euskal talde bakarra da, eta kontent nago.

Mahai gainean eduki zenuen eskaintza bakarra izan al zen?
Ez. Beste bat ere bazegoen, baina hobe eskaintza horretan sobera ez pentsatzea. Aukera on bakarra Euskadi Murias taldearena izan zen.

Ospakizun berezirik egin al zenuen kontratua sinatu ostean?
Ez. Banekien zer egin nuen, zer merezi nuen, eta espero nuen egoera baten baieztapena izan zen.

Abendu hasieran sinatu zenuen. Zer egin duzu, ondoren?
Berandu hasi gara. Orbearekin berandu lortu zen akordioa, horrek arroparen etorrera ere atzeratu du, baina hasi gara, eta gaitzerdi. Pixkanaka asuntoa martxan hasi da. Datorren astean lehiaketak hasiko dira eta errepideetan barrena ibiliko gara.

14 txirrindulariko taldea osatu du Odriozolak. Zer moduz talde dinamikan?
Ondo. Gehienak ezagutzen ditut, gutxi-asko. Batzuen taldekide izan naiz, besteen entrenamendu kide… Horrek asko erraztu du harremana.

Kontinental-Profesional mailako taldea izan zitekeela esan zen, baina azkenean 3. kategorian, Kontinental mailan geratu da Euskadi Murias. Atzerapauso bat al da?
Nik sinatu nuenean jakina zen 3. maila horretan lehiatuko ginela. Jakina, Kontinental-Profesional mailan lehiatuz gero Euskal Herriko Itzulia eta Donostiako Klasikoa korrituko zuen taldeak, eta agian Espainiako Vuelta. Tira, zer dagoen asumitzen duzu, eta dagoenarekin aurrera egin. Ea aurtengo lanak etorkizun hobeagoa ekartzen digun.

Zergatik lortu duzu tokia Euskadi Murias taldean? Zergatik fitxatu zaitu Odriozolak?
Beno, 2015ean afizionatuetan, itzulietan, Espainiako txirrindulari onena izan naizela uste dut.

Hori zer da, bilbotarkeri bat?
Ez, ez. Emaitzak begiratu nahi dituenak hor daude. 6 itzulitan hiru onenen artean sailkatu naiz, eta podiumetik kanpo geratu nintzen proban 5. sailkatu nintzen. Frantzian eta Italian egun profesional diren hainbat gazterekin korritu nuen, eta orain profesionalak dira. Batek daki, antzera jarraitzen badut, agian urte batzuk barru Pro-Tour egutegiko itzuliren batean aurrean ibiliko naiz. Baliteke egoera okertzea ere, baina nire ustez orain tokia eduki behar nuen Euskadi Murias taldean.

Esan duzu Odriozolarekin bildu zarela. Zer esan dizu?
Bere asmoak zein diren esan zidan, nik nire helburuak zein izan zitezkeen, non eman dezakedan neurri onena… egutegi bat adostu dugu.

Hasi al zara lanean?
Kontratua sinatu aurretik. Banekien korritzen jarraituko nuela. Non, ze taldetan ez, baina tropelean jarraituko nuela bai.

Kontzentrazio pare bat egin dituzu Mediterraneo aldean. Taldekideekin bata, eta Giant-Alpecin taldeko kideekin bestea. Zer moduz ibili zara?
Gustura. Normalean eguraldi on eta epelaren bila jotzen dugu haruntza. Abenduan ere eguraldi ona izan genuen Euskal Herrian, entrenatzeko egokia, eta orain bi aste egin ditut Benidorm aldean. Mendate ezberdinak igo, hotelean gustura egon, gauzak ikasi…

Nolatan Giant-Alpecin taldekoekin batera?
Beno, ordezkariak hitz egin zuen beraiekin, ea posible zen, eta baiezkoa eman zuten. Han txirrindulari asko biltzen gara garai hauetan.

Neurria eman al duzu, edo haien erritmoa ezin eutsi ibili zara?
Ondo, arazorik gabe. Batzuk baino okerxeago, baina beste batzuk baino hobeto, esprinter asko baitituzte, eta ni haiek baino igotzaile hobea naiz. Oso profesionalak dira, dena antolatua dute, alemaniarrak eta holandarrak dira. Zorrotzak dira, langileak oso.

Urtebeterako sinatu duzu. Ze helburu duzu?
Benidormen denak egon ginenean finkatu genuen egutegia. Nik Odriozolari ondo non eta noiz egon nahi nuen planteatu nion, bera ere ados samar zegoen, eta helburu berak ditugunez, ba aurrera. Lasterketa guztietan lan ona egitea da asmoa, garaipenak lor ditzaketenei laguntzea, gure burua erakustea.

Egutegiaren xehetasunen bat emateko modurik bai?
Apirila, maiatza eta ekainean ibili nahi nuke ondo. Etxeko lasterketak (Zornotza eta Lizarrako Sari Nagusia), Asturiasko Itzulia, Gaztela-Leongo itzulia, gero Route du Sud Frantzian, eta abuztuan bi aukera: Burgosko Itzulia edo Portugalgoa. Ikusiko dugu.

Eta zer litzateke zuretzat denboraldia ona izatea?
Itzulietan onenen taldetxoan egotearekin, konforme. Izan liteke aurrerago edo atzeraxeago, baina onenen alboan egotea. Anbizioa hori da.

Ulertzeko moduan zer esan nahi du horrek? Hamar onenen artean sailkatzearekin bale?
Beno, ikusiko dugu. Prestakuntza nola doan eta beste, 10 onenen artean egotea txarra ez. Ibilbideak ere ez ditut aztertu zehatz, batzuk ez dira jakitera eman… Gaztela-Leon, Asturiasko Itzulia eta beste ezagutzen ditut. Tamainako itzulietan 10 onenen artean egiten ez badut, akaso ez dut etorkizun askorik merezi txirrindularitzan, ezta?

