Lehenik, Udalak dituen misioak, bisioak eta balioak azaldu zituen Mikel Pagola alkateak. Hala, argi azpimarratu zuen urnietarren bizi-kalitatea hobetzen jarraitzea dela gobernu taldearen erronka nagusia: “Ondorengoa nahi dugu: Urnieta euskaldun bat; parte hartzea eta ekintzailetasuna sustatzen dituen herria izatea; bakearen, bizikidetzaren eta adiskidetzaren kultura sustatzen duen herria izatea; ingurumena zaintzen dituen herria izatea; eta herri irisgarriago, erosoago, jasangarriago eta atseginagoa izatea”. Horretarako, Udalak zenbait balio beregain hartuko dituela hitz eman zuen; gertutasuna, zintzotasuna, gardentasuna, eta elkartasuna, besteak beste.
Ondoren, Legegintzaldi planak biltzen dituen arloak eta helburuak azaldu zituzten, Udalaren antolaketa herritarrek ezagutu zezaten. Gaur egun, Udala hiru arlo nagusitan banatuta dago: Antolakuntza, Herritargoa eta Lurraldea. Honenbestez, zinegotziek banan-banan, bakoitzak beteko dituen arduren xehetasunak eta helburu estrategikoak azaldu zituzten.
Antolakuntza saila
Idazkaritza eta Kontu-Hartzailetza sailek osatzen dute arlo hau. Legintzaldi honetarako dituen helburuen artean, gardentasunari garrantzia emanez, parte-hartzea indartzea eta herritarrekin komunikazio aktiborako eredu berria ezartzea daude. “Komunikazioa indartzea da gure asmoa, baina ez zentzu bakarrekoa soilik. Komunikazioa bi norabideetan indartu nahi dugu, herritarrei parte hartzeko aukera emanez”, azaldu zuen Maribel Vaquerok. Horrez gain, prebentzioan, formakuntzan, informatika arloan eta eskualde mailako agentzian lanean ari direla iragarri zuen Juan Luis Goikoetxeak.
Herritargoa saila
Arlo honek Gizarte Ekintza, Gizarte Sustapena eta Garapen Pertsonala, eta Udaltzaingoa biltzen ditu. Miren Martiarenak adierazi zuenez, herritarrei lotutako gaiak lantzen dituzte: justizia eta berdintasuna, adineko pertsonen eta ezintasunen bat dutenen bizi kalitatea, adingabekoen babesa, transporte zerbitzua, prebentzioa arlo pertsonalean… Baita bizikidetza, kiroleko eta euskarari lotutako gaiak ere. Sail honetan, beraz, gai horien guztien normalizazioan lan egingo dute David Rosco, Miren Martiarena eta Maribel Vaquero zinegotziek.
Lurralde saila
Arlo hau Hirigintza sailari dagokio eta honako helburuak ditu etorkizunera begira: Udal azpiegituren hobekuntza bultzatzea, irisgarritasuna indartzea, Udal ondareari indarra ematea, hondakinen gaikako bilketa indartzea eta Urnieta lurralde atsegin eta iraukorra izan dadin pausuak ematea.