Bizitza osoa Donostiako San Martin plazan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko ots. 2a, 01:00

Oztaran auzoko Aritzalde baserrian jaio zen Pili Urreaga Izagirre 1940ko martxoaren bostean. Gaztetxo zelarik hasi zen amari lagunduz, Donostiako San Martin merkatura, etxeko barazkiak saltzera joaten. Behin Pagua baserrira ezkonduta, urte batzuetan Hernanin esnea etxez-etxe saltzez ibili ondoren, San Martinera bueltatu zen. Bertan dirau oraindik orain.

Nola gogoratzen duzu umetako bizitza Aritzalden?
P.U.: Gure aita nik hiru urte nintuela hil zen, eta bi morroi bizi ziren etxean baserriko lanak egiteko, ama berriz, etxeko esne eta barazkiekin Donostiara joaten zen, aurrez gure amona joan izan zen modu berean.

Zer oroitzapen duzu eskola garaiaz?
Pili Urreaga: Urnietako monjetan hasi nintzen sei urterekin, eta bertan ibili nintzen hamalau urte bete nituen arte. Hogeiren bat ume ginen gelan, gehienak kaletarrak. Garai hartako eskolan izaten zen moduan, erdaraz izaten ziren klaseak, eta nik ere hantxe ikasi nuen erdara. "Cara al sol" abestarazten ziguten, eta erligioa oso presente zegoen kurtso osoan: Kredoa, sermoia, aingerutza, maiatzean amabirjinaren hilabetea...

Moja izateko tentaziorik ez al zenuen izan?
P.U.: Bazen moja bat horretan saiatu zena. Hark gure amari esaten zion "la madre ya tiene otra hija para ella, y tú para nosotras". Baina, nik ez nuen nahi.

Urte haietan ondoan zenuten Zibulio sagardotegia...
P.U.: Domingo Urreaga gure osaba oso sagardozalea zen eta Zibulioenera ezkondu zenean, bertan sagardotegia ireki zuen. Ez zuten seme-alabarik izan eta haientzat ni alaba bezala nintzen. Han aritzen nintzen entsaladak prestatzen eta abar, baita jolasten ere, baina ez Zibulioenean bakarrik, inguruko Mandazubi eta Eguzkitza baserrietakoekin ere ahaideak ginen eta denetan ibiltzen ginen. Etxean bezala.

Noiz hasi zinen etxeko barazkiekin San Martin plazara joaten?
P.U.: Umetan tarteka joaten nintzen amarekin eta izebarekin, baina batez ere zaharrago den ahizpa joaten zen. Bera haurdun geratu zenean, 18 urte nituen, eta orduan hasi nintzen egunero joaten.
Eta Pagua baserrira ezkondutakoan jarraitu zenuen...
P.U.: 24 urte nintuela ezkondu ginen. Orduan hemen ez zuten baratzarako joerarik, hemen ganadua zuten eta esnea saltzen zuten Donostiara, baina Gurelesa martxan jarritakoan, baserritarrei Donostian esnea etxez-etxe saltzea debekatu zigutenez, Hernanin hasi ginen saltzen. Asko aldatu zen egoera, Donostiako bezeroek, batek bi litro, besteak 5 litro eta horrela erosten ziguten. Hernanin berriz, batek litro erdi bat, beste batek litro bat... Hamazazpi urtetan aritu nintzen Hernanin esnea etxez-etxe banatzen.

Eta berriro, hain maitea duzun baratzera itzuli zinen?
P.U.: Bai, semeak bazuen baratzarako gogoa eta animatu nuen, eta Donostiako San Martin merkatuan postu bat erosi eta bertan hasi nintzen berriro saltzen. Orain, semeak darama bertako martxa, bera joaten da egunero, eta ni soilik egun batzuetan.

Nolakoa izan da San Martin merkatu plazaren eboluzioa?
P.U.: Haur nintzela hango bazter guztiak baserritarren postuz josita zeuden, eta orain hogei postu gaude, horietatik bost Urnietakoak gainera. Gehiengoa gara. Orduan gehiago saltzen zen, Donostiako dendariek ere guri erosten baitziguten generoa. Orain zailagoa da salmenta, jendeak sukaldean lanean aritzeko gogo gutxiago duelako. Horri aurre egiteko, saiatzen gara lana errazten eta horretarako barazkiak txikituta poltsatan jartzen dizkiegu. Plaza berari dagokionez, duela hamar urteko obrarekin erabateko aldaketa izan zuen. Ordurako jada zahartua eta nahiko zikina ere bazegoen, orain, neguan kalefazioa eta udan haize egokitua daukagu, nahiz eta batzuetan kaltetarako izan, guk goizean eramandako barazki freskoak eguerdirako zimeltzen direlako.

Zu entzunda badirudi berritzeko obrak plazaren xarma ere eraman zutela?
P.U.: Bai, orain ez baita baserritarren ohiko plaza bat, baizik eta baserritarren postuak ere badauden komertzial gune bat. Hala ere, Bretxakoek baino hobeto gaude, haiek kalean daude eta eguraldi txarraren eraginak sufrituz.

Garestia al da bertan postu bat edukitzea?
P.U.: Baserritarren postuak dira plazako merkeenak, hilean 250 euro ordaintzen dugu.

Nolakoa izaten dira plazara joaten zaren goizak?
P.U.: Goizeko zazpietarako joaten gara semea eta biok. Semea geratzen da postua antolatzen eta ni, bitartean, Kontxatik barrena Aquariumeraino paseoan joaten naiz. Udan Kontxako hondartzara jaitsi eta punta batetik bestera ibiltzen naiz hankutsik uretatik. Mesede egiten dit. Ondoren, postua zortziretan irekitzen dugu, ordubiak arte.

Nortzuk dira zuen bezeroak?
P.U.: Batez ere, Donostiako erdiguneko biztanleak, nahiz eta plazan bertan dagoen lurrazpiko aparkalekuari esker, beste lekuetakoak ere inguratzen diren.

Turistak etortzen dira erostera?
P.U.: Bai, kataluniarrak asko, baita madrildarrak ere. Oporren bukaera aldera etortzen dira etxera eramateko produktuak erosten dizkigute: babarrunak, ilarra, errezil sagarrak...

Eta gazteak?
P.U.: Normalean larunbatetan agertzen dira, zerbait berezixeagoaren bila. Produktu makrobiotikoak ere edukitzen baititugu.

Noiz arte jarraituko duzu?
P.U.: Osasunak laguntzen didan arte. Hara joateak, bezeroekin eta inguruko postuetakoekin egoteak bizia ematen dit.
 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!