Postu onak dituzu jomugan,  jakin badakizu ez zarela garailea.
Hala da, bai. Beno, uneren batean aukeraren bat sortuko da, garaipenen bat lortzeko.

Erregulartasunak errentagarritasunik ekartzen al du?
Nire ustez bai. Taldeek askotan ziurtasuna bilatzen dute, txirrindulari bat aurreko postuetan edukitzea atsegin dute. Nahiago dute sailkapen nagusietan postu on asko egiten dituen txirrindulari bat, bermea emango diena, garaipenak bilatu eta beti seigarren edo zazpigarren geratzen den txirrindularia baino. Gainera, erregularra bazara, eta aurrean ibiltzeko gaitasuna baduzu, lan egiteko orduan ere laguntza ona eman dezakezu. Talde gizon izateko gaitasun horrek ere laguntzen du.

Ze paper jokatuko du Mikel Iturriak Euskadi Murias taldean?
Taldeko erreferenteetako bat izan beharko nuke, beste batzuekin batera.

Talde barruan zaude, Jaurlaritzak babesa emango ote zion airean egon da luze. Nola bizi zian duzu zuk egoera, ze etorkizun sumatzen duzu?
Beno, hasiera zaila izan da, baina egoerak hobera egitea espero dugu, eta datorren urtean Euskal Herriko Itzulia korritu ahal izatea, adibidez.

Hau da zure azkeneko trena txirrindularitza ofizio izateko?
Bai, atzerapausorik ez dago dagoeneko. Bidea egiten badut, ederki, eta hala ez bada, ba lanean hasi behar zerbaitetan. Afizonatu mailara bueltatzea ezinezkoa litzateke.

Ez duzu uste, dena den, halakorik gertatuko denik, ezta?
Ez. Edo ez nuke nahi. Egoera hobetzen ari dela esango nuke. Iraganean Qatarko Itzulira joaten ziren talde asko Valentziara etorriko dira aurten, telebistak ere proba hura eskainiko du, ekonomia gero eta hobeto dagoela dirudi… hori ona da taldeak indartzeko, txirrindulariok aukera gehiago izan ditzagun.

Kontinental-profesional maila ezagutzen duzu Euskadi Fundazioan egon zinenean (2014 urtea). Zertan hobetu behar duzula uste duzu?
Jarraikortasun handiagoa lanean. Entrenatu gogor, eta etxean zaindu. Horretaz gain, eskarmentua. Urteen joan-etorrian lasterketetara ondo nola iristen ikasten duzu, lasaitasuna mantentzen bezala.

Kontinental-Profesional mailatik afizionatuetara egin zenuen atzera 2015ean, orain kontrako prozesua. Zer irabazi duzu?
Motibazioa, zalantzarik gabe. Iazko neguan gertatutakoa atzerapausoa da. Oraingoa koska bat igotzea, eta gauzak ondo egiteko, edo saiatzeko ikaragarrizko gogoa daukat.

Entsalada bat bakarrik afaldu duzu. Aspaldi Abraham Olanok esan zuen, entrenatzen ez bazuen, ez zuela jaten. Zuk gaur ez duzu entrenatu eta gutxi jan behar, ala?
Beno, taldearen aurkezpenaren ondoren bazkaria ere izan dugu. Arratsaldean arrabolean ibiltzeko asmoa nuen, baina ez dut denborarik izan… Despiste pare bat eta nahi ez duzun pisua hartzen duzu, oso kontuz ibili beharra daukagu!

Benidorm aldean Tudons mendatean ibili zarete serieak-eta egiten. Urnietan non egiten dituzu?
Test bat egin nahi dudanean tren geltokitik Xoxokaraino egiten dut, bete-betean. Serieak, aldiz, Alkizan gora, Andazarraten, Bianditz, Aritxulegi eta Agina, Jaizkibel…

Zenbat denboran igotzen zara geltokitik Xoxokaraino?
Zortzi minututik behera. 4,3 kilometro daudela uste dut, geltokitik frontoiraino. 26 edo 27 kilometro orduko batez bestekoa egiten dut.

Plater handian igotzen al duzu?
Nahi izanez gero bai, baina plater handian igota pott egingo nuke gora iritsi baino lehen. Plater txikiarekin Etzabal-berri baserrira arte, gero handia jarri eta Larburuko maldako azken metroetan berriro plater txikia.

Zer eskatuko zenioke denboraldiari?
Osasun ona eta erorketekin-eta zorte apur bat edukitzea.

Zerk bermatuko lizuke txirrindularitzan urte gehiago jarraitzeak?
Route de Sud-en lehen bosten artean sailkatzea, adibidez.

Port de Bales, Tourmalet… mendatetzar gogorrak igotzen dira itzuli horretan.
Hobeto niretzat, ondo moldatzen naiz igotzen.

Kontinental-profesional mailako txirrindulari bat ekonomikoki ondo bizi al da?
Bakoitzak jartzen dio neurria bere beharrei. Sortzen diren gastuak ordaintzeko nahikoa soldata jasotzen dudala esango dut.

Urnietako lagunek zu nonbaitera ikustera joan nahiko balute, zer gomendatuko zenieke?
Ba Portugal, joaten banaiz, edo Burgos. Gertu dago. Lizarrako Sari Nagusia bezala. Pirinioak ere, Route du Sud itzulian. Bales edo Tourmalet hiru ordura daude.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!