Kaldereroen etorrera, ostiralean hasita

Kaldereroen bi konpartsa iragarri dituzte aurten Andoainen, azken urteetan egin bezalaxe.

 Mozorrez lagunduta, zartagin hotsak Andoaingo kaleetara zabalduko dituzte. Jai giroa somatzen hasiko da orduan, inauterien etorrera iragartzen baitute.
Urtarrilaren 29an (ostirala), arratsaldeko 15:30ean Ondarreta ikastetxeko jolastokitik irtengo da kaldereroen konpartsa. Ikastetxe horretako haur, irakasle eta gurasoek hartuko dute parte. Zumea plazarainoko joan etorri egingo dute, Ondarretako jolastokian bertan kanpaldia kokatuz.
Biharamunean, larunbatarekin, Ontza elkartetik irtengo da bigarrengo konpartsa. Zahar egoitzara abiatuko da taldea, 17:00ak aldera bertan bizi diren herritarrei bisita egin eta gero. Ondoren, ohiko ibilbideari ekingo diote Andoaingo kaleetan zehar. Goikoplazara 17:45ak aldera iristeko asmoa daukate; bertan kanpaldia antolatzeko. Joxe Mari Oiartzabal musikariaren gidaritzapean jardungo dute guztiek ere; musika, berriz, Gora Kale Txiki txarangak jarriko du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!