Pilota jaialdia eta omenaldia Pedro Mari Ugalderi

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko ots. 2a, 01:00

Datorren urtarrilaren 31n, goizeko 11:00tan hasita, Pedro Mari Ugalde zenaren omenezko pilota jaialdia burutuko da Villabonako Bearzana pilotalekuan, Behar Zana elkarteko pilota sailak antolatuta. Pedro Mari Ugalde pilotari zenari, omenaldia eskainiko zaio bere heriotzaren 20. Urteurrenean. 1998an, Behar Zana elkarteko Ohorezko Bazkide izendatu zen:

Pedro Mari Ugalde 1996ko urtarrilaren 21ean  hil zen, igandez, gehien maite zuena eginez: pilotan jokatuz. 47 urte zituen orduan eta oraindik ere pilotan jokatzen zuen.  Bere azken pilotakadak Irurako trinketean eman zituen Gipuzkoako trinketeko txapelketa jokatzen ari zela Salaberria zizurkildarra lagun zuela eta Azpiroz eta Aizpurua oiartzuarrak aurkari zituela.

Igandeko pilota jaialdi-omenaldia hiru ekiltaldiz osatuko da. Goizeko 11:00tan nesken arteko pala partida izango da. Bertan inguruko palista gazte onenak ariko dira; alde batetik, Asteasuko Irati Otaegi eta Zizurkilgo Janire San Sebastian eta bestetik, Itxaso Erasun eta Anne Maiza zizurkildarrak. Azken hau, Behar Zanako pilotari izana eta egungo pala arloko irakaslea da.

Partida erakargarri hori amaitu ostean, 12:00ak inguruan Pedro Mariren familiari omenaldi xumea egingo zaio.

Eta jaialdiari amaiera emateko, egungo eskuzko lau pilotari onenen arteko pilota partidaz gozatu ahal izango da. Zizurkilgo Peru Labaka eta Azpeitiko Murgiongo, Albizturgo Eneko Labaka eta Zizurkilgo Erasunen aurka lehiatuko dira. Peru eta Erasun, jaialdiko antolatzaile den Behar Zanako pilotariak izanak dira.

Pilota maitatu eta Behar Zanako kamiseta defendatu zuenari omenaldi xume eta beroa egin nahi diote. Jaialdian bertan pilota zale eta Ugalderen lagunek ez dute huts egingo.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!